Euskararen kontrako erasoak. Erantzuna

Kalera, epaileei erantzutera

Azaroaren 4an manifestatzera deitu du Euskalgintzaren Kontseiluak, euskara eskakizunen aurkako«oldarraldi judiziala» salatzeko. Bizikidetza «auzitan» dagoela adierazi dute

Bilboko Kafe Antzokian egin zuten agerraldi jendetsua. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Edu Lartzanguren - Javi West Larrañaga
Bilbo
2023ko maiatzaren 11
00:00
Entzun

«Oldarraldi judiziala» euskararen normalizazioaren aurka. Halaxe deskribatu du Euskalgintzaren Kontseiluak aspaldion Espainiako Justiziak epaitegietan euskara eskakizunen aurka ateratako ebazpen sorta. Herritarren hizkuntza eskubideak arriskuan daudela iritzita, manifestaziora deitu dute epai horien kontra egiteko, azaroaren 4rako, Bilbon. Atzo eman zuten deialdiaren berri, Bilboko Kafe Antzokian egindako agerraldi jendetsu batean, «milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna baitago auzitan, eta harekin batera berdintasuna, justizia eta kohesio soziala». «Funtsean, bizikidetza», zehaztu zuen.

Idurre Eskisabel Kontseiluaren idazkari nagusiak irakurri zuen Maiatzaren 10eko adierazpena, eta, haren berbetan, auzitegien ebazpenok «euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra» egiten dute. Kontseilukoek «gero eta argiago» daukate ez direla «kasuan kasuko ebazpenak», baizik eta «oldarraldi judizial» bat. «Euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa [da]», adierazi du.

Euskara eskakizunen aurkako agerpen mediatikoak eta politikoak «aspalditik ezagunak» zirela esan du Eskisabelek, baina azken boladan «gordinduz» joan direla, «bereziki alor judizialekoak». Gainera, nabarmendu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lau biztanletik hiruk uste dutela langile publikoek euskaraz jakin behar dutela, eta, hortaz, epaileak «hizkuntza politika» egiten ari direla «kontsentsu zabal» baten aurka, «horretarako eskumena duen botere legegilearen gainetik».

Kontseiluko idazkari nagusiak esan duenez, kezka handiz bizi dute kontua, Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan «indartzen ari den joera bat delako». Aldi berean, «Euskal Herritik harago, Espainiako eta Frantziako estatuetako beste hizkuntza gutxituen eremuetan ere gertatzen ari da», gehitu du. Izan ere, asteon jakin da Frantziako Justiziak herriko etxeetako osoko bilkuretan katalana erabiltzea debekatu diela Ipar Kataluniako bost udali, «frantsesaren nagusitasuna» zalantzan jartzen duelako.

Ikusi gehiago:Hainbat eragilek eta norbanakok bat egin dute Kontseiluarekin

Horrez gain, gogora ekarri dute «udaletan ordezkaritzarik ez duen alderdi batek» helegitea jarri diola EAEko Udal Legeari. Azaldu dutenez, «toki erakundeek beren jarduerak euskaraz egitea ahalbidetzen» du legeak, eta, helegitearen ondorioz, EAEko Justizia Auzitegiko Administrazioko Auzien Salak legearen konstituzionaltasuna ebazteko eskatu dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalari.

Testuinguruak «ia-ia 40 urte atzera» eramaten dituela adierazi du Eskisabelek, «oso iraganeko agertokietara». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «oldarraldi mediatiko luze baten» ondorioz sortutako «irudikapenak» deitoratu ditu. «Badago beharbada uste sozial bat jendeari pentsarazten diona edozein administrazio publikotan lan egiteko, postua edozein delarik ere, euskara jakitea ezinbestekoa dela, eta ia-ia euskaltzain baten mailan egin behar dela», esan du. «Baina, ikusten baditugu administrazio eta erakunde bakoitzaren lanpostuen zerrendako hizkuntza eskakizunak, ikusiko dugu hori oso urruti dagoela egiatik». Eskisabelek zehaztu du lekuan-lekuan Espainiako Auzitegi Konstituzionalak abala emandako indize bat erabiltzen dela, udalerri eta eremu bakoitzari egokitzen zaiona.

Esplikatu duenez, euskalgintzaren ikuspegitik, indizea «eztabaidagarria» da. «Neurri kontserbadore bat da, momentuko errealitateari eusten diona, eta ez da, inola ere, aukera eta palanka euskalduntzean aurrera egiteko, ez duelako kontuan hartzen belaunaldi gazteen euskara ezagutza askoz handiagoa dela». «Gutxi» iruditzen zaie euskalgintzako eragileei; eta, hala ere, hori da jokoan dagoena.

Osagarriak, ez kontrajarriak

Ebazpenen atzean «premisa faltsu bat» ikusten du Kontseiluak. Erakundearen ustez, lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak «kontrajarri» nahi izan dituzte. «Oldarraldi honi erantzunez, epaien jomugan izan diren langile eta herritarren protestek agerian utzi duten bezala, elkar osatzen duten eskubideak dira, inola ere ez kontrajarriak»,

Besteak beste, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek babestu dute deialdia, baita AEK-k, Eusko Ikaskuntzak, UEMAk eta UEUk ere. Horiez gain, abokatuak, juristak, kazetariak, akademikoak eta euskalgintzako kideak ere batu zaizkie.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.