2023ko aurrekontuak

Elkarrizketei heltzeko «esparru bat» eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari

Iriartek nabarmendu du erabaki estrategikoak hartzeko garai dela. Zupiriak esan du proiektua aurkeztu ostean hasiko direla negoziazioak

Maddalen Iriarte, Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak datorren astean onartuko du 2023ko aurrekontu proiektua, haren inguruko eztabaida Eusko Legebiltzarrera bideratzeko. Orduan hasiko da oposizioko taldeekin negoziatzen, Bingen Zupiria bozeramaileak jakinarazi duenez. EH Bilduk, baina, pausoak ematen hasteko eskatu dio gobernuari. «Aurrekontuak herri itun gisa planteatzeko [Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo] Urkulluren asmoa zintzoa baldin bada, elkarrizketa esparru bat eduki beharko genuke», adierazi du EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko eledun Maddalen Iriartek.

«Marra gorririk» gabe hitz egiteko prest daudela esan du Iriartek, baina nabarmenduz «erabaki estrategikoak» hartzeko garaia dela. Hala, beharrezkotzat jo du aurrekontu proiektua onartu aurretik ere «gogoetak partekatzeko» eta «adostasunak bilatzeko» gune bat eratzea, testuinguru sozioekonomikoak hala eskatzen duelako.

EH Bilduko eledunak azaldu duenez, Nafarroako eta Espainiako gobernuek modu horretan jokatu dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, baina, Jaurlaritzaren ezezkoa jaso du koalizioak. «Herri akordioak egiteko borondatea erantzun horren arabera neurtu behar baldin badugu, Lakuan borondatea txikia dela pentsatu behar dugu nahitaez», kritikatu du Iriartek. Hala, «herri akordioen» aldeko apustua adierazi arren, aurreko urteetako negoziazio molde bera erabiltzea egotzi dio Eusko Jaurlaritzari.

Egun indarrean dauden aurrekontuak Eusko Jaurlaritzaren eta EH Bilduren akordioaren ondorio direla ere gogorarazi du legebiltzarkideak. Hala, koalizioaren lorpen gisa aurkeztu du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak egindako azken iragarpena: Osakidetzan beste 358 plaza sortuko dituzte. «Neurri hori EH Bilduk txertatu zuen iaz», azaldu du, eta gehitu du bide hori jorratzea dela koalizioak nahi duena elkarrizketarako «esparru bat» eskatzean.

Mahai gainean jarri nahi dituzten zenbait proposamenen berri ere eman du Iriartek. Koalizio subiranistak hilabete hasieran aurkeztutako Ongizate Hitzarmenaren bidetik, eledunak azaldu du egiturazko neurriak behar direla, besteak beste zerbitzu publikoak indartzeko, etxebizitzen prezioa mugatzeko eta erreforma fiskal «progresiboago» bat martxan jartzeko. EH Bilduko legebiltzarkideak gehitu du horiek lekua izan behar dutela 2023ko aurrekontuetan.

Saiakera «serioa»

Jaurlaritzak beste tempo bat ezarri nahi du. Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak aurreko astean iragarri zuen 2023ko kontuak «arduratsuak» izango direla, eta Gobernu Kontseiluak asteartean emango die haiei behin betiko baiezkoa. Hala, proiektua astebete barru bideratuko dute Legebiltzarrera, eta hurrengo asteetan haien inguruko xehetasunak emango dituzte sailburuek, Ogasun Batzordean. Orduan, eta ez lehenago, hasiko da «talde parlamentarioekin hitz egiteko eta negoziatzeko epea». Zupiriaren hitzetan, gobernuak saiakera «serio» bat egingo du oposizioko alderdiekin akordioak lortu ahal izateko, nahiz eta EAJk etaPSE-EEk gehiengo osoa duten Legebiltzarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.