'Euskaldunon Egunkaria'-k 30 urte

Gazteen begietatik

Zer irudi dute gaur egungo gazteek Euskaldunon Egunkaria-ri buruz? Zer dakite eta zer ez? Badute oroitzapenik? Zer oroitzapen? Galdera horiek erantzun dituzte Egunkaria sortu ostean jaiotako BERRIAko hainbat kazetari gaztek.

Egunkaria-k umeentzako egiten zuen Xingola gehigarria. GARI GARAIALDE.
BERRIA
2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Ariketa berezia egin duBERRIAk Euskaldunon Egunkariaren sorreraren 30. urteurrena oroitzeko. Hainbat bider idatzi eta kontatutakoari beste begi batzuekin erreparatzeko beharragatik, eta belaunaldi arteko transmisioarekin kezkatuta, Egunkaria sortu ondoren —alegia, 1990eko abenduaren 6aren ondoren— jaiotako BERRIAko langileen esku utzi du gaiaren lanketa, edukiak pentsatzen hasi eta eduki horiek gauzatzen buka. Euskarazko egunkari bat zerotik sortzeak eragindako jakin-mina ase nahi izan dute, Egunkaria-k kazetaritza eta euskalgintza mailan utzitako arrastoa aztertu, eta, orriotan memoria ariketa kolektibo bat eginez, hamar kazetariren bizipen, oroitzapen eta sentimenduak jaso dituzte. Baita haren ekarpenaren inguruko inkesta egin ere,Egunkariarekin hasi eta BERRIAraino euskarazko egunkari nazional bakarrean agertu izan diren hainbat sektoretako ordezkarien artean.Ariketa kolektibo baten emaitza da honako hau.

Julen Aperribai
Horibesterik ez

Oin puntak lurrera heltzen ez zaizkion haur bat sukaldeko aulki batean eserita, aurrean euskarazko egunkari bat duela. Estanpa polita da, eta politegia ere bada, iradoki dezakeena esan nahi izateko. Izan ere, horixe besterik ez da: haur bat euskarazko egunkari baten aurrean. Egunero ikusten duen eta aspaldi etxekotu duen objektu bat da berripaper hori harentzat. Azaleko titular nagusiak baino gehiago liluratuko du objektuaren formak; juntaduretan hatzak sartuko ditu, eta konturatuko da orriak elkarren gainean jarrita eta horiek erditik tolestuta hartzen duela objektuak osotasuna.

Haurra bizi izan den artean bizi izan da egunkari hori ere. Ez du ezagutu aurreko hutsa, ezta hutsa betetzea zer-nolako lorpena izan zen irudikatu ere. Ez da gai jakiteko parean dituen argazkietan gorbata jantzita ageri diren zenbaitek euskaraz esan ote duten egunkariak euskaraz esan duen hori; ezta gorbatadun horiek beraiek euren hitzak jasotzen dituen berripaper hori babestu ez, eta, are, haren aurka egin zutela ere. Ez da gauza zatiketa administratiboak bera ere zenbateraino zatitzen duen gogoetatzeko, eta aurrean duen orriak zatiketa horri izkin egiten diola jabetzeko. Hatz puntak listuz bustitzen ari da, gurasoek egiten duten moduan.

Haur bat euskarazko egunkari baten aurrean. Hori besterik ez, eta hori guztia. Erakusten duena baino gehiago ezkutatzen duen irudi bat.

Aitor Biain
Hartzak memorian

Bederatzi urteko mutil koskor bat Durangoko Azokaren izkin batean haserre, gurasoek panpina bat erosi nahi ez ziotelako. 2001. urtea zen, eta aste batzuk lehenago Euskaldunon Egunkariak AEBren aurkako erasoa ekarri zuen lehen orrialdean. Ez zen nolanahiko azala izan, panpina hura edozelakoa ez zenez: Kamiltxo zen, euskaraz egiten zuen lehen panpina. «Kaixo, laguntxo. Ni Kamiltxo naiz, Pirinioetako hartza. Nola duzu izena?», esaten zuen ezkerreko hanka zapalduz gero. Dozenaka haurren adiskide izateko munduratu zuten hartza, euskarazko jolasak artean urriak zirenean. «Kamiltxo gure ekarri txikia da euskararen normaltasun prozesuan», azaldu zuten panpinaren sortzaileek aurkezpenean. Kasketaldiari esker etxeratu zuen hartza mutikoak.

Erronkariko mendietan bizi zen Euskal Herriko azken hartza hartu zuten oinarri panpina sortzeko: Camille. Gerora izan dira hartz gehiago ere; ale bakan batzuk baino ez, nolanahi ere. Tartean, ehiztari batek tiroz hil zuen Cannelle, Pirinioetan jaiotako azken hartz arre emea. Egunkaria bortxaz itxi eta urtebetera hil zuten. Bada, hartzak Pirinioetara itzuli bitartean, haien memoria bizirik iraunarazi zuen Kamiltxok dozenaka haurren oroimenean. Mutil koskor hark orain BERRIA egunkariko jardunarekin Euskaldunon Egunkaria-ren memoriari eusten dion modu berean.

Maider Galardi F. Agirre
Xingola

Iz. Oihal edo ehunezko zerrenda luze eta mehea.

Nire gurasoen gogoan ere ez nengoen, baina Euskaldunon Egunkaria sortu zen gauean aurkitu ziren lehenengoz. Bost urte geroago jaio nintzen, eta bost geroago ikasi nuen irakurtzen, sukaldeko mahaian —esaten dutenez— berripapera leitzen-edo. Erabili ditugu egunkariaren orriak mahai hori bera akuarelarekin ez zikintzeko. Eta akordatzen naiz hiru urte geroago zortzi urte bete berriko haur haren inpresioa: gurasoen eskutik gora begira jendez gainezka dagoen kaleari, ahizpa txikia alboan, eta «Xingola askatu!» oihuka biak.

Noizkoa da zinta horren lehen korapiloa? Eta zenbatetan egon gara tentatuta xingola horretatik askatzeko?

Jaio nintzen eguneko azaleko argazkitan gizonak bakarrik ageri dira, eta orain maite dut egunkari hau nola azalberritzen den igandero. Bigarrenez ikasi nuen irakurtzen duela lau urte, gaur lankide ditudanen betaurrekoetatik. Belaunaldikide diren horiekin hitzez zikindu nahi ditut mahaiak orain, eta Euskaldunon Egunkaria-n aritutako feministekin ere aurkitu naiz bidean—eta egiten dut bidea haiekin—.

Askatu gintezke zintaz, edo batzuetan helduko gaitu estu; eta, halere, ze aberasgarria ahizpak alboan txirikordak eta korapiloak egiten jarraitzea oihal edo ehunezko zerrenda luze eta mehe hori indartzen segitzeko.

Andoni Imaz
Paperezkoorri bat

Egunkari bat Egunkaria izatearen abantaila da egunkari hitza Egunkaria-rekin batera ikasi baduzu nahita ere ezingo diozula Egunkaria-n pentsatzeari utzi egunkari entzuten duzun aldiro. Horrek ez zuen aho-korapilo bat izateko asmorik, nahiz eta gorputzeko nahasteak ere saihetsezinak diren kasu horretan. Berripaper bat irudikatzen duzu jardun oso baten azpi-azpian.

Paperak denari eusten omen dio. Puskatu egin dezakezu, eta tolestu, eta birrindu, eta biribilkatu, eta zapaten barruan sartu.

Gero jakin duzu Euskaldunon ere bazela, Euskaldunon zela Egunkaria bezainbat. Paper guztiak ez dira berdinak. Sua piztuta mantendu nahi baduzu, egurra bota behar diozu, eta paperak balio dezake, paperak denari eusten baitio, zer esanik ez besteren paperek, paper guztiak ez baitira berdinak.

Margotzeko ere balio dezake, nahiz eta gauza batzuek baduten lehendik beren kolorea. Zeruaren urdina eta eguzkiaren horia, horiexek berarenak. Parte txarreko kontuak, baina, beltzez idazten dira, eta lehen bi zeuden lekuan hiru daude orain. Urdina, horia, beltza. Euskaldunon Egunkaria aurrera. Paretan itsatsita dago folio hori oroimenaren zoko batean. Zeharka ikusitako gauzek ere laguntzen dizute bidea egiten, eta tarteka konturatzen zara zuk ere paper koxkorrak daramatzazula zapatetan.

Ainhoa Larretxea Agirre
Etxea

1996ko maiatzaren 15ean «Ongi etorri, Ainhoa» paratzen zuen iragarki bat agertu zen Euskaldunon Egunkaria-ko 32. orrian. Sei urte zeramatzan ordurako amak bertan lanean. Bertze lau egin zituen ondotik.

Bortz urte nituen Egunkaria itxi zuten egunean. Beraz, ia alferrikako lana da itxiera ez den bertze oroitzapenen bila ibiltzea. Ez dut egun hura zehazki gogoan, baina gogoan dut Donostian egunkariaren alde egindako manifestazioa. Nola joan ziren gurasoak bertara, eta nola geratu ginen anaia eta biok amama eta aitaitaren baserrian. Nola izan genuen manifestazioaren berri telebistaren bidez. Nola ekarri zidan amak Egunkaria Libre jartzen zuen eranskailua, eta zeinen harro ibiltzen nuen nik arropa denetan. Nola bazuten amak eta aitak kamiseta urdin bat: Egunkaria Libre paratzen zuen. Aski gogoan dut hori, nahiz eta orduan ez ulertu zer zen Egunkaria, are gutxiago zergatik behar zuen libre.

Bortz urterekin ez nekien egunkari bat zer zen. Denborarekin osatu da memoriaren puzzlea. Denborarekin ikasi dut egunkaria, etxekoa bainoago, etxe zati bat ere bazela gurean, eta hori indarrez kendu zigutela. Denborarekin ikasi dut zein izan zen eragindako mina, eta zein izan diren ondorioak. Denborarekin ikasi dut egunkaria irakurtzen, eta idazten.

Ia hamar urtez amarentzat etxe izan zena nirea ere bada orain.

Maria Ortega Zubiate
Umezurtz izan ez gaitezen

Gure etxean ez da inoiz egunkaririk irakurri, ez euskaldunona ez erdaldunena. Baina, zerbait irakurtzekotan, ez da euskaraz izaten, prezeski. Nik ez dut gogoan Egunkaria-rik, ez itxierarik, ez hori salatzeko manifestaziorik. Alde horretatik, umezurtz hazi nintzen. Edo horrela sentitu izan naiz beti, behintzat.

Ni, jaio, euskaldun jaio nintzen, baina nire izate hori nondik zetorren jakin gabe. Ni euskal jaio, eta izateko, egile horien lana ezagutu gabe. Fakultateko klaseetan aipatzen zituzten euskalgintzako hainbat eta hainbat izen ezezagunak ziren niretzat, eta Interneten begiratu behar izaten nituen. Ezkutuan, noski. Eta horrela heldu nintzen, nondik nentorren jakin baina ulertu gabe, lehengo horiek egindakoa egitera.

Nik ez nuen ezagutzen euskal kazetaritza, euskalgintza. Nire bizitzako parte ez balira bezala jokatu nuen harik eta fakultatean beraien izenekin eta historiarekin parez pare topatu arte. Eta orduan ulertu nuen.

Euskalgintzako testuinguruan umezurtz naizen honek bidea eginda aurkitu nuen. Beraien izenak arrotz zitzaizkidan horiek lautu zidaten bidea. Euskara plazara, estilo liburuetara, eta estilo liburuetatik jendearen ezpainetara eraman zuten ero horiek bilakatu zuten euskal kazetaritza aukera erreal niretzat. Are gehiago, aukera natural bihurtuzuten. Eta hori dena, nik jakin gabe.

Badirudi hain umezurtz ere ez nintzela hazi.

Peru Azpillaga
Elastikoa

Konplexua da oroitzapenen ganberan batek topa ditzakeen altxorren zergatia ulertzea. Urteen poderioz, memorian gordeta dauden bizipenak lausoago ageri arren, badira, denboraren igaroari jaramonik egin gabe, buruan iltzatuta geratzen diren irudi eta pasarteak. Horregatik, interesgarria izaten da, noizbehinka, oroitzapenen ganberako atea irekitzea; inoiz ez baita jakiten zer aurki daitekeen beste aldean.

Esate baterako, zutabe hau idazteko, Egunkaria-ren 30. urteurrena buruan nuela sartu nintzenean, ezusteko handia hartu nuen. Leihotxo batetik sartzen zen argi-izpiak armiarma sareak baino ez zituen uzten begi-bistan. Hutsik zegoen. Desengainu ona eraman nuen. Atzera eginarazten dizuten dezepzio horietako bat. Egunkaria itxi zutenean zazpi urte baino ez nituen nik: beraz, zer topatzea espero nuen? Itxiera baino ez nuen ezagutu, eta,hala ere, ez ditut manifestazio jendetsuak gogoratzen. Ez nintzen kontziente Espainiako poliziak zuen torturatzeko abileziaz. Ez nuen herri oso baten ahoa estaltzeak sortzen duen itolarri egoera gogaikarria bizi izan. Beraz, zer egon zitekeen bertan? Bada, hala ere, sinetsita nengoen zerbait topatu behar nuela. Batera eta bestera, bazterrak miatzen hasi nintzen, urduri; eta, hara non, kamiseta zahar bat topatu nuen paretan eskegita. Aitarena zen. Bertan, 7 urte nituenetik, iltzatuta eraman dudan lelo bat ageri zen: Egunkaria Libre.

Nire belaunaldiak akaso ezdu aitaren kamiseta hori jantzi. Gu ez gara iraganeko oroitzapenenen parte izan; ganbara BERRIA dugu ordea, kamiseta hartan iltzatuta bizirik iraun zuen ametsari bultzada berri bat emateko.

Maddi AneTxoperena Iribarren
Leku bat

Duela gutira arte, gure gurasoen etxeko gela bateko paretan Hemendik At taldearen poster bat egon da eratxikia. Gure haurtzaroaren parte izan ziren biak: Xingola eta Hemendik At. Eta biak biltzen zituen Egunkaria-ren umeontzako gehigarriak, egunkari papereko bi orriko posterrean. Anaiaren afixek ordezkatu dute orain, baina ez genuen zakarretara bota. «Honekin zer, neskak?», galdetu zigun amak ahizpari eta bioi. «Gorde, gorde!», dudarik gabe. Diogenesen sindromea? Erromantikotasuna? Artxibo historikoa?

Egun belarriprest den ama hori bera egin omen zen Egunkaria-ko harpidedun, ez dakit noiz. Ez dakit zehatz zergatik, ez baitut uste irakurtzen zuenik militantziagatik?—. BERRIA ere bere izenean jasotzen hasi ginen Egunkaria itxi zutenean, eta nik bezperako edo egun batzuk lehenagoko- aleak eramaten nituen Baionako lizeoranzko autobusean, goizaldeko ordu aspertuak entretenitzeko. Nork erranen zion orduan Medikuntza ikastea amesten zuen neska gazteari irakurtzen zuen lekuan idatziko zuela noizbait?

Martin Ugalde Kultur Parkeko bazkalondoko elkarrizketetan behin edo behin atera izan da galdera, izanen ote ginatekeen kazetari bertze egunkari edo komunikabide batean. Nik argi dut erantzuna: ez nuen Kazetaritza ikasi; idaztea gustatzen zait; eta euskaraz baino ezinen nuke idatzi. Egunkaria existitu ez balitz, hain segur, ez nintzateke kazetaria. Idazlea, ez dut uste.

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria
Distortsiotik eraikitako oroitzapenak

Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean 6 urte nituen. Goxoki pakete bana eskuan, denda izkina batean eserita geunden lehengusuok. Gogoan ditut momentu hartako irudiak. Jendetzaren erdian, itxialdia salatzeko manifestazioaren eguna zen. Ezer gutxi ulertu arren, gehiengoak egiten zuena imitatzen genuen. Oihuka genbiltzan: «Ibarretxe, non zaude!». Trenean egin genuen itzulerako bidaia, Zumarragarako noranzkoan. Are, akorduan dut herriko azoka egun batean erosi zidaten kamiseta ere. Zuria zen, eta barazki bizidun batzuk zituen irudian. Hala ere, abisu bat: distortsiotik eraikitako oroitzapenak dira nireak.

Ez da erraza izan ariketa honi eustea. Inguruko dozenaka gazteren eran, itxierarekin lotzen ditut nire oroitzapenak. Pieza solteek osatzen dute memoria, eta, horiek ongi osatu nahian, sarera ere jo behar izan dut bilaketa lanak egitera. Hala ezean, testu honek gehiago izan zezakeen ideien kaosetik errealitatetik baino. Aitortza bat ere egin behar dizuet. Kamiseta zuri hartan, barazki bizidunak egon beharrean, pertsonen eta txondor baten marrazkiak ageri ziren. Imajinazio gehiegiren emaitza, akaso.

6 urteko haurraren ikuspegitik eraikitako oroitzapenek, beraz, adierazten dute umeak ere badirela nor gogoratzeko, eta gertatutakoa, era batera edo bestera bada ere, ulertzeko. Orain, haietako asko dira proiektu horren jarraipenari bultzakada goxoz eusten dabiltzanak.

Distortsionatuta bada ere, ondo iltzatuta gera daitezela oroitzapen horiek.

Itziar Ugarte Irizar
Lurraren itzala

Denbora izango da akaso gure bizileku bakarra, benetakoena. Baina badu dohaina eta amarrua edozein unetan dilatatu edo konprimatzeko, eta zein nekeza den distantzia horietara egitea. Lekuekin ere gertatzen da: hau dena lehen soro zabal bat baino ez zen esaten dizute, baina zuk beti platanondoak eta etxebizitza jada ez hain berriak ikusi dituzu hor, beste inon ez baina hemen den lur eremu honetan.

Berez, 30 urtek ez dirudite hainbeste, atzo da ia, eta, hala ere, nola aldatu den lurra. Esaten dute esperientziak beste ezerk ez duela eraldatzen bat. Hor egoteak. Bertatik bizitzeak. Zerbait handia egitearen sentsazio une horiek ugariagoak ziren garaien ondotik heldu garelakoan nago, ordea, eta aldatzen du begirada. Aldatzen du egoteko modua. Beti ezagutu dugu gertuan ordura arte existitzen ez zena, amets huts zena. Ez geunden han, eta, hala ere, horrek ere egin gaitu gu.

Lauso, baina itxierari lotuta datorkit Euskaldunon Egunkaria-ren bueltako lehen akordua niri ere.

Goizean goiz aurpegi larriak sukaldean eta iluntzean giza katea herrian. Aitarekin atera ginen ahizpa eta biok, oinez eskuak bi aldetara luze, eta uste dut ama ere ikus dezakedala lantokitik atera berri, zuzenean kateko beste puntu batera batzen. Aurpegi ezagun mordoxka bat zenbait esku harago, eta ez horren ezagunak honantzago.

Irudiak eragin zidan inpaktuagatik gogoratuko dut ziurrenik. Itzal luze hura kale argien artetik, lehen soro, gero asfalto izandako lurraren gainetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.