Gazteen emantzipazioa. Bizipenak

«Alokairu gutxi dira 800 eurotik beherakoak»

Iruñea. Alde Zaharreko pisu batean bizi dira Iñigo San Martin eta Ainhoa Izkue gazteak, alokairuan. Etxe bila ari zirela konturatu ziren gobernuak exijitzen dien prezioa eta merkatuak eskaintzen duena oso ezberdinak direla.

Iñigo San Martin eta Ainhoa Izkue, Iruñeko Alde Zaharrean. IÑIGO URIZ / FOKU.
itsaso jauregi 2
Iruñea
2022ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Alokatzea da bide bakarra. Hori pentsatu zuten Iñigo San Martin eta Ainhoa Izkue iruindarrek, etxe bila hasi zirenean. Batek 28 urte ditu, eta besteak, 22. Gurasoen etxetik alde egin nahian, Interneteko atari eta bilatzaileetan hasi ziren pisuak begiratzen. Argi zuten bi logelako etxebizitza bat behar zutela —Izkuek etxetik egiten duelako lan—, Iruñeko Alde Zaharrean. Argi zuten alokairuaren prezioa ere: 650 euro, gehienez. «Pisuak ezin zuen hilean 650 euroko errenta gainditu, bestela ezin genuelako gobernuaren diru laguntza eskatu», esan du San Martinek. Nafarroako Gobernuak eskaintzen duen Emanzipa programako diru laguntzek baldintzatuta egin zuten bidea San Martinek eta Izkuek. Izan ere, laguntza jasotzeko baldintzetako bat da etxebizitzaren hileroko errentak ezin duela kopuru hori gainditu.

Ikusi gehiago:GURASOEN HABIA UTZI EZINDA

Hortaz, etxearen prezioa aldagai garrantzitsuena bihurtu zen gazteentzat, gobernuak jarritako baldintza estuetara egokitzea baitzen gurasoen etxetik ateratzeko aukera bakarra. Ez zen erraza izan. «Hilean 800 eurotik gora eskatzen ziguten ikusi genituen etxe gehienengatik», azaldu du San Martinek. Administrazioak langa bat jarria zien goitik; merkatuak beste bat, behetik. Bien erdian, bi gazteek oso tarte estua zuten bi etxebizitza duin bat aurkitzeko.

Baldintzak, gutxiren esku

Nafarroako Gobernuaren Emanzipa laguntzak jaso ahal izateko, zenbait baldintza bete behar dituzte gazteek. Lehena, adinarena: orain arte, 23 eta 31 urte artekoek soilik eska zitzaketen, baina aurten 35 urtera zabaldu dute adin tartea. Beste baldintzak hauek dira: Nafarroan erroldatuta egotea eta, gutxienez, 3.000 euroren diru sarrerak izatea. Horiek beteta, Emanzipa laguntzaren zenbatekoa etxebizitzaren hilabeteko alokairuaren %50 da, eta hilean 250 eurokoa, gehienez ere.

Hortaz, laguntza jasotzea ezinbesteko bihurtu zen Izkuerentzat eta San Martinentzat, eta arreta osoa jarri zuten 650 eurotik beherako alokairu baten bila. «Bigarren lerroan gelditu ziren beste ezaugarriak: pisuak bi logela izatea edo Alde Zaharrean egotea...», gogoratu dute. «650 eurotik behera», idatzi zuten webguneko bilatzailean, aldagai bakar gisa. «Prezio horretatik behera eta bi logelarekin ez dago ia ezer ere», aitortu du Izkuek.

Topatu zuten, azkenerako. Bolada batean Interneten etenik gabe bila aritu ondoren, bilatzen zituzten ezaugarri guztiak betetzen dituen etxebizitza bat aurkitu zuten, Iruñeko Kale Nagusian: bi logela ditu, Alde Zaharraren erdian dago, eta, gainera, bat dator gobernuak exijitzen zien aurrekontuarekin: «Aurkitu genuen pisu bat 600 euro ingurukoa, eta ezin genuen sinetsi. Bisita egitera joan ginen pentsatuz tranpa zela, halako maukak ez baitira normalak», oroitu du San Martinek. Tranparik ez zegoela ziurtatu ostean, kontratua sinatu zuten. «Zorte handia izan genuen, halako pisuek, normalean, askoz gehiago balio baitute», adierazi du Izkuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.