Katalunia. Gure Esku-ren manifestazioa

ELKARTASUNA, ETA BURUJABETZA

Gure Esku-k milaka herritar bildu ditu Donostian, Kataluniako auziko zigor epaiaren aurkako martxa batean. Dinamikak babesa agertu dio Kataluniari, eta aurrerabiderako «konponbide demokratikoa» eta herritarren mobilizazioa aldarrikatu ditu. Ordezkaritza zabala izan da.

Lluis Llach, Fermin Muguruza eta Maddalen Iriarte, atzo. JON URBE / FOKU.
enekoitz esnaola
Donostia
2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Elkartasun eta aldarrikapen olatu handi-handi bat izan da Donostian, Gure Esku dinamikak antolatutako manifestazioan. Askatasuna. Erreferenduma ez da delitua izan du leloa, eta Kataluniako prozesu independentistaren aurkako zigor epaia dela-eta deitu zuen manifestaziora. Berriro erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria egiteko ere baliatu du. «Euskal eta katalan etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ahal izatea aintzat hartuko duen konponbide demokratikoa behar dugu», esan du, hitzaldian. «Borondatea argi adierazteko eta gauzatzeko» mekanismoak eskatu ditu horretarako.

[youtube]https://youtu.be/U-KT5dgsK3Q[/youtube]

Milaka herritar bildu dira. Euskal instituzioetako kideen eta eragile politiko eta sindikalen ordezkarien artean izan dira, besteak beste, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, EAJren EBBko Andoni Ortuzar, Joseba Aurrekoetxea eta Joseba Egibar, EH Bilduko Maddalen Iriarte eta Rebeka Ubera EAEko legebiltzarkideak eta Mertxe Aizpurua eta Jon Iñarritu Espainiako Kongresuko diputatuak, EAtik Carlos Garaikoetxea alderdiko presidente ohia eta Maiorga Ramirez Nafarroako parlamentarioa, Sortutik Arkaitz Rodriguez idazkari nagusia eta Rafa Diez zuzendaritzakidea, EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Lander Martinez, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia eta Garbiñe Aranburu LABekoa, Eneko Goia Donostiako alkatea, Gemma Zabaleta Jaurlaritzako sailburu ohi eta PSE-EEko kide ohia, Altsasuko auziko presoen gurasoak... Pankarta Fermi Rubiralta, Fermin Muguruza, Anari, Bel Pozueta, Jule Goikoetxea, Josu Etxaburu, Lluis Llach, Amalur Alvarez, Carlos Garaikoetxea, Gemma Zabaleta, Xabier Euzkitze eta Irantzu Perellok eraman dute.

Independentzia; Katalunia aurrera; Preso politikoak,askatasuna; Erreferenduma ez da delitua; Altsasukoak askatu eta Presoak kalera, amnistia osoa izan dira gehien entzun diren oihuak. Jendetza bildu den seinale da BERRIAk hartutako erreferentzia bat: San Martin kalearen bukaeran martxaren burua pasatu denetik ordubete eta lau minutura igaro dira azkenak. Burua Maria Cristina hotel parean zenean, bukaera Antiguako tuneletik irteten ari zen.

Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramaileek eman dute dinamikaren mezua, hitzaldian txandaka arituz. «Burujabe izan, erabakitzeko» aldarrikatu dute, eta «erabaki, libre izateko» erantsi. Aitortu dute «ziurgabetasun garaiak» direla hauek, baina eskatu dute «baikortasunez eta beldurrik gabe» aurre egiteko. «Ezer ez denean segurua, guztia da posible». Eta herritarren garaia da, dinamikaren iritzian. «Ahalduntzeko garaia. Ekintza kolektiboak jendea ahaltsu bilakatzen duelako, zailtasunak eta harresiak gainditzeko gai izan arte. Batzuetan ematen du iluntasuna nagusi dela. Baina beti dago itxaropena; izan gaitezen itxaropenaren militanteak. Bidea ikusteko argitasuna badago. Mugi gaitezen!». Gainera, Gure Esku-ren ustez, «hiru helduleku» daude aurrerabiderako: eskubideak; «herri honen» erabakitzeko eta eraikitzeko gaitasuna; eta herritarren sormen eta amets egiteko gaitasuna.

Katalan ordezkari independentisten aurkako «estatu epaia» salatu dute hitzaldiaren hasieratik. «100 urteko espetxe zigorra jarri dizuete; funtsean, oinarrizko eskubideak erabiltzeagatik eta katalan guztiei estatus politikoari buruz bozkatzeko aukera emateagatik. A zer bidegabekeria! Honek zerikusi gutxi du justiziarekin».

Kataluniakoa «auzi politikoa» dela adierazi du Gure Esku-k, baina Espainiako Estatuak «muinari elkarrizketaren bidez» ekin beharrean zigorra eta «errepresioa» erabili dituela. «Hori ez da bidea! Bidea elkarrizketa da, begirunea, demokrazian sakontzea, herritarren hitza entzutea. Demokraziaren oinarrien kontra egiteko prest daude. Epai honek benetako krisi demokratikoa ekarri du».

«Inboluzioa»

Erabakitzeko eskubidearen aldeko euskal dinamikak uste du mobilizazio sozialaren, protesta masiboaren, disidentzia politikoaren, desobedientzia zibilaren eta autodeterminazio eta erabakitzeko eskubideen aurkako «kriminalizazioari» heldu diola Madrilek, «aurrekaririk gabekoa». «Onartezina da, geratu egin behar da kriminalizazio hau, geratu egin behar da inboluzio hau». Altsasuko auzia ere gogoratu dute, bide batez, han ere Espainiako Estatuak jokabide berarekin erantzun duela esanda.

Eskoziako prozesuan Erresuma Batuak daukan jarrerarekin alderatu dute Espainiakoa. Hala, Gure Esku-k adierazi du Eskozian «legezkoa eta nazioarteko komunitateak aitortua» izango den erreferendum berri bat prestatzen ari diren bitartean, «Europa hegoaldean» erreferendum baten antolaketa sedizio delitutzat hartzen ari direla. «Ez da posible».

Estatus politiko-juridikoa erabakitzeko ez ezik, eskubideak «gizarte justuagoa eraikitzeko, askoz berdinzaleagoa, solidarioagoa, pobreziarik gabe, prekaritaterik gabe, bazterketarik gabe eta feminizidiorik gabe» izateko ere erabili behar dela esan du Gure Esku-k. «Oinarrizko eskubideen defentsa ezinbesteko iparrotza da garai hauetarako».

Amaieran, bederazi herritarrek Dolors Bassa, Carme Forcadell, Jordi Cuixart, Joaquim Forn, Oriol Junqueras, Raul Romeva, Josep Rull, Jordi Sanchez, eta Jordi Turull Kataluniako auziko presoen esaldi bana irakurri dute. Lluis Llach katalan abeslaria ere izan da Donostiako oholtzan; hitzaldi bat egin ostean, L'Estaca kantatu du.

Joxan Artzeren poema bat leitu du Etxaburuk: «Batek goserikan diraueno ez gara gu asetuko, beste bat loturik deino ez gara libre izango». Eta ondoren esan du, katalan preso zigortuei mezua zuzenduz: «Zuek preso iraun bitartean, gu ez gara libre izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.