Euroak hogei urte. Prezioen bilakaera

Kolorea galdu duen billetea

Euroa indarrean jarri zenetik, %48,4 handitu da inflazioa Hego Euskal Herrian, baina hortik gora garestitu dira eguneroko produktu nagusiak, elikagaiak eta garraioa, esaterako. Soldatak ez dira neurri horretan handitu.

Kolorea galdu duen billetea.
Iker Aranburu.
2021eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Kondairak dioegun batean ehun pezeta kostatzen zen produktu batek, kafeak, euro bat balio zuela hurrengo egunean; hau da, egun batetik bestera %66 igo zela prezioa, euro bat 166 pezeta direlako. Uste zabaldua da prezioen borobiltzea orokorra izan zela duela hogei urte, pezetak eta liberak alde batera utzi eta euroak erabiltzen hastean, baita horren ondorioz prezioak izugarri garestitu zirela ere —gorantz borobildu baitziren, nola ez—. Baina usteetatik harago, zer diote estatistika ofizialek?

Galdera horri erantzutea ez da hain sinplea, ez bederen Euskal Herrian. Inseek ez du daturik ematen Ipar Euskal Herriari buruz, eta INE Espainiako estatistika erakundearen serie historikoak 2002ko urtarrileraino egiten du atzera; hau da, euroa euskal herritarren eguneroko dirua bilakatu zen hilabetera arte —1999an sortu zen, baina birtualki—. Hau da, 2001eko abenduaren 31tik urtarrilaren 1era gertatu ziren aldaketak ez direla azaltzen, baina bai 2002ko urtarriletik 2021eko azaro arte prezioek zer bilakaera izan duten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Tarte horretan inflazioa %48,4 handitu dela dio INEk. Hau da, lehen ehun pezeta balio zuenak gaur egun 148 pezeta balio beharko lukeela.

Egia da, ordea, herritarren begietara garestitzea handiagoa izan dela edo hori dirudiela. Eta hori da, neurri batean, begi horrek gehiago ikusten dituelako prezio batzuk eta gutxiago beste batzuk. Hots, gehiago erreparatzen diela egunero edo astero erosten diren produktuei —elikagaiak edo erregaia— eta gutxiago aldian-aldian egiten diren erosketek dituztenei —altzariak, gailu elektronikoak...—. Eta horretan ez dago zalantzarik: INEren datuek berek esaten dute eguneroko jardunarekin lotutako produktu asko eta asko %48,4 horretatik gora garestitu direla.

Horrela, INEren sailkapen nagusiari erreparatuta, ikusten da elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak %56,2 garestiago direla euroa estreinatu zen garaiarekin alderatuz gero. Janarien artean, noski, bada alderik.

Txerrikia, ez hainbeste

Haragiei dagokienez, %65en bueltan garestitu dira behikia eta ardikia, eta %37 txerrikia. Azken hori da, hain zuzen ere, azken urteetan kontsumoa handitu duen haragi bakarra.

Haragiarekin batera saskian sartzen diren beste elikagai batzuk ere asko garestitu dira. Prezioa bikoiztu baino gehiago egin du frutak (+%118), eta ez doaz urrun arrautzak (+%92,4), olioa (+%86,4) eta barazkiak (+%83,2).

Ogia ere neurriz kanpo garestitu dela dio herri jakituriak, baina ez diote halakorik estatistika ofizialek: %48,3 igo da haren prezioa, inflazioaren indize orokorra bezainbat. Arrazoia supermerkatuetako ogi merkean aurki daiteke, okindegietan saltzen den ogi landuagoaren igoera konpentsatu baitu.

Esnea, berriz, batezbestekotik behera garestitu da, %28,7 hain zuzen ere. Berri ona kontsumitzaileentzat, baina ez hainbeste Euskal Herriko esne ekoizleentzat. Aspaldi ari dira salatzen industria ontziratzaileak ez diela nahikoa ordaintzen, eta askotan kostu azpiko prezioak onartu behar dituztela. Kexu dira banaketa kate handiek esne merkea erabiltzen dutela bezeroak beren supermerkatuetara erakartzeko, praktika hori sektorea hondoratzen ari dela, eta ustiapenen galera bizkortzen ari dela. Datorren aste honetan protesta bateratuak egitera deitu dute Hego Euskal Herriko nekazari sindikatu guztiek, sektorea «itotzen» ari dela uste baitute, eta bereziki latza dela egoera esnetarako behiak dituztenentzat.

Azukrea, merkeago

Izan da azken hogei urteotan merkatu den elikagai bat: azukrea. 2002ko urtarrilean baino %16,2 gutxiago balio zuen 2021eko azaroan. Munduan, azukre ekoizpena asko handitu da azken urteetan.

Bizioei dagokienez, INEk legezkoak diren biren bi drogei buruzko datuak ematen ditu: alkohola eta tabakoa. Baten zein bestearen bilakaera oso desberdina izan da. Gehien garestitu den produktua tabakoa da, azken hogei urteetan %158,1 garestitu baita haren prezioa, hau da, prezioa ia 2,6 aldiz biderkatu dela. Tabako ekoizleen patrikara baino gehiago, ogasunen kutxetara joan da diru hori, tabakoaren gaineko zerga berezia askotan igo baita azken urteetan. Gaur egun, zigarreten prezioaren %79 dira zergak, tabakoaren gaineko zergari batzen baitzaio %21eko BEZa.

Zerga bereziak ordaintzen dituzte edari alkoholdunek ere, ardoak izan ezik —elikagai gisa hartzen dute Espainiako eta Frantziako legediek—, baina haien prezioa ez da asko handitu euroa patriketan dagoenetik: %25,9.

Elikagai eta edari ez diren produktuetan eta zerbitzuetan, denetarik izan da. Inflazio orokorraren azpitik igo da jantziena eta oinetakoena ere, neurri handi batean merkatuaren zati gero eta handiagoa dutelako nazioarteko kateek, eta horiek batez ere Asian egiten dutelako ekoizpena, soldata oso apaleko herrialdeetan: lehen Txina, orain Vietnam eta Bangladesh, adibidez.

Elektronika, merkeago

Txinaren eragina ere ukaezina da Komunikazioak izeneko atalean, %22,9 merkatu baitira. Hor sartzen dira sakelako telefonoak, ordenagailuak eta beste gailu elektronikoak. Haien prezioa jaitsi baizik ez da egin 2002az geroztik, eta orduan baino bost aldiz gutxiago balio dute orain. Egia da, hori bai, merkatzearen zatirik handiena 2002-2015 epean gertatu zela, baina orduz gero beste %20 inguru jaitsi da haien prezioa.

Neurri apalagoan bada ere, merkatu egin dira etxeko tresnak ere, %8,3 hain zuzen.

Kontrakoa gertatu da energiarekin. INEren arabera, %115 garestitu da euro billeteek zirkulatzen dutenetik. Baina egia da igoera ez dela etengabea izan, izan direla gorabehera batzuk, eta 2021ean koska handi bat egin duela gora: %26 urte bakar batean.

Energia garestiagoaren ondorioz, etxea berotzea, argiztatzea eta urez hornitzea duela hogei urte halako bi baino gehiago kostatzen da orain (+%110,7), eta nabarmen garestitu da garraioa ere: %57,8 garraio pertsonala, eta %88,2 garraio publikoa.

Soldatak, ez hainbeste

Eta prezioak zenbat handitu diren ikusita, galdera logikoena izango litzateke nola handitu diren prezio handiago horiei aurre egin behar dieten diru sarrerak; soldatak, langile gehienentzat. Soldaten egiturari buruzko INEren inkestak ez du atzera egiten 2001 amaierara edo 2002 hasierara. Bai, ordea, soldaten kostuei buruzko inkestak, eta horretan ikusten da inflazioaren nabarmen azpitik apaldu dela enpresek soldatetan egiten duten gastua. Zehazki, %35 handitu da, inflazioa baino hamahiru puntu gutxiago. 2001eko azken hiruhilekoan, hileko 1.707 euroko kostua zuten soldatek, eta 2022ko hirugarren hiruhilekoan —joan den astean zabaldutako datua—, berriz, 2.303 euro.

Baina datu horrek beste bat ezkutatzen du: soldata txikiagoak asko hedatu direla 2008ko krisiaz geroztik, gero eta langile gehiago daudela soldata oso txikiekin, zerbitzuetan batez ere, eta zabaldu egin direla lanaldi partzialak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.