Arintzen ari da egoera ospitaleetan, koronabirusak jotako gaixo gutxiago dauzkate, baina egunez egun luzatzen ari da hildakoen zerrenda. Euskal Herriko heriotzei buruzko datuak kalkulatu ditu BERRIAk, Espainiako Erregistro Zibileko eta Frantziako Estatistika Institutuko informazioa baliatuta. Datuek agerian jartzen dute koronabirusak zenbaterainoko eragina izan duen heriotzetan: martxo erditik apiril erdira, hilaren 16a erreferentzia gisa hartuta, espero baino 1.800 herritar gehiago hil dira: 2.700 itxaro, eta 4.500 hil. Tarte berean, ordea, koronabirusari buruzko datu ofizialetan 1.250 hildakoren berri eman dute erakundeek. Badago tartea: 550 hildako, %45 gehiago. Bistakoa da kopuru ofizialek zenbatutakoa baino handiagoa dela koronabirusarekin zenduen kopurua.
Ez da erraza Euskal Herriko heriotzen inguruko datuak eskuratzea. Hego Euskal Herriko datuak ematen ari da Espainiako Epidemiologia Institutua, Erregistro Zibileko informazioa oinarri hartuta: egunero zenbat lagunen heriotza erregistratu duten. Datuak ez ditu herrialdeka ematen, ordea: informazio hori eskatu du BERRIAk Espainiako Justizia Ministerioan eta Hegoaldeko epaitegietan, baina ez diote helarazi. Madril ari da datuak zentralizatzen.
Ipar Euskal Herriko datuak lortzea are nekezagoa da: heriotzen datuak aldian-aldian ari da ematen INSEE Frantziako Estatistika Institutua, baina soilik departamendukoak. BERRIAk herrikako datuak eskatu ditu —herriko etxeek ematen diote heriotzen berri estatistika institutuari—, baina ez dituzte bidali nahi izan. Hortaz, Ipar Euskal Herriko datuak lortzeko, Frantziako hileko heriotza zerrendak ustiatu ditu BERRIAk: hilean hildakoen lista egiten dute, zenduen datuekin, eta hortik atera dira martxoko eta aurreko datuak. Apirilekoak estimazioa dira —Hegoaldekoak, datu ofizialak—.
Egunez eguneko hildakoen kopuruak agerian jartzen du koronabirusaren kolpea. Martxoaren 20 bueltatik aurrera hasi zen hilen kopurua nabarmen igotzen, eta ordutik ez da ehundik jaitsi. Izan dira hortik dezente gora joandako egunak ere, martxo azkenean eta apiril hasieran batik bat.
Igoerarik ez Iparraldean
Zenbaki orokor horien azpian joera desberdinak daude, hala ere. Ipar Euskal Herriko heriotzetan ez da gorakadarik nabari INSEEren datuetan —martxokoak dira azken zenbaki ofizialak—; hortik aurrerako eboluzioaren zantzua eman dezakete Pirinio Atlantikoetako Departamenduko datuek, eta igo ez, jaitsi egin da heriotzen kopurua departamenduan. Ipar Euskal Herrian ez dago hildakoei buruzko daturik, ezta COVID-19arekin kutsatuenik ere, Frantziako Osasun Ministerioak ez dituelako ematen departamendutik beherako zenbakiak; nolanahi ere, Hegoaldekoetatik urrun daude departamenduko datu orokorrak ere, koronabirusak Iparraldean eragin txikiagoa duen seinale.
Hegoaldean, ezohiko hilkortasun datuak martxoaren 22 inguruan hasi ziren sumatzen, Espainiako Epidemiologia Institutuak azken txostenean jaso duenez. Hilabete joan da, eta ezohiko kopuruak dira oraindik —zenbaketan ez dira sartu azken egunetako datuak, informazioaren fidagarritasuna txikiagoa baita—, eta koronabirusari buruzko estatistiketan ageri direnak baino dezente handiagoak. Hara: martxoko azken astean, hilaren 23 eta 29 artean, 236 lagun hil ziren koronabirusak jota, datu ofizialen arabera; ordea, Erregistro Zibilean 958 heriotzaren berri izan zuten, espero baino 449 gehiagorena. Alegia, koronabirusarekin hildako ofizialak erantsita ere, beste 200 hildako pasa faltako lirateke. Hortik aurrerako asteetan ere gisakoa izan zen joera: koronabirusarekin lotutako hildakoen gainetik hazi zen heriotza kopurua.
Asteotan erakundeek aitortu dute datu ofizialetan hutsuneak daudela, uste baino gehiago direla koronabirusarekin hildakoak. Nafarroako Osasun kontseilari Santos Indurainek, BERRIAk galdera eginda, orain bi aste aitortu zuen datu ofizialek ziotena baino gordinagoa zela egoera: «Agerikoa da datu ofizialetan ageri diren baino heriotza gehiagok izan dezaketela lotura gaixotasun honekin». Iruñeko gobernuak pauso bat eman zuen joan den astean datuak osatzeko: zahar etxeetan zenbatu gabe zeuden heriotzak ere sartu ditu balantze ofizialetan.
Adinekoak batez ere
Izatez, adinekoen artean izan da bereziki erasokorra koronabirusa. Heriotzen datuetan argi nabari da eragina. Martxoaren 16tik apirilaren 16ra, 75 urtez gorako 3.600 lagun hil dira, espero baino 1.600 gehiago. %77ko igoera da. Gainerako multzoetan ere heriotzak esperotako kopuruen gainetik daude, baina igoera txikiagoa da, betiere adinaren arabera: 65-74 urte artean, espero baino %56 gehiago dira heriotzak, eta 64 urtetik behera, %20 gehiago. Esperotako heriotzak kalkulatzeko, aurreko urteetako kopuruak hartzen dituzte oinarri modura —Ipar Euskal Herriko kasuan, heriotzen batez bestekoa erabili du BERRIAk—. Sexuari dagokionez, heriotzen igoera handiagoa da gizonetan, nahiz eta diferentzia ez den adinaren kasuan bezain nabarmena.
Urtarrilean eta otsailean, epidemia zabaldu aurretik, esperotako heriotzen eta benetakoen artean apenas egon zen alderik: urtarrilean eta otsailean, espero baino %0,4 handiagoa, eta otsailean, %1,5 apalagoa. Martxotik aurrera nabarmena da aldea: espero baino %27 heriotza gehiago —kontuan hartuta, gainera, hilaren erditik aurrera arte ez dela igoerarik izan—. Izatez, nahiz eta martxoan hamar egunekoa izan igoera, aurreko urteetako martxoetan baino askoz handiagoa da hildakoen kopurua: 1980tik ez da inoiz 3.000 hildako baino gehiago izan, baina aurten, 3.700 pasatxo.
Apirilean are datu gordinagoak izango dira. Hara: hilaren 16rako, hilabete osorako aurreikusitako hildako kopurua iritsi da Euskal Herrian, ia 2.500 zendurekin. Eta heriotza kopurua ez da jaisten ari.
Koronabirusa
COVID-19aren datuek dioten baino 570 lagun gehiago hil dira hilabetean
Martxoaren 16tik apirilaren 16ra 4.500 lagun zendu ziren Euskal Herrian, espero baino 1.800 gehiago. Datu ofizialen arabera, aldi horretan 1.250 hil ziren koronabirusaz: %45 gehiago dira zenduak, ordea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu