Nazioarteko finantza merkatuak ataka estuan daude, eta banku zentral handienek badakite. Iragan astean, AEBetako bi bankuk hondoa jo zuten, eta, herenegun, UBSk, Suitzako bankurik handienak, Credit Suisse bigarrena xurgatu behar izan zuen Suitzako Gobernuak sustaturiko maniobra batean. Anabasa hori beldurra barreiatzeko erregai perfektua da, eta, izu hori eragozteko asmoz, munduko banku zentralik handienetako batzuek akordioa lortu dute elkarri likidezia ziurtatzeko. Are gehiago, beharko balira, elkarren arteko maileguak dolarretan izan daitezela adostu dute, ahalik eta bizkorrena egin ahal izateko.
Europako Banku Zentralak, AEBetako Erreserba Federalak, eta Ingalaterrako, Japoniako eta Suitzako bankuek oharrak kaleratu zituzten atzo goizean. Guztiek gauza bera esaten zuten: elkarri dirua uzteko bideak arinduko dituzte. Salbuespenezko akordioa da, eta astelehenean jarriko dute indarrean. Erabakiari neurria hartzeko: 2008an adostu zuten azkenekoz antzeko babes bat, krisiaren garairik gordinenean.
Credit Suissek hondoa jo izanak argi gorriak piztu zituen, eta erreakzionatzeko premia ikusi zuten. Christine Lagarde EBZko presidenteak jarri zizkion hitzak lasaitasun mezu sinboliko horri: «EBZ ondo hornituta dago finantza sistemari likidezia ziurtatzeko eta diru politikaren transmisioa bermatzeko». Alegia, behar bada dirurik ez dela faltako. Nabarmendu zuen merkatuak etengabe aztertzen ari direla, eta «behar bezala» erantzuteko prest daudela: «Euroguneko bankuek kapital ahalmen handia dute».
Lagarde arratsaldean mintzatu zen, baina banku zentralen akordioa goizean izan zen, eta Europako hainbat bankuren akzioen prezioak egun osoan zer bilakaera izan zuen ikustea baino ez dago ondorioztatzeko neurriak eragina izan zuela. Suitzako krisiak kutsatuta, jaitsiera handiak izan zituzten gehienek goizean, eta, ordu batzuk geroago, positiboan amaitu zuten.
UBS Suitzako banku eroslearen akzioen balioa, esaterako, %13 apaldu zen goizean goiz Zuricheko burtsan. Arratsalderako, aldiz, ostiralean baino %1,2 gehiago balio zuten. Deutsche Bank eta Commerzbank Alemaniako bankuek ere bestondo handia izan zuten: %10eko eta %8 jaitsierak, hurrenez hurren. Arratsalderako, baina, bien akzioak ostiraleko prezio bertsuan ziren. Italiako eta Frantziako bankuek antzeko bilakaera izan zuten. BNP Paribasek, esaterako, %6,4ko galera izan zuen goizean, eta %1,5eko igoerarekin amaitu zuen. Datuak, dena den, tentuz hartu behar dira, iragan astea beltza izan baitzen bankuentzat.
Erreskate pribatua
Credit Suissek berak ere gora egin zuen egunak aurrera egin ahala, baina harentzat ez zegoen hondamendia eragotziko zuen neurririk. Goizean, akzioen balioa %64 apaldu zen ostiralekoarekin konparatuz; amaieran, %57 inguru. Iragan ostiralean 1,86 euro balio zuten akzioak 0,76 euroan erosi zituen herenegun UBSk. Atzo goizean, berriz, 0,67 euro balio zuten, eta, arratsaldean, 0,81 euro.
Credit Suissek hondoa jo zuen iragan ostiralean, eta Suitzako Gobernuak asteburu osoan jo eta su lan egin zuen herrialdeko bankurik handienetan bigarrena desager ez zedin. Azkenean, UBSrekin akordio bat lortu zuen, hark eros zezan. 8.000 milioi euro balio zuen Credit Suissek, eta UBSk 3.300 milioi euroan erosi du. Horren truke, gobernuak 9.000 milioi euro emango dizkio aktiborik arriskutsuenekin izan dezakeen galerari aurre egiteko, eta Suitzako Bankuak 100.000 milioi euroko likidezia lerro bat hitzeman dio. UBSko buruek jada iragarri dute kaleratzeak egingo dituztela Credit Suissen. Xurgatutako bankuak 50.000 langile ditu.
Banku zentralek merkatuak lasaitu dituzte elkarri likidezia ziurtatuz
Credit Suissek porrot egin ostean adostu dute akordioa, eta banku gehienek kolpea saihestu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu