Aurreneko bilera zuten, baina bilerara joan aurretik izan dira keinuak eta esanak egunotan. Aurrekontuak aurkeztu zituen egun berean esan zuen Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak Elkarrekin Podemosekin ikusten zituela «baldintzarik egokienak» akordioa lortzeko. Egun berean erantzun zion Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak «oso positibotzat» hartzen zutela haiek egindako zenbait proposamen kontuan hartu izana, eta «etorkizuna» egon zitekeela. Eta atera dira lehen bilera horretatik, eta berretsi egin dituzte keinuak, eta berretsi esanak. «Norabide aldaketa bat nabaritu dugu gobernuan, eta aldaketak sartzeko prest dagoela ikusi dugu. Baina aurreneko hartu-emana izan da. Ikusteko dago zertan geldituko den gaur abiatutako negoziazioa».
Mahaiaren bueltan, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Pedro Azpiazu buru zutela. Elkarrekin Podemosen izenean, Lander Martinez, Cristina Makazaga eta Jon Hernandez. Mahai gainean, Elkarrekin Podemosen proposamena: zortzi puntu nagusiren bueltan taxututakoa, eta Jaurlaritzak egindako aurrekontuetan 350 milioiren balioa duten diru sailak mugitzea proposatzen duena.
Elkarrekin Podemosek enplegu plan bat aurkeztu dio Azpiazuri, berdintasunaren eta indarkeria matxistaren arloan 15 milioi euro bideratzeko eskatu, klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko neurriak proposatu, eta trantsizio energetikoa bultzatuko duten neurriak galdegin. Bi arlo horietarako 50 milioi euro jartzea proposatu dute. Bileraren ostean egindako adierazpenetan Lander Martinezek argitu du berdintasunari, klima aldaketari eta etxebitzitzari buruz egindako proposamenetan «bat egin» dutela, baina «erresistentziak» topatu dituztela, besteak beste, zerga sistemari buruz egindakoetan.
Jaurlaritzako iturriek berretsi egin dute Martinezek esandakoa, jakinarazi dute arlo batzuetan aldaketak egitea «ezinezkoa» izango dela, baina beste batzuk «berriro diseina» daitezkeela, eta beste hainbatetan «aurrera egin» daitekeela. «Zehaztasun gehiagori buruz aritzeko», hilaren 22an biltzekotan gelditu dira.
EH Bildu, zuzenketa eske
Maddalen Iriarte EH Bilduren legebiltzarkideak eskatu du Eusko Jaurlaritzaren 2020ko aurrekontu egitasmoa «zuzendu» egin behar dela, «eta gobernuak argitu behar du zer aldatzeko prest dagoen». Esate baterako, azaldu du ez dagoela politika feministak garatzeko, pentsiodunen beharrei erantzuteko eta klima larrialdiari aurre egiteko neurri berririk. «Aurten aurrekontuari beste zelofan bat ipini diote, baina edukiak lehengoan jarraitzen du».
EH Bilduk kezka agertu du aurrekontu proiektuan Jaurlaritzak «gauza bat esan eta beste bat egin» duelako. Iriarteren arabera, aurrekontu proiektuaren zuzentarauak aurkeztu zituztenean, berdintasuna, klima aldaketaren kontrako neurriak edota kalitatezko enplegua aipatu zituzten, besteak beste. «Hitzak oso erraz esaten dira, baina gero benetako finantzaketarik ez baldin badaukate, hutsean geratzen dira». Adibide modura jarri du klima aldaketarena: «Legeak 100 milioi euroko funtsa aurreikusten zuen, eta derrigorrez bete behar da. Non daude klima aldaketari aurre egiteko 100 milioiak? Aurrekontu proiektuan ez daude». EH Bilduk uste du Jaurlaritzak diskurtsoa aldatu duela. «Zenbakiak beste modu batez ordenatu ditu, baina edukiak aldaezin segitzen du, iaz bezala».
EH Bilduko bozeramaileak iragarri du bere taldea proposamen bat prestatzen ari dela 2020ko aurrekontuak alda daitezen, eta adierazi du prest daudela Jaurlaritzarekin akordio bat bilatzeko. Joan den urtean bi parteak epea amaitu arte hizketan egon ziren, baina ez zuten akordiorik lortu. Oraingoei buruz aritzeko lehen bilera heldu den astean egingo dute. Itxura guztien arabera, ostegunean izango da.
«Norabide aldaketa bat dago»
Elkarrekin Podemosek «aldaketak sartzeko prest» ikusi du Jaurlaritza, aurrekontuak adosteko eginiko lehen bileran. 350 milioiren balioa duten aldaketak egitea proposatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu