Zaldibarko zabortegiko amiltzeak ingurumenean eragindako kalteak aztertzen ari den epaileak Lurtek enpresako bi geologo ikertu gisa deklaratzera deitu zituen atzo, baina biek adierazpenik ez egitea erabaki dute. Geologoen deklarazioaren arabera erabaki behar zuen epaileak pertsona gehiago inputatu ala ez.
Bi geologoek deklaratzeko eskaera egin zuen ekainean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta Ekologistak Martxan-ek osaturiko herri akusazioak, eta epaileak eskaera hori onartu ondoren deitu zieten atzo Durangoko auzitegira. Deklarazioak urrirako aurreikusita zeudenez, instrukzio epea sei hilabetez luzatzea erabaki zuen epaileak ekainean, abenduaren 1era arte gutxienez.
Izan ere, Lurtek geoteknia aholkularitza enpresak zabortegiaren egonkortasunari buruzko ikerketa egin zuen 2019ko maiatzean, Verter Recyclingek hala eskatuta. Ikerketa hartan, Lurtekek ondorioztatu zuen zabortegia egonkorra zela, eta betez gero ere egonkorra izaten jarraituko zuela. Espainiako Gobernuko Herri Lanetako Ministerioaren esperimentazio zentroak, Cedexek, ordea, baieztapen horiek ukatu zituen hondamendiaren ondoren epailearen aginduz egindako peritu txostenean: azaldu zuen Lurtekek kalkuluak gaizki egin zituela, eta, beraz, atera zituen ondorioak ez direla zuzenak.
Lurtekeko langileez gain, hondamendiaren ondoren amianto arrastoak garbitzen ibili ziren beste bi langile deitu dituzte deklaratzera. Izan ere, BERRIAk argitaratu zuenez, zabortegian nahastuta zeuden amiantoa eta beste hondakin batzuk—legeak agintzen du amiantoa ezin dela bestelako hondakinekin nahastu, material arriskutsua delako—. Langile horietako bat 2020ko otsailetik 2021eko abuztura arte ibili zen bertan lanean, hondamendiaren ondoren amianto arrastoak garbitzen. Azaldu duenez, zabortegian zakuen barruan bildu eta pilatzen zuten amiantoa, baina lur jausiaren ondorioz material hori sakabanatu egin zen, eta hainbat lekutan agertu. Deklaratu zuen beste langileak ere antzerako lana egiten zuen, baina ezin izan du deklaratu, euskaraz zein gaztelaniaz hitz egiteko dituen zailtasunengatik. Ondorioz, atzeratu egin dute bere deklarazioa, itzultzaile bat izan arte.
Ikusi gehiago:300.000 euroko zigorra ezarri diote Verterri
Zaldibarko zabortegia egonkorra zela zioten teknikoek ez dute deklaratu
Herri akusazioak deitutako Lurtekeko bi geologoek uko egin diote epaile aurrean deklaratzeari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu