Mauleko bozetako hiru hautagaiek erantzun dieteBERRIAren galderei. Euskararen aipamena beren baitarik egin dute hirurek, baina agerian utzi dute ez dutela, auzapez izateko hautagai gisa, hirurek maila bereko gogoeta eraman.
Zein da euskararekin duzun harremana eta zer neurri har daiteke herri batean euskararen alde?
MIXEL ETXEBEST Auzapez eta hautagaia
«Maule ez dut ikusten aitzindari euskararen gaiarekin»
«Maule Maule da, ez gara ez Muskildi ez Urdiñarbe. Ez dut erranen abertzale bozak so egin behar direla jakiteko zenbat euskaldun baden, baina, baldin bada %15 euskaldun Maulen, jadanik anitz da. Nik ez dut ikusten herri bat gizartetik aparte gauzak egiten. Horretan bermatzen naiz gauzak egiteko. Euskalduna naiz, eta euskaraz ari naiz posible delarik, baina eskaera soziala ez da horretan. Baditugu bi langile euskaldun: bat herriko etxean eta bestea mediatekan: behar litzateke zenbatu zenbat jende ari zaien euskaraz eta zenbat frantsesez. Badira ere lau langile beren nahiz prestatzen direnak euskarara, baina bat langileen arduradun izateko bada inor ikusi gabe... Herriak pagatzen ditu euskara ikasteko beren lan denboran; nik plazer dut haiekin aritzea, edo amiñi bat kitzikatzea ea zertan diren, baina ez dut sentitzen... Beharbada guri da aitzinean izatea, uste dut hala ari garen, beharbada ez aski.
»Dena den Maule ez dut ikusten aitzindari; mera euskaldun bat eta plangintzak bai, baina arrastakoak tiratzeko badira herriak Muskildi eta Urdiñarbe bezala haboro plantatuak direnak. Maule, herririk handiena, nik ez dut sentitzen. Ene zerrendakoek ere errespetua badidate, baina ez da harago joan behar. Aitzineko zerrendarentzat nik negoziatu nuen ikastolako haur mauletarrentzat laguntza bat, baina aski entzuten dut ikastola ez dela Maulen. Komunistak azkar dira hemen Labadoten lanari esker, eta horiek ez dute euskaldun bozkatuko».
BEÑAT ELKEGARAI Hautagaia
«Jende batzuendako oraino euskara entzutea eraso bat da»
«Uste dut argiki behar dugula erran tabu hori erori behar dela. Jende batzuendako oraino euskara entzutea eraso bat da, eta domaia da. Gure zerrendan uste dut partekatzen dugu aberastasuna dela bi hizkuntza ukaitea. Denetan horrela ikusten da hori, salbu hemen, eta hori ez dut konprenitzen. Enetako ate zabal bat da mundura. Guk baliatzen dugu hemen [Elkar enpresan] gero eta gehiago, lanean ere bai, gure artean eta beste lantegiekin.
»Aipatu dugu taldearekin batzorde estra-munizipala egin nahi dugula sail horretan lan egiten edo interesa dutenekin. Ikusten baitugu, adibidez, jende anitz AEKn direla. Ikusi behar da nola lagundu —sos aldetik, beharbada—, baina baita nola baliatu gero ere. Sinpleki nola egiten dugu egun oroz euskara baliatzeko. Prefosta zenbaitek ez dute nahi ikasi, ez dute nahi entzun; eta hori konprenitzen dut, bakoitzak bere historia. Baina behar dugu erran klarki ondoko belaunaldientzat zer egiten dugun. Nahikeria baldin bada, zer egiten dugu ondoko belaunaldiendako? Konkretuki, ikerketa bat eginen dugu ikusteko zenbat jende baden interesaturik eta jakiteko zer sos zama ezartzen dugun laguntzeko».
LOUIS LABADOT Hautagaia
«Ez dut ukan euskara ikasteko xantza,nire historiagatik»
«Lekuko bardo batek euskararen ehorzle deitu ninduen behin. Ez dut ukan euskara ikasteko xantza, nire historiagatik. Nire aitatxi-amatxiak hona jin ziren ainara gisa [Nafarroa Garaitik eta Aragoitik Maulera espartingintzan aritzera heldu zirenei erraten zaie ainarak]. Maule gauza anitzen bidegurutzea da, eta nehork ez zuen euskara mintzatzen ene inguruan; beraz, ez dut euskara ikasi. Nire ama espainola da, eta aita, bearnotarra; ni, horren emaitza. Baina euskarari atxikia naiz, eta ikasten ere hasi nintzen; garai hartako auzapezak axuant izendatu ninduen, eta ezin nituen biak egin: euskara gau eskolan ikasi eta axuant izan. Nire onetan ari ez diren batzuek diote ez nauela arranguratzen, baina Mauleko herriko kontseiluan betitik ikastolaren aldeko diru laguntzak lasaiki bozkatu ditut, nahiz eta Errepublikaren eskola zale amorratua naizen. Ikastola Maulen zen garaian ahaleginak egin genituen baldintza ahalik eta hoberenak izan zitezen, nahiz ez ziren terribleak. Egoitza hura herriak uzten zion ikastolari. Ez dut dena menperatzen, baina uste dut tolerantzia ondasun baliosa dela, eta irekiak izan behar dugula».
Herriko bozak Ipar Euskal Herrian. Maule-Lextarre
Euskara bai, baina neurri zehatzik ez
Hiru hautagaiek aipatu dute euskararekiko duten harremana eta hizkuntza sustatzeko duten borondatea. Gaur egungo auzapezak ez du sentitu Maule aitzindari izatea, Zuberoan, euskararen aldeko urratsetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu