Goiza telefonoari itsatsita egin du Bixintxo Bilbaok (Ziburu, Lapurdi, 1991). Zigorraren albisteak oihartzun handia izan du, eta babes mezu pila bat jaso ditu. Pozik dago horregatik, garbi baitu debekua ez dela bidezkoa. Pilotari jarduna Aviron Baionako komertzial lanarekin uztartzen du, eta bizkarreko lesioa sendatzeko tratamenduarekin.
Zigorraren gaiak oihartzun handia hartu du. Harrituta al zaude?
Bai, pixka bat bai, baina harrituago nago zigorraren gogortasunarekin. Urtebete nazioartean jokatu gabe egotea asko da. Erabaki lotsagarria dela atzematen dut, irrigarria ere bai. Beren buruari Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioa deitzen diote, eta guk ezin dugu ikurrina erakutsi. Hori falta larria omen da. Nik ez nuen arautegia ezagutzen, baina hala omen da.
Zer sentipen duzu zigorra jakin zenuenetik? Haserrea?
Haserrea, egia esan, ez; tristura sumatzen dut. Batzuek gordea duten gorrotoa azaleratu da zigor hau ezartzean.
Babes handia jaso duzu.
Bai, izugarria; horrek poztu egin nau. Ipar eta Hego Euskal Herriko jende askok eman dizkit animoak, baita Euskal Herritik kanpoko jendeak ere. Are gehiago, bere burua euskal herritar sentitzen ez duen jendeak ere esan dit erabakia ez duela ulertzen, ez baita ulergarria.
Helegitea jartzeko aukera duzu. Jarriko al duzu?
Bai, noski; hilabeteko epea dut, eta Lilou Etxeberria Frantziako Pilota Federazioko presidentearen laguntzarekin egingo dut, haiek beren sostengua adierazi baitidate. Agintariekin hitz egin dut, eta haien bitartez jarriko dut.
Nazioarteko Federazioak dio birritan jarri zirela harremanetan zurekin. Zuk ukatu egin duzu.
Telefono deirik ez dut jaso, ezta gutunik ere. Mezu bakarra posta elektronikoko nire helbide zahar batean zegoen, eta ez nuen ikusi. Deitu izan banindute, joan izango nintzen bulegoetara; Iruñean daude, etxetik ordubetera autoz, eta askotan joaten naiz hara. Beren argudioak gustura entzun izango nituen, eta neure burua defendatuko nuen. Baina nik ez nuen deirik jaso.
Nola izan zen ikurrinaren afera? Nola oroitzen duzu?
Mexikoren aurkako finala irabazi ondoren izan zen. Lehenbizi, ordu laurden bat izan genuen lehen ospakizun eta elkarrizketetarako, eta, gero, podiumera igo ginen. Han nengoelarik, Bartzelonara joan eta ikusleen artean zeuden lagun batzuek ikurrin bat eman zidaten, eta nik hartu egin nuen. Harro bainaiz, ikurrinarekin igo nintzen podiumera, eta inork ez zidan ezer esan. Ezer esatekorik ere ez zegoen, ikurrina, normalean, ez baita debekatua.
Ba al zenuen debekuaren berri?
Orduan ez; orain, bai.
Berriz egingo zenuke?
Bai, noski. Ikurrina gure hizkuntzaren eta gure kulturaren adierazgarri da, eta ez da ulergarria hura podiumean erakustea falta larria izatea.
Taldekide edo hautatzaileek zerbait esan al zizuten?
Ez. Nire erabakia izan zen, ikurrina nik hartu nuen eskuetan. Agian baten bati nik inposatu nion. Bakoitzak baditu bere pentsamenduak, eta nik errespetatzen dut erabat. Eta haiek errespetatu egin zituzten nire sentimenduak, eta ez zidaten ezer esan.
Debekuak ez dizu eragiten zure jardun normalean, ezta? Berezkoekin modu berean jarrai dezakezu.
Ez, eta hori garrantzitsua da. Esaterako, Binakako Txapelketa jokatu ahal izango dut, eta udako torneoetan parte hartu. Traba bakarra urrian izango dut, orduan jokatuko den Munduko Kopan ezingo dudalako parte hartu. Betiere zigorrari euste badiote.
