Egutegian gorriz margotutako mobilizazio guztien ondoren sortzen den galdera bera galde dezakete atzo kalera ateratako ehunka mila lagunek: «Eta orain, zer?». Zer egin daiteke erretretaren erreforma geratzeko baldin eta orain arteko sei protesta egun arrakastatsuek ez badute beren helburua lortu? Zer gehiago egin behar da gobernua makurrarazteko?
Mobilizazio egun gehiago antolatuz erantzun du erreformaren aurkako bandera daraman sektoreak, sindikatuenak. Larunbaterako beste protesta egun batera deitu dute, baina gaur ere izango dira manifestazioak; Martxoaren 8a dela baliatuz, erreformaren galtzaile nagusiak emakumeak izan daitezkeela aldarrikatuko dute.
Baina sindikatuak honez gero ohartuko ziren zazpigarren mobilizazio egunak nekez lortuko dutela aurreko seiek lortu ez zutena. Urrunago joan behar dute, eta bizkor samar, erreforma geratzeko denbora agortzen ari zaielako. Senatuak igande honetan amaituko du eztabaida, ondoren CMP batzorde misto paritariora pasatuko da, eta gobernuak erabili dituen (legezko) trikimailuen ondoren, martxoaren 26rako bukatuko da debatea. Egun horretan parlamentuaren nolabaiteko babesa badute, atzera egiteko arrazoi gutxiago izango dituzte Emmanuel Macronek eta Frantziako Gobernuak. Kalearen legitimitatea ez dute izango, baina bai parlamentuarena, eta horri helduko diote erreformak babesa izan baduela esateko.
Kalte ekonomiari
Hortaz, hurrengo egunotan egingo denak erakutsiko du benetan zein indar duen protesta mugimenduak. Horrek ez du esan nahi orain arteko manifestazio jendetsuek ez dutela ezer lortu; orain etorriko diren ekintzetara iristeko urrats gisa har daitezke. «Ez genuen honaino iritsi nahi, baina beste erremediorik ez dugu izan», moduko bat izango dira findegien blokeatzeak, garraio publikoak erdizka ibiltzea, haurrak eskolara ezin eramatea, portuak eta aireportuak itxita egotea, industria batzuk geratzea...
Halako ekintzak antolatzen ari dira sindikatuetako adarrak, eta, irauten baldin badute eta ekonomian benetako kalte bat eragiten badute, gobernuaren erantzuna bestelakoa izango dela espero dute, horiei erantzun bat emateko presioa handituko baitzaio.
Baina, aldi berean, gobernuak badaki aukera gisa balia ditzakeela eztabaida erreformatik desbideratzeko, eta gero eta ozenago zabaltzen ari den mezua indartzeko: «Sindikatuen blokeatzeek Frantzia arriskuan jartzen dute».
Beste faktore bat gerta daitekeen indarkeria da, aho biko ezpata inon bada. Orain arte oso istilu bakanak izan dira, eta giro baketsuak erraztu egin du sindikatu moderatuagoan eta erradikalagoen arteko ezohiko batasuna. Baina ikusteko dago zer gertatuko den baldin eta suzko barrikaden, txikizioen eta Poliziaren oldarraldien irudiak nagusitzen badira. Gobernuaren tesiak indartzeko balio dezakete, baina baita Jaka Horien adibidea gogorarazteko ere: bortizkeria handia izan zen Parisen manifestarien eta polizien artean, eta Macronek erantzun egin zuen, erregaien gaineko zergaren emendatzea geratuz eta erosteko ahalmenaren aldeko neurriak hartuz.
Zailtasunak Senatuan
Kaleko lehian zer gertatuko den iragartzea zaila da, baina Senatuan gertatuko dena jada ez dago hain garbi. Eskuinari esker, eta izerdi asko bota beharko badu ere, gobernuak badauka gehiengo bat erreforma pasarazteko; baina Asanblean bezala Senatuan ere, ezkerrak milaka zuzenketa aurkeztu ditu, eta behe ganberan gertatukoa gerta daiteke goi ganberan ere: legea osorik ez bozkatzea. Egoera hori eragotzi nahi du gobernuak, legitimitatearen karta errazago jokatu ahal izateko.
ANALISIA
Orain jokatuko da protestaren geroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu