Irungo eta Hondarribiko andreek alardeetan soldadu gisa parte hartzeko lehen aldiz eskatu zutenean, bi herri horietako emakumeek buruko gaitzen argudiopean baino ezin zuten abortatu, eta ezin ziren beste emakume batekin ezkondu; eztabaida feministak ia bazterrekoak ziren, andreen eskubideak ez zeuden erakunde publikoen agendan, eta indarkeria matxista auzi pribatu bat zen. 25 urte geroago, hainbat lege eta eskubide ez ezik, ikusgaitasuna ere irabazi dute emakumeek, eta lan eta kultura esparru ugaritan sartu dira feministak eta haien aldarrikapenak. 2021. urterako, bi greba feminista historiko izan dira Euskal Herrian, baita sexu indarkeriaren aurkako mobilizazio masiboak ere, eta pandemia betean zaintzaren aldeko diskurtso feministak bere egin dituzte instituzioek. Baina, loraldiak loraldi, Bidasoa ingurua irla bat da oraindik ere: Irungo eta Hondarribiko emakumeek ezin dute beren herriko jai nagusian berdintasunez parte hartu. Anakronismo bat da, baina ez dirudi ezinegonik eragiten dienik herriotan agintean diren erakundeei eta alderdiei.
1996an emakumeak alardeetan sartzen saiatu zirenetik, Eusko Jaurlaritzak lau lehendakari izan ditu; Gipuzkoako Diputazioak, lau ahaldun nagusi; Irungo Udalak, bi alkate; eta Hondarribikoak, hiru. Denak izan dira gizonezkoak; bakarra joan da herriotara desfile parekideak txalotzera. Soilik Bilduren aldundiak (2011-2015) adierazi zien babes zabala andreei, eta hark abiatu zuen azken urteetako konponbide prozesu sendo bakarra. EAJk eta PSE-EEk, ordea, alarde baztertzaileak babestu dituzte udaletatik; alderdietako zuzendaritzei oraindik kosta egiten zaie Irungo alarde mistoaren eta Hondarribiko Jaizkibel konpainiaren aldeko adierazpen irmoak egitea, eta azken urteetan desfile parekideetara hurbildutako ordezkariek ere anakronismoa luzatzea proposatu dute irtenbideaz mintzatzean: Hondarribian ere bi alarde egitea. Emakumeen eskubideen alorrean, onargarria omen da ustezko bizikidetzaren izenean diskriminazio bat ametitzea.
Alardeen auzia aztertu dutenek aho batez diote gatazka azkar konpon zitekeela erakunde publikoek esku hartu izan balute. 25 urteotan, baina, ardura horri bizkarra eman diote instituzio gehienek; pandemiaren ondorioz, bi uda hauetan ez da alardeekin lotutako tentsio garairik izan herriotan, baina abagune hori ere ez dira baliatzen ari udalak eta aldundia, nahiz eta Jaizkibelek berariaz egin dien elkarrizketarako deia.
Baina azken alardea egin zutenetik, aldaketa esanguratsu bat izan da Hondarribian: desfile baztertzailean ateratzen diren hainbat gaztek jendaurrean adierazi dute emakumeek berdintasunez parte hartzea babestuko luketela. Guztion Alardea taldeak konponbiderako hazi bat erein du; alardea soilik gatazka giroan ezagutu dutenek esan dute aski dela, eta beldur harresia hautsi dute: urteetan isilpean eta pribatuan emandako iritziak plazara atera dituzte, eta berriki berretsi dute andreak soldaduz janzteak ez duela «ezer aldatzen».
Urteetan espero izandako urratsa da: konponbideaz aritzean, adituen ahotan ezinbestekoa zen hirugarren espazio horren sorrera, eta ondoren, erakundeek bultzadatxo bat ematea, bideratzea. Halako asmorik iradoki dezakeen adierazpenik ere ez dute egin instituzioek, oraingoz behintzat. Urteetako utzikeria eta diskurtso nahasiak oztopo dira orain pauso esanguratsuagoak emateko, mende laurdenez elikatutako munstroari mugak jartzea zailegia baitzaie uneotan. Euskal Herrian emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde izandako gatazkarik luzeena kronifikatze bidean da, konponbidea errazen duen abagunean.
Ikusi gehiago:
Ixabel Alkain eta Mertxe Tranche: «Harrotasuna da gailentzen den sentipena: harrotasun kolektiboa»
Instituzioak eta politika, herrenka.
Txaro Arteaga: «Koldarkeria handia egon da, eta ezjakintasuna»
Maribel Castello: «Egon da iruzur instituzional bat»