Munduko Kopa hori jokatzeak ilusio berezia egiten al dizu oraindik?
Bai, nik txapelketa guztiak jokatzen ditut gustura. Hara Frantziako selekzioarekin joan beharra dago, euskal selekziorik ez baitugu, eta nik txapelketa guztiak jokatzea maite dut.
Eta merezi al dizu Frantziarekin horrela jokatzea? Bere garaian pilotari askok egin zioten uko selekzioei.
Ez dut horrelakorik pentsatu, egia esan. 18 urte nituelarik, euskal selekzioarekin jokatu nuen; guztiz harro nengoen, oso pozik. Hartaz geroztik, baina, euskal pilotari gisa ez gara onartuak izan, ez baitago selekziorik. Gero hasi ginen Frantziakoarekin, eta, nire ustez, ez jokatzea ere ez da konponbidea, ez dugulako erakusten ahal gure izaera zer den. Nahiko konplikatua da kontua. Eta nik jokatu nahi dut, eta, irabazten dudalarik, erakustea nongoa naizen, eta nire koloreak erakustea.
Euskal selekzioaren alde zaudela esan duzu beti. Nola ikusten duzu egun gaia?
Nahiko hotz ikusten dut giroa. 18 urterekin, Munduko Txapelketa moduko bat jokatu nuen euskal selekzioarekin. Orain badirudi ezin dela ezer egin, eta, gero, euskaldunok beti traba asko izaten ditugu gure bidean, gutxiengo bat gara, eta guretzat beti da zaila, are gehiago mentalitate hori duen jendearekin.
Zure polemikak gaia pizten lagundu dezake?
Agian bai. Baina dena bistan utzi du: ikusten da badagoela jendea gure ikurrina gorroto duena, gure hizkuntza eta kulturaren aurka dagoena. Hori da penagarria; urteak pasatzen dira, baina gauza ez da askorik mugitzen, eta hori da penagarria. Eska dezakegun gutxiena errespetua da.
Zer moduz zaude osasunez? Buruz burukoaren finalerdietako ligaxka bertan behera utzi duzu arazo fisikoen ondorioz.
Bizkarrean tendinitisa dut. Bi aste daramatzat pausatuta, eta gehiago beharko dudala iruditzen zait. Amorrua eman zidan, ligaxkara oso ondo prestatuta iritsi bainintzen, baina ezinezkoa zen jarraitzea. Orain nire onena ematen ari naiz sendatzeko. Zorionez, zurda ez dago hautsita, eta plasma injektatzen didate bizkorrago osatzeko.
Binakako Txapelketa hastear da. Ordurako bai?
Baietz espero dut. Peio Larralderekin jokatuko dut, eta 16an dugu lehen partida. Nik entrenamenduren bat egin nahiko nuke hurrengo astean, eta txapelketan lehen partidatik hasi. Larralde ere zauritua da zango azpian, eta berak ere pausa behar du.
Ondo sendatuz gero, zuek izango zarete faboritoak.
Bitan jokatu dugu elkarrekin, eta bitan izan gara txapeldun. Hortaz, faborito nagusiak izango gara, baina txapelketa eta partida guztiak jokatu behar dira.
Igandean da buruz buruko finala. Zein traza hartzen diozu?
Ducassou Ospitalen aurka. Ducassou ikusten dut faborito, buruz buru beti irabazi izan diolako Ospitali. Baina Ospital pilotari oso borrokalaria da, buruz buru ongi aritzen dena, eta lanak emango dizkio. Finala Hazparneko pilotaleku berrian jokatuko da, eta ea jende asko biltzen den.
Bixintxo Bilbao. Trinket pilotaria
«Batzuek gordea duten gorrotoa azaleratu du zigor honek»
Asteburu gazi-gozoa izan du Bixintxo Bilbaok, Munduko Pilota Txapelketan ikurrina erakusteagatik jasotako urtebeteko zigorraren atsekabea iritsi zaizkion babes mezu ugariek leundu baitiote. Egindakoaz harro dago, errepikatuko lukeela dio, eta ebazpenaren aurkako helegitea aurkeztuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu