Zauri zurian beltzez

'Eskuan beti zerbait' izenburua dauka Maialen Berasategi Catalanen lehen poema liburuak. Balea Zuria argitaletxearen eskutik plazaratu du

Maialen Berasategi Catalan, atzo, Donostiako Udal Liburutegi Nagusiko Mandas aretoan. JON URBE / FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Donostia Kultura poesia sariko irabazlea izan da aurten Eskuan beti zerbait bilduma, Maialen Berasategi Catalan (Gasteiz, 1989) BERRIAko euskara taldeko kideak idatzia. Berasategiren sortzezko lehen liburua da hau, baina ezagunak dira haren itzulpenak: Rebecca Westen Soldaduaren itzulera, Adrienne Richen poesia kaiera eta Emakumeagandik jaioak saiakera, Carole Patemanen Kontratu sexuala, Monique Wittigen Pentsamendu heterozuzena edo Walter Benjaminen Literatura oharrak; halaber, haur eta gazte literaturako ale batzuk.

Poesia errezitaldia eta liburuaren aurkezpena, erdi eta erdi izan da ekitaldia. Ezin egon poema irakurriz abiatu da Berasategi, eta ondoren, solas artetan, beste hiru pieza ere eskaini ditu boz gora eta kadentzia dotorez: Ñañarro, Errezetak eta Algara.

Liburuaren pizgarrietako bat ezinegona dela aitortu du poetak, nahiz eta ez zen idazten hasi pentsatuz egonezinaz ere jardungo zuela; «besteak beste, ezin delako horrela negoziatu egonezinarekin, hain alai». Izenburuak berak ere sentipen horri egiten dio erreferentzia: «Zeri heldu ez jakiteak, edo heltzen ari zaren horren ahultasunaz jabetzeak zer hutsune, desoreka, ezinegon dakarren. Eta baita ere, ezinegonari nola erantzuten diogun ahal dugunari helduz, eskuan beti zerbait edukiz, badaezpada ere».

Arnaskariari izeneko poeman dator liburuari izenburua ematen dion esaldia: «normala deritzozu/ eskuan beti zerbait eduki behar gorriari/ urrutiko agintea, dutxa-sagarra, labana bat/ zeozer pisuduna, ez pisutsua/ erorita ere istripu huts izango dena eta ez/ zanpamendu erabatekoa». Umorez eta gaiztakeria kutsu batez hasten dira poema horren estreinako lerroak: «Pixka-pixka bat zoriontsuago zara/ telebista errebobinatu daitekeenetik:/ aukeramena, libertatea, Netflix».

Jolasak eta autoironia

Oroz gain, poema hauek idaztea jolas bat izan da idazlearentzat; ariketa bat, «pixka bat ikusteko azala eta mamia, forma eta semantika noraino eta nola uztar nitzakeen. Norbere mugak ezagutzeko jarduna ere izan da».

Saiatu da trinko idazten, ahal bezain sinple eta labur. «Baina behar bezain luze eta sakon. Ez nuen jo nahi gardenkeriara, eta era berean ez nuen poesia kriptikorik egin nahi». Aldarteari dagokionez, iruditzen zaio saiatu dela ikuspegi ahalik eta zorrotzenetik idazten, «baina ulerkor, eta samur samar ere bai. Gezurra dirudien arren, umore printza batzuk sartu dizkiodala uste dut. Desdramatizatuz, autoironiaren bidez». Eta badira poema batzuk deskriptiboak, kontalari ustez hotz baten begietatik eginak. «Munduak askotan sortzen duen txundidura eta zurztasun terrible hori disimulatzeko hoztasun moduko bat, ziur aski».

Liburuaren beste ernamuinetako bati buruzko ohar bat egin du Berasategik: «Gaztaroaren amaieran sartzen zaren unean sortzen diren gogoeten eta sentipenen saski-nahaski bat ere bada liburua, neurri batean; batzuetan gorabeheratsua eta paradoxiko samarra».

30 poemako bilduma honi bukaeran beste pieza bat gehiago erantsi zaio, bonus track tankeran. Errimak ene parasito maiteari du izena; neurriz eta errimaz konposatutako olerkia da: lau lerroko lau ahapaldi. Gainerako guztien aldean ezberdina da. «Zauri zurian beltz egitea/ bada beharbada mendeku bat/ baina halaber bazka erraza/ nire bizkarroi saloarentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.