Koronabirusa

Hiru enpresatik batek ditu gaixotuak

Jaurlaritzak langileen segurtasuna «zorrozteko» eskatu die jarduna eten ez duten enpresei. Merkataritza ganberek lan galeraz ohartarazi dute

Basauriko Sidenor enpresako hiru langile, aurreko astean. MARISOL RAMIREZ/ FOKU.
jokin sagarzazu
2020ko apirilaren 4a
00:00
Entzun

COVID-19aren ondoriorik lazgarrienekin batera, gizarte eztabaida sortu da, osasunaren eta ekonomiaren artean zein lehenetsi behar den, lehenesterik baldin badago. Aste honen amaieran berrekin diote lanari Espainiako Gobernuak funtsezkotzat jo ez zituen hainbat zerbitzuk eta enpresak, zerbitzu minimoetan bada ere, zenbait erakundek —Eusko Jaurlaritzak eta patronalek, esaterako— hori eskatu ondoren. Eta horrek sindikatuak haserrearazi ditu, uste baitute langileen segurtasuna ez dagoela bermatuta.

Horren erakusle izango litzateke Gipuzkoako eta Bilboko merkataritza ganberek eman duten datua: hiru enpresatik batean gaixo agiriak jaso dituzten langileak izan dituzte, bai koronabirusak kutsatuta zeudelako, bai inguruko bat gaixotu delako eta hark ere berrogeialdia egin behar izan duelako. Jaurlaritzak protokolo berri batekin erantzun zion horri atzo, «jardueraren zati txiki bat» mantentzen duten enpresentzat; segurtasun neurri horiek «zorrotz» betetzeko eskatu zien.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak adierazi duenez, «birusaren hedapena eteteak du lehentasuna», baina, aldi berean, azpimarratu du beharrezkoa dela «eremua prestatzea», jarduera ekonomikoa ez dadin «amil» eta «ahalik eta enplegu gehien» manten dadin. Horren harira, eskertu du industria sektorearen inplikazioa, «gizartearen behar sozial eta sanitarioen zerbitzura» jarri delako.

Lehen sintomak enpresetan

Jaurlaritzak aipatutako krisiaren sintomak ere erakutsi dituzte merkataritza ganberen inkestek. Enpresek egindako salmentenean, adibidez: nazioartera esportatzen duten hamarretik seik aitortu dute %20ren galerak izan dituztela alarma egoera ezarri zenetik igarotako egunetan. Eta Bilboko ganberak ohartarazi du kopuru hori «are handiagoa» dela beste sektore batzuetan; bereziki, merkataritzan eta ostalaritzan, baina ez du datu zehatzik eman.

Bi ganberen artean 2.500ndik gora enpresa kontsultatu dituzte astebetean. Adierazi dute krisiaren ondorioak «agerikoak baino gehiago» direla, eta oso antzekoak direla bi lurraldeetan; adibidez, hamar enpresatik zazpik aitortu dute ekoizpena murriztu dutela eta eskaerak baliogabetu dituztela. Bitik batek dio hornidura eta logistika arazoak dituela.

Lan kontratuen inguruan, soilik Gipuzkoako Bazkundeak eman ditu datuak: azaldu duenez, denbora honetan, enpresen %49k aurkeztu dute enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea, eta %40k erabat gelditu behar izan dute jarduera. Halaber, hamar enpresatik lauk murriztu egin dituzte aldi baterako kontratazioak, eta %28k ez zituzten berritu martxoan amaitzen ziren lan kontratuak. Enpresen %28k soldatak ordaintzeari utzi diote.

Enpresen antolaketa neurriei buruzko datuak ere eman dituzte bi erakundeek, eta oso antzekoak biek. Hamarretik seik ordutegiak malgutzeko eta txandak mailakatzeko neurriak hartu dituzte, eta beste horrenbestek telelaneko orduak ezarri edo handitu dituzte. Halaber, bitik bat behartuta egon da bere jarduera baldintza zezakeen segurtasun ekipamendua erabiltzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.