Koronabirusa

Testen arorako argibideak

Konfinamendua arintze aldera, erabilgarriak izango dira birusa eta haren antigorputzak detektatzeko testak: hainbat eratakoak daude, eta denen premia izango dela uste dute adituek.

arantxa iraola
2020ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
«Testak, testak, testak». Ezagun egin da asteotan adierazpena. Martxoaren erdialdean esan zuen hori OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusi Adhanom Ghebreyesusek, ohartarazi nahian COVID-19aren pandemiari nekez egingo zaiola aurre gaitza nork duen eta nork izan duen ondo zehaztu gabe. Gaixo daudenek kutsatu egin dezakete; pasatu dutenek immunitatea dute, eta, beraz, babestuagoak daude birusaren aurrean —oraindik ez dago argi zenbat, noiz arte—. Aintzat hartu beharrekoak dira bi aldagaiak gaitza kontrolatzeko, gogoan hartuta, bereziki, hainbat pazientek sintomarik gabe igarotzen dutela: zer jazo zaien jabetu ere egin gabe. Estatu gehienek ulertu dute, beraz, aparteko ahalegina egin behar dutela test horiek eskuratzeko, eta estrategia egokiak landu behar dituztela horiek egiteko. Konfinamendu neurriak arintzeko, ezinbestekoak izango dira. Komeni da, beraz, horiei buruzko hainbat jakingarri zehaztea.

PCR erakoak:birusaren bila doaz

COVID-19 eritasuna atzemateko PCR testetan, sudurra eta faringea igurtzi, lagin bat hartu, eta hura ikertzen da birusaren arrastorik baden argitzeko: haren genoma bilatzeko prestatuta daude. Lauzpabost ordu behar izaten dira testen emaitzak izateko. Orain arte, oro har, azterketa horiek egin dira positiboak atzemateko; baliabideak urriak izan dira, ordea, eta pertsona askok, sintomak izan arren, ezin izan dute baieztatu COVID-19 eritasuna izan duten. Jakina da, bestalde, izan direla pertsonak positibo eman dutenak test horretan baina ez dutenak batere sintomarik izan. Laborategi batean egin behar dira PCR testak, eta propiotrebatutako langileek egin behar dituzte. Adituen arabera, fidagarritasun handiko testak dira PCR motakoak, eta hastapenetan ere atzematen dute eritasuna. Giltzarri izango direlakoan, gero eta gehiago hitz egiten da test azkar deituez ere. Oro har, bizkorragoak dira egiteko, eta errazagoak. PCR testen xedeekin bat, antigenoak atzemateko test azkarrak badira, baina fidagarritasuna apala dute oraino, eta PCR testekin batera osatu behar dira.

Antigorputzak bilatzeko testak

Test azkarren artean aipatzen dira, era berean, antigorputzak atzemateko prestatutako hainbat azterketa mota. Ez doaz birusaren bila propio; birusari aurre egiteko giza organismoak sortzen dituen antigorputzak dituzte xede. Odol laginen bidez egiten dira usu. Bi motatako antigorputzak aurki ditzakete. Baga: IgM motakoak agertzen badira, ulertu behar da pertsona hori COVID-19 gaitzaren fase akutu batean dagoela, eta bakartu egin beharko da, gaitza heda ez dezan. Biga: IgG erakoak agertzen badira, esan nahiko du jada gaixotasuna pasatu duela, eta antigorputzek erakusten dutela immunizatuta dagoela. Test horien fidagarritasuna ez da PCR motakoena bezain handia. Positiboak direnean seguru-seguru dira positiboak: ez da dudarik. Negatiboak direnean, ordea, dudazkoak dira; kasu horietan, badaezpada ere, PCR test bat egin behar dela diote adituek. Test azkarren eragozpen bat da positiboak usu ez direla agertzen pazienteak sintomekin hasi arte. Baina erabilgarriak izango dira oso: diotenez, test azkarrekin egindako azterketa aleatorioei esker, oro har, jakin ahal izango da birusa zenbat hedatu den, eta zer eboluzio izan duen. Horren araberako neurriak hartu ahal izango dira gero. Adituen ustez, test mota ezberdinak elkarren osagarri izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.