Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Lehendakarigaiak. Idoia Mendia. PSE-EEren lehendakarigaia

«Guk bermatzen ditugu politika progresistak»

Mendia gustura dago EAJrekin osatu duten Jaurlaritzaren lanaz, iritzi baitio ezkerreko politikak egin dituztela. Eta gobernu «zentratu bat» izan dutela ere nabarmendu du.

enekoitz esnaola
Bilbo
2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun

Martxoan ospitaleratuta egon zen koronabirusagatik; itxialdia hasi eta astebete pasara. Lau egunez eduki zuten erietxean. Azterketa medikoaren ostean, esan zioten bizpahiru aste zeramatzala COVID-19arekin. Burutik ez zitzaion pasatu hautagaitza arriskuan zeukanik. Bigarrenez aurkeztuko da Jaurlaritzako lehendakari izateko. Idoia Mendia da (Bilbo, 1965), PSE-EEren hautagaia.

[YouTube]https://youtu.be/kA2SkexT5hg[/YouTube]

Ba al daude baldintzak hauteskundeak normal egiteko?

Bai. Tabernetara joan ahal bagara, joan ahal gara bozkatzera. Gainera, neurri guztiak jarriko dira.

Koronabirusak astindu ederra eman dio gure bizimoduari. CIAren paperek politika ere astindu dute. Zuek isilik egon zarete.

Gu ez gara inoiz isilik egon. GALi, ETAri eta edozein erakunde terroristari buruzko gure adierazpenak beti oso argiak izan dira. [EAEko] Biktimen Legean GALekoak badaude. Egia da lan gehiago egin behar dela haien aitortzarako.

CIAren paperetan izen jakin bat atera da: Felipe Gonzalezena.

Nahikoa harrituta nago horrelako paperei orain garrantzia emateagatik, ezagunak baitziren, eta paper zaharrak dira. Ez da ikerketa batzorderik behar. Egin behar duguna da biktimei aitorpena, egia eta justizia ematea.

Itxitzat jotzen al duzu GALena?

Justiziak ikertu zuen, eta ondo, eta ez zuen ezer aurkitu Felipe Gonzalezi buruz. PSOEren ibilbide demokratikoaren aurkako estrategia bat dago hemen.

Noren estrategia litzateke?

Eskuinaren eta eskuin muturrarena. Eta hori oso ondo etorri zaie ezker abertzaleari, Sortuko arduradunei eta, batez ere, EH Bildukoei. EH Bildu da terrorismoa gaitzesten ez duen bakarra. Ez soilik orain eta etorkizunean, iraganean ere hiltzea injustua izan zen.

Patxi Ruiz euskal presoaren aferan zure kontrako akusazioak egin zituzten, eta etxeko ataria margotu. EH Bilduren aldetik babesik sentitu al zenuen?

Haien mezuak jaso nituen.

Kide esanguratsuek bidaliak?

Bai. Baina EH Bilduri ausardia falta izan zaio gaitzesteko. Euskadin terrorismoa, hilketak eta mehatxuak izan ditugu, eta balio berezia du horrelako ekintzak gaitzesteak eta alderdi guztiek esateak.

Pintaketa horietan euskal preso baten egoera ere salatu dute, eta amnistia eskatu ere bai.

Portaera eta ekintza batzuekin mezua estaltzen baldin bada, ez da helburua lortzen.

Auziaz zer diozu, ordea?

Denok bilatu beharko genuke presoen gizarteratzea. Preso asko ari dira legearen barruan pausoak ematen, gizarteratze prozesua betetzen, eta Euskadira hurbiltzen ari dira preso asko.

Grande-Marlaska Barne ministroak zer kontatzen dizue?

Espainiako Gobernuak garbi du ez duela bidezidorrik egon behar espetxe politikan gizarteratze prozesua ondo egiteko, eta, batez ere, Euskadin elkarbizitza lantzeko. Niretzat, garrantzitsuena da presoak kalera irteten direnean, eta irtengo dira denak, uler dezatela Euskadi plurala dela eta elkar errespetatu beharko garela.

ETAk 2011n utzi zuen jarduera armatua, 2018an desegin zen. Oraindik ia 250 euskal preso daude, eta, esaterako, Euskal Herrian dozena erdi bat baino ez daude, eta %75, lehen graduan.

Guk beti defenditu dugu presoen hurbilketa, eta horrek erraztu egiten du gizarteratze prozesua.

Legedia betetzeko, gutxienez bigarren graduan egon behar da.

Nik uste dut Barne Ministerioa eta presoen kolektiboa, edo presoak indibidualki, prozedura aldatzen ari direla. Presoak iraganari buruz halako begirada kritiko bat egiten ari dira, eta gradu aldetik eboluzionatzen. Eta gizarteratze prozesua beti indibiduala da.

Guztiok al gara legearen aurrean berdinak?

Hala izan behar gara.

GALen kasuan, Barrionuevo eta Vera indultatu egin zituen Espainiako Gobernuak.

Eta nik beti adierazi dut indultu haiek oso injustuak izan zirela.

EAJrekin eroso al zaudete Jaurlaritzan gobernatzen?

Legealdiaren balorazioa ona da. Euskadi hobe bat izan dugu koronabirusa etorri arte. Langabezia %10etik jaitsi zen. Soldata duintasuna lortzea, eta soldata arrakalari edota iruzur laboralari aurre egitea ziren gure taldearen helburuak, eta emaitza onak lortu ditugu. Ezkerreko politikak egiten badira, gu beti eroso egongo gara.

Gobernu progresista izan al da?

Politika progresistak egin dira.

Gorrotxategik PSE-EE, EP eta EH Bilduren arteko gobernua eratzeko eskatzen du. Posible?

Ez dakit Ahal Dugu progresista den ala ez.

Zergatik diozu hori?

Euskadin esaten zuen ez zela ez ezkerrekoa eta ez eskumakoa, eta orain dio ezker erabilgarria dela. Legealdi osoa egin du akordiorik lortu gabe, eta azken txanpan aurrekontuetakoa egin zuen, baina hori lortu zuen idazkari nagusia [Lander Martinez] kendu egin dute, eta zuzendaritza ere bai.

Baina posible ikusten al duzu hiruko gobernu hori?

Politikak ez ezik, oinarri etiko bat ere partekatu behar duzu gobernu batean, eta, tamalez, EH Bildurekin oraindik ez dugu partekatzen hori. Baina hemen badago beste alternatiba bat: gobernu abertzalea, EAJ eta EH Bildurena.

Bai?

Haiek ez dute ezer esan horri buruz: ez baietzik, ez ezetzik.

Ez du ematen posible denik.

Ikusiko. Egia dena da beste gobernu mota guztietarako alderdi sozialista beharrezkoa dela. Zentroan gaude. Eta guk bermatzen ditugu politika progresistak.

Zuen alderdiko aurreko arduradunak, Jesus Egigurenek, otsailean BERRIAri azaldu zion 2023ko udal hauteskundeen ondoren hasiko direla PSE-EE eta EH Bildu udal batzuetan akordioak egiten. Aukerarik ikusten?

Etorkizuna ez dago idatzita.

(Idoia Mendia, ekainaren 23an, Bilbon. MARISOL RAMIREZ, FOKU)

Non ez zaudete eroso EAJrekin?

Publikoak dira desenkontruak.

Adibidez, fiskalitatean gehiago egin beharko al litzateke?

Akordio ona lortu zen diru sarrerak igotzeko. Horrekin, politika sozialak eta ekonomikoak egin ditugu. EH Bilduk eta EPk Araban PPren ekinbide bat babestu zuten, eta emaitza txarrak ekarri ditu.

Hauteskunde programan diozue Eusko Legebiltzarrak arautu beharko lukeela zerga sistema.

Hori da gure betiko eskaera. Gaur egungo ordenamendua errespetatuz, duela bost bat urte Lurralde Historikoen Legea aldatzeko lege proposamen bat aurkeztu nuen legebiltzarrean. Lehiakorragoak ginateke. EAJk aurka egin zuen, baita EH Bilduk ere. PPk ere bai.

Erabakitzeko eskubideaz erakutsi izan duzue desadostasun nabarmenik EAJrekin.

Orain lau urteko kanpainan nire promesarik tinkoena zera izan zen: guri emandako botoak ez nituela erabiliko erabakitzeko eskubidearen edo independentziaren alde, edo Kataluniako bideari jarraitzeko. Bete da, gobernu zentratu bat eduki dugulako benetako gaietan: sozialetan, ekonomikoetan...

EAJk Autogobernu lantaldean EH Bildurekin akordioa lortu zuenean, kolokan ikusi al zenuen gobernu koalizioa?

EAJrekin hitzarmena egitean, gobernutik kanpo utzi genuen eztabaida hori, badakigulako oso posizio ezberdinak ditugula, eta eztabaida legebiltzarrera eraman behar dela genioen. Daukagun estatutua arrakastatsua da.

Zein dira zuen baldintzak?

Berriro akordio bat egiten bada, berriro plurala izan beharko da, eta bideragarria, bestela lege horrek ez duelako ezertarako balio.

Ahotsak mugimenduan ibili zinen: bakea, inposaketarik ez, lege prozedura, erabakitakoa errespetatu eta gauzatu… Gauza bera pentsatzen al duzu?

Prozedura bati eman nion babesa nik, ez erabaki eskubideari. Beti defendatu ditut bake prozesuak, eta, Ahotsak-en lanari eta beste batzuen rolari esker, egun beste egoera bat daukagu Euskadin.

Zeuk esana: zuekin gobernuan, «nazionalismo gutxiago eta politika progresista gehiago».

