Presoen eskubideen aldeko Bilboko manifestazioa ezin izan dute ohiko moldean egin aurten ere, osasun egoerak galarazi duelako; eta Sarek nahiago izan du bere aldarria hiri eta herrietara eramatea, berrehun bat manifestazioren bidez. Milaka herritar elkartu ziren horietan, eta baita Bilboko kaleetan ere, espetxeetako «salbuespen egoera» buka dadila eskatzeko. Bilbo inguruko eskualdeetako herritarrak Bizkaiko hiriburuko manifestazioan parte hartzera deiturik zeuden, eta horrek ekarri du mobilizazioa jendetsuena izatea, segurtasun neurriak gordeta, betiere.
17:00etan abiatu zen manifestazioa Bilboko Plaza Eliptikotik. Mobilizazioaren buruan euskal presoen senitartekoak joan ziren, lau zutabetan banaturik eta elkarren arteko aldea gordez, eskuetan presoen herriratzea adierazten duten geziak zeramatzatela.
Horien ostean pankarta nagusia zetorren, Bidean leloarekin. Sareko bozeramaile eta ordezkariek eusten zioten pankarta horri: han zeuden Joseba Azkarraga, Begoña Atxa, Iñaki Lasagabaster eta beste zenbait. Atzetik, herritar multzo handia, ilaratan joan gabe baina elkarren arteko distantzia gordez.
Manifestazioa txalo artean abiatu zen, eta txalo artean iritsi zen udaletxearen aurreko aldera, Plaza Biribila igaro ostean. Euskal presoak etxera, Espetxeak apurtu eta antzeko oihuak entzun ziren manifestazio osoan. Udaletxera iritsitakoan amaierako ekitaldiari ekin zioten, oraindik udaletxeko zubitik jende andana iristen ari zela.
Ideologiari erreparatu barik
Manifestazioa amaitutakoan, Sareko bozeramaile Arantza Aldezabalek eta Joseba Azkarragak eskerrak eman zizkieten Bilbon eta gainerako herrietan bildutakoei: «Ez dugu begiratzen nork egiten duen bidea gure ondoan. Berdin zaigu zer ideologia duen edo zer alderditakoa den. Garrantzitsua da giza eskubideak elkarrekin defendatzea».
Sareko eledunek adierazi zutenez, euskal presoei ezartzen dieten «salbuespen erregimenak» indarrean dirau. Aitortu zuten presoen urruntzeari dagokionez «zerbait» aurreratu dela, baina oraindik preso asko Euskal Herritik urrun atxikitzen dituztela salatu zuten. «Amaiera eman behar diogu egoera horri», azaldu zuten: «Euskal preso guztiek Euskal Herriko espetxeetan egon behar dute, haien eskubidea delako, eta espetxeetako eskumena transferitu ondoren jarraipen positiboa eta humanitarioa egiteko aukera dagoelako».
Urruntzea ez ezik, graduen progresioaren «blokeoa» eta espetxe baimenak lortzeko zailtasunak ere aipatu zituzten: «Ez dugu pribilegiorik eskatzen; justizia eskatzen dugu. Giza eskubideak aldarrikatzen ari gara».
Sareren bozeramaileek gogora ekarri zuten Eusko Jaurlaritzak duela ehun egun hartu zuela bere gain espetxeetako kudeaketaren eskumena. «Zain gaude», erantsi zuten: «espetxe politika humanizatua aplikatzeko jarduketa irizpide berriak ezarri behar dira». Itxaropena azaldu zuten, baina ohartarazi zuten hori egin ezean behin eta berriro gogoraraziko dietela egiazko bakeak «ausardia, gizatasuna, legeari errespetua eta askatasunarekin konpromisoa» behar dituela.
Manifestazioaren geldialdi batean, Azkarragak erantzun egin zion Irune Berasaluze jeltzaleak esandakoari. Berasaluzeren ustez, presoen aldeko mobilizazioak «kaltegarri» suerta daitezke «lan politikorako». Azkarragak, berriz, uste du «bateragarriak» direla: «Gobernuak ez dira berez mugitzen, mugiarazi egin behar dira».
Euskal presoak. Manifestazioak
IZURRIAK EZ DU ELKARTASUNA ETEN
Milaka lagunek euskal presoen aldeko urratsak egiteko eskatu dute, 200 bat mobilizaziotan, eta jendetsua izan da Bilboko manifestazioa ere, baina ezohikoa. Sarek nabarmendu du salbuespenezko politikak amaitzeko ordua dela: «Ez dugu pribilegiorik nahi, justizia eta giza eskubideak baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu