Valentin Odriozola. Harakina

«Denbora izango da testigu: kaleak hutsak geldituko dira»

JUNE ROMATET IBARGUREN.
June Romatet Ibarguren.
Azpeitia
2021eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Valentin Odriozola Azpeitiko Odriozola Harategiko jabea da (1968, Urretxu, Gipuzkoa). Inbertsio handia egin behar izan du Ticket Bai dela eta: duela urte eta erdi erositako balantza aldatu behar izan baitu.

Noiz ireki zenuen harategia? Nola egin duzu lan orain arte?

22 urte nituela hasi nintzen nire kontura lanean, eta denetik pasatzea tokatu zait. Azpeitira etorri nintzenean, hiru urte pasatu nituen alokairuan, eta gero nire denda ireki nuen. 2001ean labela sortu zen, eta horren barruan sartu ginen. Konpromisoa eskatzen zuenez, tiketak ematen hasi ginen. Beraz, guk denbora asko daramagu tiketekin lan egiten.

Zer informazio jaso duzu Ogasunaren aldetik?

Garbi esanda, Ogasunak ez digu ezer esan. Kasu honetan gaizki portatu da, gu garelako lehen kaltetuak eta azkenak jakiten. Enpresa txikiak hornituko dituzten enpresa handiekin hitz egin du Ogasunak; haiekin landu du dena, eta, prest zegoenean, martxan jartzeko epeak eman dizkigu. Gure hornitzaileek esan digute guri, ez Ogasunak.

Zer material behar duzu Ticket Bai martxan jartzeko?

Niri asko gustatzen zaizkit aurrerapenak, eta, horregatik, Interneta lehenago jarria nuen. Pisu elektronikoa ere duela urte eta erdi erosi nuen, eta orain aldatu egin behar izan dut berriro; 3.300 euroko balantza. Baina Interneta kontratatzen hasi behar banu, edo instalazioetan aldaketak egiten, inbertsioa handitu egingo litzateke. Gainera, federazio batzuetatik edo komertzio ganberatik esaten dute programa erraza dela, eta hori gezurra da. Haiek ohituta daude horrelako gailuekin, baina jende askorentzat zaila izango da datorrena aplikatzea.

Zuk ezarri duzu Ticket Bai?

Eskatzen dutena jarri dut data gerturatzen ari delako, eta eskaerak pilatuko direlako. Gero eskaera handia izango da, eta enpresek ezingo diote guztiari erantzun. Beraz, ezarri beharreko eguna iritsiko da, baina denda askok ez dute prest izango, eta Ogasuna isunak jartzen hasiko da.

Uste duzu ingurukoek Ticket Bai jarriko dutela?

Ni Azpeitiko dendartean eta harakinen Ederto taldean nago, eta informazio asko daukat. Denda ugarik itxiko dute, eta kale asko hustuko dira; tristea da Ogasunak badakiela, baina ez zaiola axola. Nire ustez Ogasunak izugarrizko hanka sartzea egin du, eta denbora izango da testigu: kaleak hutsak geratuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.