Halaxe da. Gainera, inoiz baino gehiago zentratu behar gara agenda sozialean, ekonomikoan eta industrialean. Euskadik aukera ederra du krisitik ondo ateratzeko, baina asmatu egin behar dugu, eta Espainiako Gobernuarekin eta Europarekin koordinatu.

Baina, adibidez, COVID-19aren krisian Madrilgo aginte bakarrak ez al du zentralizazioa ezarri?

Aginte bakarra bateragarria zen autogobernuarekin, eta ikusi da hori. Elkarrizketaren bidetik lortu dira akordioak. Lankidetza egon da. Gainera, gure osasun sistemak erantzun ona eman du, eta, batez ere, osasun langileek. Hiritarren erantzuna ere oso serioa eta ona izan da. Horrela lortu dugu pandemia kontrolatzea.

Azpiegitura «erresilienteak» nahi dituzue, programak dakarrenez, eta jasangarritasuna ere aipatu duzue. Eta ez dituzue ezbaian jarri azpiegitura handiak.

Azpiegitura batzuk estrategikoak dira mugikortasun eta lehiakortasun aldetik. Europan ardatz mediterraneoa eta atlantikoa daude, gu bigarrengoan gaude, ardatz hori amaitu egin behar da, eta gu Lisboa, Paris eta Bruselarekin konektatu behar gara abiadura handiko trenaren bidez.

Diru asko da AHTa, eta krisian beharrizan sozialetarako sosak beharko direla diozue zuek ere.

Egia da orain diru gutxiago dugula, eta moldatu egin beharko dira inbertsio guztiak. Argi dago osasuna eta enplegua berreskuratzea dela lehentasuna.

Dirua nondik atera behar da?

Aurreko krisian Jaurlaritzan egon nintzen [2009-2012], eta argi genuen zein izan behar ziren ardatz industrialak eta ekonomikoak. Ez genuen inolako beldurrik izan zorpetzera joateko. Ondo erabilita, zorpetzeak politikak egiten jarraitzea bermatzen du.

Zaldibarko hondamendian PSE-EEk rol diskretua izan du. Urkullurengan utzi al duzue zama?

Gobernuaren ardura da hori.

Ingurumen sailburua PSE-EEko kide bat da: Iñaki Arriola.

Bai, eta gobernuak azalpen guztiak eman ditu. Eta bi kontu. Batetik, Zaldibarko zabortegia martxan ipintzeko baimena eman zenean, ardura postuan beste alderdi bat zegoen, eta udalean ere bai. Bestetik, aurtengoa jazo arte Eusko Legebiltzarrean inor ez zen arduratu zabortegiaz; ez zen galderarik egon, ez ezer.

Baina gertatu da hondamendia.

Nahiz eta legea bete den, garbi geratu da ez dela izan nahikoa.

Kontrol publikoa handitzeko legea aldatu beharko al da?

Auditoria eta ikerketa judiziala egin behar dira, eta aldatu beharko ditugu legeak. Orain lehentasuna bi gorpuak aurkitzea da. Tragedia bat da gertatutakoa.

Eta hondakinetako eredua aldatu beharko al da?

Eztabaida bat izan behar dugu. Ezin da merkeagoa izan isuriak egitea balorizatzea baino.

Bost talde nagusietako eta Equo Berdeetako lehendakarigaiak euskaldunak zarete.

Ona da hori. Herri elebidun batean bizi gara.

Bilbon gaude. Oso-oso gutxi entzuten da euskara hemen.

Nik baldin badakit norbait euskalduna dela, euskaraz egiten diot hari. Adibidez, ni joaten naizen harategikoari; Elorriokoa da.

Gaztetxo eta gazteek badakite.

Baina ez dute erabiltzen.

Zuk uste horrek erakusten duela oraindik ere hizkuntza politika indartsuagoa behar dela?

Argi dago ez dugula asmatu.

Zertan ez da asmatu zehazki?

Egun erronka ez da euskararen ezagutza. Hori lortu da hezkuntza sistemaren eta nagusien euskalduntze prozesuaren bitartez, baina kaleko giroa erdalduna da.

Eta diozu «hezkuntza sistemaren erronka ingelesa» dela. Euskararen egoera nolakoa den ikusita, oraindik ez al da apustu nagusia?

Euskararen erronka erabilpena da, dakitenek erabil dezaten. Hezkuntzaren erronka ingelesa da, hori baita enplegurako datorkigun lanabesa. Gure umeek ingelesez ez badakite, berdintasunik ezaren beste faktore bat izango da.

BESTE ELKARRIZKETAK:
Jose Ramon Becerra (Equo Berdeak)
Miren Gorrotxategi (Elkarrekin Podemos)
Maddalen Iriarte (EH Bildu)
Iñigo Urkullu (EAJ)
Oharra: Carlos Iturgaizek (PP-C's) ez dio elkarrizketa eman BERRIAri

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.