Ez dut ezer berririk aurkituko, esaten badut hezkuntza ez dela gai hutsala, baizik eta gizartearen funtsezko eta oinarrizko zerbait, etorkizunerako asegurua eta bermea, hain zuzen. Egia esan, herritarren bizikidetzaren, aurrerabidearen eta demokraziaren beraren oinarriak, zalantzarik gabe, adosten dugun hezkuntza sistemak osatzen ditu. Helburua: adostasuna lortzea hezkuntzarekin zerikusia duten elementu guztien parte-hartzearekin. Elkarrizketa, eztabaida, eskuzabaltasun eta ikuspegi zabalarekin. Zeren hezkuntza ez da epe laburreko arma politikoa. Kontu serioa da. Kalitatezko hezkuntzaren alde egiten ez duen gizarte batek oso garesti ordainduko baitu marrazten ari garen etorkizunean.
Argi dago edozein gairi buruz negoziatzeko eta eztabaidatzeko jarrerarik onena, akordioak, hobekuntza-akordioak eta aurrerapenak lortzeko borondatea izatea dela. Esan dezadan lehenik eta behin argi eta garbi manifestatzeko, mobilizatzeko eta grebak egiteko eskubidea errespetatzen dudala. Zeren errespetu osoa diet sindikatuei, lan-hobekuntzak eskatzeko eskubide legitimoa baitute. Esandakoa esanda, harrigarria zait irakaskuntzako sindikatuek Hezkuntza Legearen aurka mobilizazioetara deitzea. Bereziki Legearen Aurreproiektuaren zirriborroa jendaurreko erakusketa deiturikoaren une zehatzean egin izana. Izan ere, izen berak dioen bezala, une egokia zen Legearen Aurreproiektuaren zirriborroari hobekuntza ekarpenak eta proposamenak egiteko, etorkizunean Hezkuntzaren Legearen Aurreproiektua aberasteko. Gainera, mobilizazioak deitu zituzten sindikatuek beraiek ere helarazi zizkien beren ekarpenak zirriborro horri. Hau da, aldi berean ekarpenak egiten direnean mobilizazioak deitzen dira. Azpimarratzekoa da Lege Aurreproiektuaz ari garela, ez Lege Proiektuaz, ezta, jakina, Hezkuntza Legeaz ere.
Hezkuntza Legea izapidetu beharko da, behar diren lege guztiak bezala, bere garaian eta, hala badagokio, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak testu artikulatu bat onartzen eta Eusko Legebiltzarrari helarazten dionean. Eta ondoren Legebiltzarreko talde politikoen arteko zuzenketei eta negoziazioei lotuta ezarritako aldiaren ondoren Legebiltzarrean ebatziko da. Bidea.
Harrigarriagoa zait kontuan izanik maiatzean, bide onetik beraz, sindikatu gehienekin adostutako neurriak hartu zirela, figura berriak sortuz ikastetxe publikoen mesedetan, profesionalak sartuz, ratioak murriztuz edo hiru urtetik aurrera ingelesa irakasten hasteko ekimena hartuz beste kuestioen artean. Borondatea.
Dena dela, erronka baten aurrean gaude eta horrek zuzenean inplikatzen du diru publikoen bidez ordaindutako ikastetxe guztiek batera lan egin beharko dutela gizarte kohesionatuagoa, berdintasunezkoagoa eta hain garrantzitsua den zerbait lortzeko, hau da, eskola-adineko gure ikasle guztiek edozertarako aukera-berdintasun justua lortzeko. Jada egin dira hainbat urrats, azkena Onarpen Dekretua, horren helburua izanik ikasle ahulenen eskolatzea orekatuagoa izatea, ikasle guztiek eskubide eta aukera berberak izatea, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eskaintzen duten ikastetxe guztiek erronka sozial horri aurre egiteko konpromisoa hartzea. Konpromisoa.
Hezkuntzan eta gure gizartean gertatzen ari diren aldaketek euskal hezkuntza-komunitatea osatzen dugun ikuspegi desberdinen hausnarketa eta egokitzapena eskatzen dute. Asmo komun bati erantzungo dion hezkuntzarako etorkizuneko lege baten inguruan ahalik eta adostasun handiena lortzeko beharra da. Elkarrizketa, kritika eraikitzailea, konponbideak bilatzeko lankidetza, hausnarketa eta erantzukizun partekatua dira hobekuntzarako, hezkuntzari dagokion guztiaren aurrerapenerako eta hobekuntzarako oinarriak. Zubigintza derrigorrezkoa da eta zaigu. Erronka kolektibo baten aurrean gaude, herri erronka baten aurrean. Inor ez dago soberan. Guztiok gaude ahalegin horretara deituak. Lehentasuna eman behar zaie gizarte eta hezkuntza eragile guztien erantzukizunari, ikuspegi zabalari eta argi luzeei, baita sindikatuenei ere. Bai.
Erantzukizuna hezkuntzan ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu