Egin diezaiokegu ihes zoriari? Eta heriotzari? Libra gaitezke iraganeko mamuez? Bere burua babesteko tiro egiten duena zer da: biktima ala biktimarioa? Eta bere burua arriskuan egon daitekeela uste duenak tiro egiten badu? Galdera existentzial horiek proposatzen dizkigu, besteak beste, Josu Zabaletak euskaratutako eta Igelak argitaratutako Gaito Gazdanov idazle errusiarraren Alexander Wolfen mamua nobelak. Galderak, eta zenbaitetan, baita erantzunak ere. Izan ere, iraganean, testuinguru beliko batean, bere burua babesteko beste bati tiro egin zion pertsonaia da protagonista nagusia obran, zeinak, bizitza osoan zehar, burututako ustezko krimenaren zama baitarama bere atzetik. Bizitzak, baina, zorrak kitatzeko bigarren aukera bat emango dio, bata bestearen atzean katramilatzen diren kasualitateei (edo patuari?) esker, iraganarekin parez pare egoteko aukera bat izango baitu. Baina, patua apetatsua da, are gehiago heriotza; hori irakatsi digu, behintzat, Bagdadeko morroiak, edo, obrak dakarren bezala, xah-ren lorezainak, eta Alexander Wolfen mamuak ere hori berori kontatzen digu: heriotza saihestu ezinezko mamua da. Hori irudikatzeko, eta, batik bat, protagonistaren iraganaren eta orainaren arteko zubiak eraikitzeko literatura da, edo, hobeto esanda, metaliteratura liburuan baliatzen den motibo nagusia. Hain zuzen ere, mise en abyme prozedura erabiliz, alegia, matrioxkek legez, istorio «txikiago» bat narrazio nagusian txertatuz, protagonistak Alexander Wolf, gerran ezagututako gizon hura, tiro egin eta hilzorian utzi zuena, bizirik dagoela deskubritzen du.
Dena den, literaturak zentraltasuna izan arren, esango nuke pertsonaiak karakterizatzeko eta euren barne-munduak testuratzeko idazleak erakutsi duen abilezia dela obraren indargunea edo xarma. Thriller psikologikotzat hartu izan den nobelak, polizia eleberrietan ez bezala, ez du errudunik edo hiltzailerik bilatu nahi, barkamena baino, pertsonaien mamuak berpiztea. Horretarako, ezinbestean, pertsonaia nagusien barne-minetan egiten du hazka narratzaileak, batzuetan erantzunak aurkituko ditu, baina, gehienetan, isiltasunak, misterioz betetako bizitzak.Eta, esango nuke misterioz betetako lotura eta isiltasun horiek direla, partez, tentsioari eta intrigari eusteko idazleak darabiltzan baliabide nagusiak.
Guztiarekin ere, obra biribil bat deskubrituko du irakurleak: biribila, hasteko, egituraren aldetik, hasten den antzera bukatzen baita, aditzera emanez patuari ezin diezaiokegula ihes egin. Biribila, bigarrenik, hasieran solteak diruditen hariak bukaeran ondo harilkatzen direlako, nahiz eta, badiren oso sinesgarri egin ez zaizkidan loturak, edo, agian, gehiago sakontzea espero nituenak: zer esan dezakegu Londresko argitaletxeko zuzendariaren eta Wolfen arteko harremanaren inguruan? Elena Nikolaievnaren eta Wolfen arteko lotura iradokitzen bada ere, non geratzen da Wolfen droga mendekotasuna? Nola heltzen da Wolf berriz Elenarengana? Eta, biribila, azkenik, itzultzailearen partetik ere, Gaito Gazdanoven kontakizuna oso modu duinean euskarara ekartzeagatik.
Alexander Wolfen mamua
Iraganeko mamuak
Idazlea: Gaito Gazdanov. Itzultzailea: Josu Zabaleta. Argitaletxea: Igela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu