Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak

Emakunde, galgaturik

Emakumearen Euskal Institutuak %1eko igoera baizik ez du izango bigarren urtez jarraian. Goi kargudunen soldatak ordaintzeko ia 22 milioi euro baliatuko dituzte

Beatriz Artolazabalen Berdintasun Sailan dago egun Emakunde. IREKIA.
xabier martin
2022ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak %8,7 handitu dira 2023rako, baina hazkunde hori ez da simetrikoa sailetan, organo autonomoetan eta erakunde publikoetan. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak plazaratu duen proiektuak 14.250,7 milioi euro jaso ditu, aurreko urtekoak baino 1.142 milioi gehiago. Kontua da hazkunde orokor horrek zenbait beherakada ere jasotzen dituela; eta igoera orokorra baino hazkunde apalagoak ere bai.

EMAKUNDE

Emakunderen kasuak arreta ematen du, %1eko hazkundea baizik ez delako jaso harentzat. Guztira, 7.886.000 euro gorde dituzte Emakumearen Euskal Institutuarentzat. Esan daiteke hazkunde apal horrekin joera bat egonkortu dela, aurten ere %1,1eko gorakada baizik ez baitu eduki Miren Elgarrestak zuzentzen duen erakundeak. Hark hartu berri du institutuaren lema Izaskun Landaida hamar urtez zuzendaritzan aritu eta gero.

Gaur egun, Emakunde ez dago Lehendakaritzari atxikita, betidanik egon den moduan. 2020. urtean Berdintasun eta Gizarte Gaien Sailak hartu zuen, institutuaren gidari historikoen irizpidearen aurka. Modu batera edo bestera, 2019. eta 2020. urteetan, %6ko eta %18ko hazkundea izan zuen EAEko emakumearen institutuak bere aurrekontuetan, eta jadanik bi urte kateatu ditu %1eko igoerarekin.

GIZA ESKUBIDEAK

Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren barruan jasota daude biktima eta giza eskubideekin zerikusia duten politikak ere, eta datorren urteko aurrekontuetan 7,55 milioi euro gorde dituzte haientzat, azken urteetan jasotakoaren parekoa gutxi gorabehera. Gogora Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Institutuak 5,2 milioi euroko aurrekontua izango du, %6,6 gehiago. Beraz, hark eramango du esparru horretako baliabide gehien. 2015ean jarri zen martxan Gogora, eta 2016ko lehen aurrekontuetatik (1,5 milioi euro) handituz joan da, apurka hasieran eta azkarrago gero.

Bestalde, Jaurlaritzak espetxeen eskuduntza jaso ondoren, eredu errestauratiboaren aldeko apustuak bere isla izan du 20.000 euroko kopuru batekin. Halaber, biktimen eta memoriaren inguruko hainbat elkarterentzat gorde dira diru sail batzuk: adibidez, AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartea (54.000 euro), Covite (54.000) eta FVT Terrorismoaren Biktimen Fundazioa (54.000) azaltzen dira zerrendan, azken urteotako kopuru bertsuekin; biktimen bestelako elkarteentzat ere bada dirua: Gernika Gogoratuz (80.000), Egiari Zor (35.000 euro) eta Fernando Buesa fundazioa ere (50.000) azaltzen dira aurrekontuetan.

HEZKUNTZA

Hezkuntzari dagokionez, %7,5 igo da haren aurrekontua, 3.477,7 milioi euroraino. Poltsa horretatik unibertsitateak eramango du gehiena, 374.941.910 euro hain zuzen, eta EHUk gehien-gehiena kopuru horretatik: 324.711.759 euro. Haur eta Lehen Hezkuntzarentzat 1.133.091 euro dituzte, eta Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Hezkuntzarentzat, beste 1.336.206 euro. Seaskarentzat ere badago diru sail bat gordea Jaurlaritzaren aurrekontuetan: 150.000 euro. MRR funtsetatik 70 milioitik gora jasoko du hezkuntzak.

KARGU PUBLIKOAK

Aurrekontuek islatu duten beste aldagai bat goi kargudunen hazkunde deigarriarena da. EAEko administrazioan 176 goi kargudun daude eta 99 aholkulari. Azken hamarkadan gora egin dute modu nabarmenean. Izan ere, 6,64 milioi euro gehiago baliatzen dituzte orain haien soldatak ordaintzeko.

Sozietate publikoetan ez dago joera bera: duela hamar urte baino goi kargudun gutxiago daude orain, nahiz eta antzeko kopurua den: 227. Horren azalpena Osakidetzan dago, haren egitura argaldu egin delako azken urteetan: gaur egun, ehun baino gutxiago dira eta, duela hamar urte, ehundik gora. Batik bat, ESIen egitura berriak ekarri du argaltze hori. Administrazio orokorrean, 21,97 milioi euroko aurrekontua dute goi kargudunen soldatek, aurten baino %5,8 gehiago.

ESPAINIAKO DIRUAK

«Espainiako sektore publikoarekin» Jaurlaritzak dituen harreman finantzarioek ere bere lekua dute aurrekontu orokorretan. Han azaltzen dira, esaterako, Espainiako Estatutik datozen 22,2 milioi euro ertzainek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izateko. Era berean, bonu sozial termikoa ordaintzeko beste 9,4 milioi euro badaude jasoak. Gainera, 134 milioi euroko itzulketa jasotzen du proiektuak, AHTan eta Bilboko hegoaldeko tren saihesbidean Jaurlaritzak aurreratutako lanengatik. Dena den, Madrildik datorren diru sailik handiena bizitzeko gutxieneko diru sarreraren transferentziak eragin du: 146 milioi euro. Lanbidek kopuru hori aurreztu ahal izango du, beraz, DSBEa ordaintzeko duen aurrekontutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.