Ukrainako aferan zer gertatuko den aurreikustea ia ezinezkoa den arren, hona hipotesi bat datozen asteei buruz: Donbassko gerra lasaitu egingo da.
Orain arte, Ukrainako armadak milizia errusiazaleak izan ditu parean, eta errazago izan du horiei aurre egitea —eta, besteak beste, hango herritarrak bonbardatu eta hiltzea—. Hemendik aurrera, baina, egoera bestelakoa da, munduko armada handienetako bat ere egongo baita Donetskeko (DPR) eta Luhanskeko (LPR) herri errepubliketan, gutxienez hamar urterako, nahi izanez gero. Hori gutxi ez, eta Errusiaren 140.000 pasa soldadu daude mugatik gertu.
Egungo presio militarra handiegia da Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearentzat, eta, oraingoz bada ere, erasoak etetea beste aukerarik ez zaio geratuko, ez badio Errusiako armadari aurre egin nahi. Zelenski jakitun baitago Mendebaldea ez dela Ukrainan sartuko hura militarki laguntzera, eta armak besterik ez dizkiola emango.
Vladimir Putinek pauso handia eman du egunotan: Donbassko herri errepubliken independentzia aitortzea, eta soldaduak hara bidaltzeko asmoa jakinaraztea, «bake eginkizunetarako». Izan ere, Putinek argudiatu du «genozidio bat» egiten ari direla hango herritarren kontra. Xehetasun garrantzitsu bat, halere: Putinek atzo arratsaldean esan zuen Donetsk eta Luhansk oblasten independentzia aitortzen zuela, eta ez bakarrik DPR-rena eta LPR-rena.
Horiek baitira 2014an abiatu zen gerra zabaltzeko testuinguru posibleetako bi: Ukrainako armadak Errusiakoari eraso egitea Donbassen, edota Errusiako armada, herri errepubliketan sartzeaz gain, Donbass osoan hedatzea. Oraingoz bietako bat ere ez da gertatu, eta horrek zabalik utzi du egoera lasaitzeko atea.
Putinek, behintzat, argudia dezake irabazten ari dela. Datozen asteetarako, Donbass osora hedatzeko mehatxua Kievi presio egiteko modu bat izan liteke, eta Mendebaldea (batez ere AEB Ameriketako Estatu Batuak) negoziatzera behartzeko estrategia bat; batetik, tropak DPRn eta LPRn hedatuta, eta, bestetik, mugatik gertu daudenak han mantenduta —Transnistrian ere baditu zenbait soldadu—. Hego Osetiaren eta Abkhaziaren antzeko kasuak bilaka litezke, hortaz.
Herri errepublikei dagokienez, badirudi Errusiako presidenteak zera nahi duela: Joe Biden AEBetako presidenteak Ukraina behartzea Krimearen anexioa eta DPR-ren eta LPR-ren independentzia onartzera. Bidenek hori egin lezake? Saia liteke, baina lortuko duen beste kontu bat da.
Horrek guztiak beste ideia bat mahaigaineratu du: neurri bateraino bada ere, hilabeteotan gertaturikoa herri errepubliken egoeraz, eta eremu horien balioaz balitz? Ukrainako Gobernuak ez du bete Minskeko Akordioetan (2014-2015) adosturikoa, eta, hortaz, herri errepublikek ez dute estatus berezirik jaso, Donbassen ez dute hauteskunderik egin eta Kievek ez du bere mugen kontrola berreskuratu, beste gauza askoren artean. Su-eten iraunkorrik ere ez da egon, ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundearen begiraleek urteotan —eta batez ere egunotan— hainbatetan egiaztatu duenez.
Egiari zor, Ukrainako Gobernuari ez zaio komeni Bielorrusiako hiriburuan sinaturiko itun horiek betetzea, —batez ere herrialdearen mendebaldeko— sektore nazionalisten eta oro har ultraeskuindarren haserrea eragingo bailuke; eta, zeharka bada ere, hitzarmen horien bidez Errusiak bestelako eragina izan bailezake Ukrainako politikan.
Hau da, Minskeko Akordioen porrotak atea ireki dio Errusiari DPRn eta LPRn sartzeko, eta, aldi berean, Putinen erabakiak berekin ekarri du Ukrainak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeko zituen aukera urriak are gehiago txikitzea. Zergatik? Herrialdea NATOn sartuko balitz Ukrainaren eremu osoa egongo litzatekeelako erakunde militar horren babespean; eta, beraz, egoera horrek gerra bat sortuko lukeelako Errusiarekin, haren armada herri errepubliketan egongo litzatekeelako.
Halere, Donbassko gerra lasaitzearen hipotesiak badu ahulgune bat: Putinek zertarako mugitu ditu ehunka mila soldadu eta azpiegitura hori guztia, ez bada eraso bat abiatzeko? Presio egitea gauza bat baita, eta bestea presio egiteko mugimendu militarrak duen kostu handia.
Errusiako presidenteak esan du ez duela gerra zabaltzerik nahi; Ukrainakoak ere gauza bera adierazi du. Europa mailako segurtasun konferentzia bat izan liteke irtenbidea, segurtasun testuinguru berri bat adosteko. Hori bai, Europakoa izateak zera esan nahi du: AEBrik eta NATOrik gabe, eta Errusiarekin eta Europako Batasunarekin izan behar duela.
Goi bilkura egingarria balitz ere, ikusteko dago Moskuk zer zilegitasun emango liokeen hitzorduari, eta nola negoziatu eta zer eskatuko lukeen; hasiera-hasieratik, lehenik Washingtonekin eta gero Parisekin eta Berlinekin hitz egin nahi izan baitu Putinek. Ordena horretan.
Herri errepubliken aitorpenak hiru hilabeteko fase diplomatiko-militar baten amaiera finkatu du. Auzia beste etapa batean sartu da, eta DPR-ren eta LPR-ren inguruan gertatuko denak baldintzatuko du aferaren etorkizuna, herri errepubliken balioa handia baita. Geopolitikoki ere bai.