Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna. Leire Groven. Bilboko mugimendu, feministako bozeramailea

«Krisiarekin, atzean gelditu dira berriro aldarrikapen feministak»

BERRIA.
Maider Galardi
2020ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Azken asteetan buru-belarri aritu da Leire Groven (1986, Leuben, Belgika) Bilboko mugimendu feministako bozeramailea atzoko mobilizaziorako prestaketetan, beste hainbat kiderekin batera. «Ezohikoa»izan da aurtengoa, koronabirusaren krisiak hala baldintzatuta, baina, halere, ezinbestekotzat jo du kalera atera eta indarkeria matxistaren aurkako aldarria lau haizeetara zabaltzea.

Mugimendu feministako kideek azpimarratu duzue inoiz baino beharrezkoagoa dela aldarrikapenek kalea hartzea, nahiz eta Indarkeria Matxistaren Aurkako eguna baldintza berezietan izan den aurten.

Zaila izan da. Greba feministekin indarra hartuta geunden, baina, pandemiak harrapatu, eta uda etorri zen. Nabari zen nekatuta geundela: prekarizazio handia, egoera kaskarrak... Baina indarrez hartu dugu berriro Azaroaren 25eko manifestazioa antolatzea. Polita izan da: Bilboko talde feminista ia guztiak elkartu gara eztabaidatzeko eta zer egin erabakitzeko. Pena izan da batzar irekiak egin ezin izatea, baina kaleko berotasun hori bilatu dugu gaur [atzo].

Berotasuna diozu. Aurten, ordea, segurtasun irizpideengatik, jende kopuruari baino gehiago, bestelako gauzei begiratu diezue?

Bai. Bilbon ahalegindu gara arratsaldeko ekintza indartsua izan dadin, baina era berean guztiak eroso eta seguru senti daitezen. Auzoetara ailegatzen ere ahalegindu gara. Azken finean, argi dago koronabirusak baldintzatzen duela egoera, eta, era berean, Euskal Herriko mugimendu feministak argi du hori aintzat hartu behar duela.

Hain justu, krisia lehertu eta berehala hasi zen mugimendu feminista gaiari genero ikuspegiarekin heltzen.

Itxialdia etorri zenean, argi genuen gainean egon behar genuela: bestela, betiko moduan, feminismotik aldarrikatzen ditugun kontuak atzean geldituko ziren. Eta hala izan da. Hartutako neurriek ez dute bermatua izan begirada feminista bat. Hasieran ezustean harrapatu gintuen, baina oraindik ari dira inprobisatzen, eta oraindik ikusten dugu indarkeria matxista ez dela lehen mailan dagoen kontu bat. Pandemia abiapuntutzat hartuta gauza asko aztertu daitezke ikuspegi feministatik, baina gaurkoa [atzokoa] Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da.

Zertan jarri duzue arreta?

Bereziki nahi genuen jarri arreta hor: etxean indarkeria matxista jasaten duten horiengan. Mugimendu feministak urteak daramatza bortizkeriaren adiera berriak ikusarazten, baina aurten horri erreparatu nahi genion. Badakigu andre eta haur asko egon direla beren erasotzaileekin itxita, eta aztertu behar dugu zer-nolako baliabide publikoak jarri diren haien esku eta bizirik irauteko zer estrategia erabili dituzten erasotuek. Etxeko langileen egoera, paperik gabekoena, konfinamenduan Poliziak egindako eraso arrazistak... horiek guztiak ere gogoan ditugu gaur [atzo].

Indarkeria matxistaren aurrean, zerbitzu publikoak defendatu da aurtengo leloa.

Buelta asko eman dizkiogu, eta beste lelo batzuk ere haizatu ditugu, baina argi genuen aipatutako guztiaren aurrean ezinbestez aldarrikatu behar genituela zerbitzu publiko unibertsal horiek. Argi dugu sistemak ez dituela erantzun guztiak emango, eta ez gara fidatzen, gainera; horregatik dago mugimendu feminista kontrolatzeko egiten duten guztia, baina argi genuen gure ardura ere badela hori aldarrikatzea, eta erakundeei dagokiela bermatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.