Gazteen artean gero eta ezinegon handiagoa ikusten ari gara. Eguneroko bizipen bihurtu dira antsietatea eta bizitzarekiko zentzu falta. Gazteek gero eta maizago izaten dute euren buruaz beste egiteko ideia. Euren burua onartzeko dituzten zailtasunak gero eta nabariagoak direla ikusten dugu artatzen ditugun pertsonengan, eta geure kezka neurri berean handitzen ari da. Egoerari erantzuten saiatzen gara, baina zer pentsatua ematen digu. Artatze prozesuan, pertsonak egin ahal duen horretan jartzen dugu arreta, inguruan duten testuinguruaren barruan euren osasunari eusteko ahalegindu daitezen. Hainbaten aburuz, norbanakoaren gain dago osasuntsu mantentzeko ardura, testuinguruak inongo eraginik izango ez balu bezala. Baina ez da horrela. Esaten den moduan, batak ez du bestea kentzen. Gauza bat da bigarren eta hirugarren mailako prebentzioa egitea, eta beste bat lehen mailako prebentzioa egitea. Prebentzio maila desberdinetan lan egin behar dugu aldi berean, baina oso ezberdina da maila bakoitzean egin beharreko lana. Bigarren eta hirugarren mailan gure osasun sistema publikoak askoz ere baliabide gehiago izan beharko lituzke.Psikologo psikoterapeuta askoz ere gehiago egon beharko lirateke Osakidetzan, Osasunbidean eta Iparraldeko osasun sistemetan. Pertsonen artatzea ezin da medikazioan oinarritu, badakigu hori ez dela nahikoa, ez duela pertsonaren blokeoa askatzen. Politika orokorretan pertsona erdigunean jarri nahi badugu, osasun sistema aldatu behar dugu. Are gehiago, uste dut osasuna zer den eztabaidatu beharko genukeela edo, beste era batera esanda, zer den pertsonaren garapen osasuntsua, eta zer beharko genukeen horretarako. Horrek izan beharko luke gure iparra maila guztietan. Horri erreparatuko bagenio, konturatuko ginateke egun dugun sistema ez dela irtenbidea.
Lehen mailako prebentzioaz hitz egitean, osasuna mantentzeko egiten ditugun jarduerez ari gara eta hori, noski, ez da gutako bakoitzak bakarrik egin dezakeen lan bat. Gizarteari dagokion arduraz ari gara. Zer egin dezake gizarteak osasun mentala bermatzeko? Hori da geure buruari egin beharko geniokeen galdera. Eta erantzunak egun bizi dugun gizartearen azterketa egitera garamatza. Zertan ez du laguntzen egungo gizarte ereduak osasun mentala bermatua izan ez dezagun?
Alderdi askok ez dute laguntzen. Has gaitezke esanez testuinguruak baldintzatzen duela pertsonaren garapena, hau da, pertsonak dituen gaitasunak testuinguruaren arabera garatzen direla, eta testuinguruak erantzun desegokiak dituenean eragin negatiboa duela pertsonaren garapenean. Zer ezaugarri ditu gure gizarteak? Indibidualtasunean oinarritzen den gizarte honetan norberarengan jartzen da ardura guztia. Norbera gaizki badago, norberaren ardura da, norberak du zerbait gaizki. Norbera gaixotzen bada, norbera izan da arduragabea, baina inoiz ez da gizartea ezbaian jartzen. Inork ez du hitz egiten dugun sistemak gure garapenari egiten dion kalteaz, inork ez du sistema bera ezbaian jartzen, edo, hobe esanda, sistema kritikatzen dutenek ez dute ahotsik, ez da komeni, antza. Irakurketa hori ez da gaur egun dugun ezagutzan oinarritzen, jakin badakigulako bizi-baldintzek zer eragin duten gure osasunean.
Norberaren balioa norberaren lorpenen arabera neurtzen duen gizartean bizi gara. Estandar fisikoetara heltzen ez denak ez du baliorik, arrakasta lortzen ez duenak ez du baliorik, eta horrek testuinguruarekiko dependentziara garamatza. Hala, testuingurutik jasotakoaren arabera ondo edo gaizki sentituko gara, besteen iritziaren menpe gaude, salduta. Erantzun negatiboa jasoz gero, erraz hartu ahal dugu antsietatearen bidea, besteek zer esango duten beldur izatera iritsi gaitezke. Gaur egun ikusten ari garena da gazteek elkar egurtzen dutela sare sozialetan, mingarriak diren hitzen bidez. Gazte gehienek parte hartzen dute sare sozialetan, han ez bazaude ez baitzara existitzen, baina, era beran, han egonda, arriskua daukazu egurtua izateko zure irudiagatik, gorputzagatik, ekintzengatik, iritziengatik... Ez da egoera makala. Jipoitze horiez pentsatzen hasita, burura etortzen zait gizarte mailan dugun errealitatea alderdi gehienetan. Telebistako reality-etan ohikoa da komunikazio bortitza, irratiko programa askotan ere bai, politikarien artean ere bortizkeria agerikoa da. Bortizkeria naturari, ezberdina denari, emakumeei, herriei, langileei, etorkinei... eta zerrenda ez da bukatzen. Gizarte biolento batean bizi gara, mundua bera indarkeriaz beteta dago, baina maila diskurtsiboan kontrakoa adierazten da. Gauza bat esan eta bestea egin. Indarkeria hori guztiori da gazteek xurgatu dutena, nonahi ikusten dutena, eta batzuek beren eskubidea dela pentsatuz eragiten dutena. Gaur bertan ETBn ikusi izan ditudan bi albiste etorri zaizkit burura: bata, gure herriko enpresa batek gerrarako hegazkinak egiten dituela eta arrakasta goraipatzen zuena; bestea, soldaduek beren lana hobeto egiteko gure inguruko enpresa batek sortu duen hezurdura bionikoa. Denak Espainiako Defentsa Ministerioak diruz lagunduak. Eta burura etorri zaidan lehenengo galdera da: baina, zertan ari gara? Lanpostu berriak sortzen dituztelako, pertsonak hiltzeko tramankuluak egiten dituztenak babesten? Argi daukat dugun sistemak deshumanizaziora garamatzala, eta horrek eragin zuzena duela gure gazteek bizi duten egoeran. Zer egin dezakegun? Sistema hau irauli, ikuspegi komunitarioa garatu, elkar zaindu, elkar ongi tratatu, ezberdina errespetatu eta onartu, eta gure gazteei hori transmititu, euren bizitza proiektua eraikitzeko aukera izan dezaten eta bizitzaren edertasunaz jabetzeko bidea ikus dezaten.
Zer ikusi du gaurko sistemak osasun mentalarekin?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu