Lan gatazkak. Trenasa

Trenasako langileek susmo txarra hartu diote enpresa ixteari

Inbertsio berriak egin izanak berriro irekitzeko aukera dagoela sinetsarazi die. Gaurko deitua zuten manifestazioa atzeratu dute

Trenasaren aurrealdea, Castejonen. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Atzo bete zuten astebete greba mugagabean Trenasa enpresako langileek, Castejonen (Nafarroa). Horren bidez, enpresa ixteko eta 110 langileak kalean uzteko iragarpena salatu nahi dute. CAF taldearen adar bat da Castejongo lantegia, eta azken urteetan diru galera handiak eragin dizkiola argudiatu du Beasaingo konpainiak itxiera justifikatzeko. Azalpen horrekin ez dute bat egin Trenasan aritzen diren sindikatuek, eta manifestazio bat antolatu zuten gaurko, Castejonen bertan, Trenasa ez itxi lelopean. Azken unean, baina, hilaren 24raatzeratu dute, Erriberako herri horretan neurri bereziak hartu dituztelako COVID-19ari aurre egiteko.

Miguel Angel Molina langile batzordeko lehendakariak (CCOO) salatu du ematen ez dizkieten arrazoiak daudela itxieraren atzean. Azken urteetan diru galerak egon litezkeela onartu du, baina CAFek agintzen dizkion lanen ondorio direla nabarmendu du: «Lehen lau urteetan, proiektu handiak iristen ziren hona, baina, geroztik, proiektu txikiagoak egin ditugu, produkzio ordu askoko lana eskatzen zutenak, eta horien ordainsaria ez dugu guk jaso». Molinak kontatu duenez, bertze planta batzuetan ekoizteko prototipoak egiten ibili dira azken urteetan. Horren ondorioz, lana bai, baina diru sarrerarik ez da iritsi Trenasara.

Alta, itxieraren atzean bertze arrazoi batzuk egon daitezkeensusmoa ere badu Molinak: «CAF Renferen milioika euroko kontratu baten zain dago, eta Trenasaren itxiera lizitazio hori lortzeko erabiltzen ari direla entzun dugu».

Antzeko susmoak dituztela aipatu du Oscar Rodriguez LABeko ordezkariak ere, eta bertze auzi bat paratu du mahai gainean: Trenasa, marka gisa. erreta dagoela. «Ireki zutenetik, arazoak izan ditu Trenasak Castejonenen: Interneten bilaketa bat eginda, gauza negatiboak bakarrik azaltzen dira. Nola ziurtatu dezakegu orain itxi eta hemendik hilabete batzuetara ez dutela bertze marka edo izen batekin irekiko?». Molinak ere aukera hori dagoela uste du: «Ez dakigu hau tranpa bat ez ote den eta sei hilabete barru ez ote duten berriz ere irekiko».

Inbertsio berriak

Susmo horiek indartzeko, arrasto batzuk dituzte langileek. Izan ere, azken hilabeteetan hainbat berrikuntza egin dituzte Castejongo lantegian, eta horiek behin ere erabili gabe itxiko dute. «Trenbide berri bat egin dute, muntatzeko lekua egokitu berri dute, eta pintatzeko kabina berri bat ere eraiki dute; oraintxe ari dira lanak bukatzen», erran du Molinak. Bide beretik mintzatu da Rodriguez ere: «Sekulako kontraesanak daude egiten eta erraten dutenaren artean. Izan ere, arazo ekonomikoak badituzu, nolatan egiten duzu horrelako inbertsio handia?».

Langile batzordea eta zuzendaritza negoziatzen ari dira. Bi bilera egin dituzte, baina akordioa urrun dago. Enpresa prest azaldu da lan egindako urte bakoitzeko 30 eguneko soldata ordaintzeko eta langileen erdiak aldi baterako laneko enpresa baten bidez bertze lan batean ezartzeko. Langile talde handi bat urriaren 31n kaleratu nahi du enpresak, eta gelditzen direnak, abenduaren 31n.

Sindikatuek, ordea, ez dituzte oraingoz kaleratzearen baldintzak negoziatu nahi. «Enpresak akordio ekonomiko on bat lortu nahi du, baina guk argi diogu enpresa bideragarria dela, langile kualifikatuak garela, eta CAFentzat ezin badugu lanik egin bertze enpresa batentzat lan egin dezakegula», azaldu du Molinak. Hala, industrializazio prozesuak egiten dituen enpresa baten esku hartzea eskatu dute langileek. «Ez ditzatela 110 pertsona kalera bota: bertzelako lanak bila ditzatela».

Gatazkara ohituta

2007tik, Trenasa ireki zutenetik, etengabeko lan gatazkan izan dira. Hamahiru urtean zazpi erregulazio espediente onartu dituzte, eta, egun, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean daude langileak. Horrek greba baldintzatu duela kontatu du Rodriguezek: «Lan erregulazioan dauden langileak piketeak egiten ari dira enpresaren kanpoaldean. Horrek badakigu lana baldintzatu duela, presioak jasotzen ari direlako. Bertze aukerarik geratzen ez den arte horrela jarraituko dugu, hilabeteko greba ezin dugulako ekonomikoki sustengatu».

Hemendik aitzinera ere borrokan jarraituko dutela argi dute langileek. Asteazkenean, Nafarroako Parlamentuan izango dira Ezkerrak deituta, eta, 21ean, CAFen Beasaingo egoitza nagusira joango dira protesta egitera. Argi diote beren lanpostuak defendatzen jarraituko dutela: «Azken egunera arte borrokatuko gara dugun indar denarekin, gure lanpostuagatik ez ezik gure duintasunagatik ere borrokan ari garelako», nabarmendu du Rodriguezek. «Borrokan jarraituko dugu: itxiera ez den bertze alternatiba bat behar behar du honek», Molinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.