Jonan Fernandez. Elkarri-ko koordinatzaile ohi eta Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzako idazkari nagusia

«Diskurtsoak eta jarrerak eraldatu zituzten kontzeptuak sortu genituen»

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2015eko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Elkarri-ko koordinatzailea izan zen hamalau urtez Jonan Fernandez (Tolosa, 1962). Orduko esperientzia bizirik du oraindik oroitzapenean, eta aitortu du «lagungarria» zaiola Jaurlaritzan egiten duen lanerako ere.

Zein izan zen Elkarri-k bakeari egin zion ekarpen nagusia?

Elkarri-ren ekarpena eta emaitza nagusia izan zen lortu zuela azaleratzea gure gizartearen gehiengo zabal bat elkarrizketaren aldekoa zela. Horretarako, nazioartetik laguntza handia izan genuen, garai hartan izan zirelako bake prozesurik garrantzitsuenak; tartean, Ipar Irlandakoa, Salvadorkoa eta Hegoafrikakoa.

Zeri erantzun zion Elkarri-ren sorrerak?

Motibazio pertsonalak eta politikoak izan ziren. Adibidez, Elkarri sortu genuenon artean batzuk Autobidearen Aurkako Koordinakundetik gentozen, eta oso esperientzia gogorra pasatu genuen, ikusi genuelako elkarrizketaren aldeko gabezia handia zegoela gizartean, apenas jartzen zelako indarrik hitz egitearen alde. Hortaz, batzuek pentsatu genuen Euskal Herrian bazegoela aukera elkarrizketa praktikara eramateko.

Nolakoak izan ziren Elkarri-ren hastapenak?

Oso garai zailak izan ziren. Lehenengo hiru urteak oso gogorrak izan ziren, inork ez zuelako sinisten gure proiektuan. Alde batetik, orduan Ajuria Eneko Itunean zeuden alderdiek esaten zuten gu ezker abertzalearen aurpegi gozoa ginela, eta, bestetik, ezker abertzalearen barrutik ez zen ongi ikusten gure proiektua, eta mesfidantzak zeuden.

Non topatu zenituzten trabarik handienak?

Zailtasunik handienak komunikabideetatik eta politikatik etorri ziren, ez zutelako onartzen gure proposamena. Ajuria Eneko Ituneko kideek hasieratik jakinarazi zituzten jendaurrean euren kritikak, eta ezker abertzaleak, berriz, hasieran ez, baina gerora publiko egin zituen, 1995ean.

Hiru Bake Konferentzia antolatu zenituzten. Zein asmorekin?

Ikusten ari ginen munduan elkarrizketaren aldeko apustuek jendaurreko argazkiak eta ekitaldiak zituztela, eta pentsatu genuen guk ere antzeko zerbait egin behar genuela Euskal Herrian. Lortu genuen alderdi desberdinek parte hartzea eta, hartara, leiho bat irekitzea.

Ez zen akordiorik lortu.

Gu oso baikorrak ginen, eta akordioa lortzeko asmoz egin genituen konferentziak. Baina alderdien arteko mesfidantzek eta kalkulu okerrek eragotzi egin zuten akordioa egotea. Hala ere, ondorio positiboak atera genituen;baldintzak sortu genituen beste gauza batzuk egiteko eta beste gidoi batzuk irekitzeko. Emaitza praktikorik ez genuen lortu, baina mahai gainean jarri genituen kontzeptu berriek diskurtsoak eta joerak aldatu zituzten.

Zein kontzeptu?

Hirugarren esparrua izan zen haietako bat. Ordura arte bi esparru baino ez zeuden, biolentoak eta demokratak, eta guk hirugarren esparru bat proposatu genuen, gizartearen gehiengoak ordezkatzen zuena, biolentziarik ez zuena nahi baina irtenbide elkarrizketatua nahi zuena. Planteamendu horrek lurrikara bat sortu zuen. Elkarri-k hizkuntza bat sortu zuen, eragin bat, eta eragin hori islatu egin da gerora alderdien, gizarte eragileen eta komunikabideen diskurtsoetan.

Urte hauetan aldatu egin al da bakea ulertzeko modua?

Gizartearen begirada etikoa aldatu da. Gauzei ez zitzaien berdin begiratzen 1970eko hamarkadan, 1980koan... Hor dago aldaketa. Biktimekiko sentsibilitate etikoa, adibidez, aldatuz joan da.

Mugimendu bakezalean egin zenuen lana lagungarria al zaizu gaurko kargurako?

Bai. Batik bat, helburuak jartzeko orduan oso apala izan behar dugula ikasi nuen.

Instituzioetatik zailagoa al da bakearen alde lan egitea?

Gauza biek dituzte alde onak eta txarrak. Baina publiko egiten ez den lana, sukaldeko lan hori, berdintsua da Elkarri bezalako gizarte mugimendu batean egon edo Jaurlaritzan egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.