Nafarroako Gobernuak industriaren eraldaketa aztertzeko bilera batera deitu ditu ekonomia eta gizarte eragileak gaur goizerako. Atzo, ELAk aurreratu zuen ez duela parte hartuko foro horretan. LABek, aldiz, ordezkari bat bidaliko du bilkurara: Asier Calderon Industria Federazioko Nafarroako arduraduna.
ELAk prentsa ohar batean azaldu ditu Industria Foroan ez parte hartzeko arrazoiak. Sindikatuaren arabera, «edukirik gabeko» organo bat da, eta enplegu planaren bidez «CEN, CCOO etaUGTren alde egindako apustua ezkutatzeko erabili nahi du». Izan ere, aurreko legealdian izenpetu zen 2021etik 2024rako enplegu plana, eta, 701 milioi euro jarriko dira hura gauzatzeko.
ELAk salatu du diru hori «enpresen ohiko jarduera diru publikoz laguntzeko» eta aipatutako hiru erakunde horien egiturak finantzatzeko erabiliko dela. Horregatik, sindikatuaren irudiko, foro horren sorrerak «propaganda kutsua» baino ez du. «Mezu oker bat igortzen dio langile klaseari, esaten baitu haren arazoak konponduko direla eta patronalaren interesen onura jasoko dutela; baina patronalaren interesak langileenen kontrakoak dira».
ELAri ezinbestekoa iruditzen zaio industria politika berritzailea bultzatzea beste industria eredu baterako trantsizioa egiteko, baina, horretarako, beharrezkotzat jotzen du «sektore estrategikoetan esku hartze publikoa izatea eta banku publiko bat sortzea».
Bilera 09:30ean hasiko da. Han izango dira Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta lau kontseilari. Sindikatuez eta patronalez gain, hainbat klusterretako ordezkariak ere izango dira: automozioa, energia berriztagarriak, eraikuntza, informazio teknologia eta osasungintza.
ELA ez da joango Nafarroako Industria Foroaren lehen bilerara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu