«Ez dut izan bisean bisekorik, ez dut izan bisitarik Martuteneko kartzelan egon naizen artean, eta, gainera, garbitu egin behar izan ditut besteek erabilitako mintzategiak eta bisean biseko gelak», Katia Reimbergen hitzak dira: migrantea, preso ohia Martutenen. «Espetxea pertsona suntsitzeko tresna izan arren, sistema hori eustera behartzen zaituzte barrutik, ez daukazulako inor dirua pasatzen dizuna edo bisita bat egiten dizuna, eta konpresa bat erosteko dirurik ere ez daukazu; ez daukazu beste erremediorik sisteman sartzea baino». Bat egin du baieztapen horrekin Nekane Txapartegi Nieve euskal preso ohiak. «Kartzela pertsona suntsitzeko tresna da, eta, sisteman sartzen ez bagara, gure arazoa dela diote, baina irauli egin behar dugu hori: arazoa beraiek dira».
Emakumea, espetxea eta zaintza izeneko mahai ingurua antolatu zuen Amasa-Villabonako (Gipuzkoa) Lurgatz talde feministak asteazken ilunabarrean. Emakumez bete zen aretoa, bost hizlariren bizipenak entzuteko eta horretaz aritzeko.
Ekhiñe Eizagirrek Sarerentzat egindako bideo batek ireki zuen saioa. Kartzelan senideak dituzten emakumeen ahotsak jasotzen dira laburrean. Haiek izan dira hamarkadetan kartzelan dituzten senideen zaintza lanak egin dituztenak: paketeak prestatu, bisitak antolatu... Lan horren ikusgarritasuna erdigunera ekartzea aldarrikatzen da bideoan.
Esti Amenabarro Iraolak ireki zuen mahai ingurua, gero. Euskal preso baten senide izanda, bisita bakoitzaren atzean ezkutatzen denaz hitz egin zuen, eta bi ardatz aipatu zizkien gainerako hizlariei: zer den kartzela eta zer esan nahi duen zaintza egiteak kartzelan.
Maite Aranalde Ijurko euskal preso ohiak hartu zuen hitza, eta hizlari guztiak bat etorri ziren honetan: kartzelak, pertsonak suntsitzeko espazioak izateaz gain,gizonentzat eraikitako espazioak dira: «Poitierseko kartzelan, gizonak futbolean ibiltzen ziren, eta gu ezin ginen atera patio txiki gris batetik».
Reimbergek berretsi egin zuen hori, eta gehitu zuen, Martuteneko kartzela txikia izanik, beti modulu batean egon behar dutela andreek, «eta zure modulutik atera behar baduzu zerbaitetarako, gizonen modulutik pasatu behar duzu. Etengabeko erasoak jasan behar dituzu». Eta sistemaren beraren makurraz ohartzeko, datu hau eman zuen: «Hilean 180 euro ematen zizkiguten Martuteneko kartzela garbitzeagatik. Posturik txarrenak emakumeentzat dira».
Gorputzekiko kontrola
Txapartegik beste bi eratako kartzelak ezagutu ditu: bata, 1999an. Bost egun inkomunikatua eta torturatua izan ostean, Soto del Realera eraman zuten. Han, kideen babesa ezinbesteko izan zuela azaldu du, «osatzeko». Erbestean egon ostean, berriz espetxeratu zuten 2016an, Suitzan. Bakartze erabatekoa jasan zuen han. 23 ordu ziegan eta ordubeteko patioa. Alaba ere ezin izan zuen ikusi lehen hiru hilabeteetan. «Ezleku batean nengoela sentitu nuen, eta etengabe mezu hau jasotzen nuen: zurekin nahi dudana egingo dut». Emakumearen gorputzarekiko kontrol osoa izatea dute asmo: «Nola jantzi agintzen digute; erabat sexualizatuta janzteko arropak pasatzen zizkiguten; dutxa astean bitan, ur beroa hamar minutuz...».
Maite Ortiz Garziaren bizipena ere ez da samurra: 1987an atxilotu zuten, eta Carabanchelen espetxeratu. Senarra sasira joan zen, eta 13 eta 14 urteko seme-alaben kargu Ortizen ama egin zen, gazteen amona. Zortzi hilabete egin zituen kartzelan Ortizek. Senarrak, baina, 11 urte egin zituen erbestean, eta, gero, Espainiaratu eta espetxeratu egin zuten. 15 urteko espetxealdian, Ortiz arduratu zen bisitak antolatzeaz, paketeez... Ortizen semeak ere hemezortzi urte darama kartzelan. Emaztea arduratzen da zaintza osoaz.
Horren harira, beste gai bat atera zen: preso dagoena gizona denean, gehienetan bikotekideak izan ohi dira urteetan presoa ahalik eta ondoen egon dadin arduratzen direnak. Aitzitik, presoa emakumea den kasuetan, eta bikotekidea gizonezkoa denean, harreman asko eten egin izan direla baieztatu dute hizlariek. Gehienetan amak arduratu izan dira presoen zaintzaz kasu horietan.
Joaten dena eta dagoena
Elkarrizketa interesgarria sortu zen, halaber, Amenabarroren eta Aranalderen artean. Bisitara joaten denaren eta kartzelan zain dagoenaren artekoaz aritu ziren. Amenabarrok uste du agian ez dela behar beste ikusten senide bat kartzelan izateak zer lan daukan atzean, eta Aranaldek onartu zion hori: «Barruan nengoenean, nik ez nuen lan hori ikusten, baina orain, kanpoan egonda, egokitu zait bisitaren batera joatea, eta kilometro bakoitzaren atzean dagoen lana sekulakoa da, bai». Eta Amenabarrok gehitu zuen: «Bisitetara joatean, galdetzen digute: dena ondo? Saiatzen gara ez eramaten arazoak. Baina beti dena ondo, ez».
Senideek eta lagunek kanpotik egiten dituzten zaintzez harago, espetxe barruan ere zaintza sareak antolatzen direla berretsi dute hizlariek. Txapartegik esan zuen bizipen horiekin hainbat familia sortu dituela, eta Soton sortutako taldeak halaxe irauten duela.
Reimbergek bakardadeaz hitz egin zuen, bakardade handiaz. Bizirik irauteko, harentzat hauek izan dira euskarri: «Dolores Juliano, amona eta mugimendu feminista. Horiek izan dira nire salbatzaileak». Iruditeria aldatu beharraz ere hitz egin zuen. Uste du kartzelak bizi garen gizartearen isla direla. Zaintza kolektiboa eta bizitzaren zaintza erdigunean jarriko dituen gizarte eredu bat aldarrikatu zuen, «sistema kapitalista heteropatriarkal hau biozida delako». Bat etorri ziren denak honetan ere: kartzelak eraitsi egin behar dira.
Espetxea pertsona suntsitzeko tresna dela eta emakumeengan gainzama handia duela ados, aurrera begirako lanaz jardun ziren. Bisitetarako bidaietan gehienak emakumeak izanik, balioa eman zieten elkarren artean sortzen diren zaintza sareei eta harreman bereziei, euskarri gisa. Horrez gain, mezu bat helarazi nahi izan zuten: kartzeletara idazteko eskatu zuten. Reimberg: «Oso ekintza erraza da. Iritsiko da, eta egingo du bere bidea; aldatuko ditu gauzak». Ortizek ere horixe gehitu zuen: «Ez ahaztu gutun bat idazteaz: exijentzia konstante bat izan behar du presoenak». Txapartegik, horiek berresteaz gain, mahai inguru horren moduko espazioen garrantzia azpimarratu zuen: «Horrelako espazioak sortu behar dira, hitz egin, eta horrela lortzen da kontzientzia kolektiboa».
Zaintzaz harago doazen gogoetak
Emakumeaz, espetxeaz eta zaintzaz jardun dira, mamitsu, preso ohiak eta senideak, Amasa- Villabonan, Lurgatz talde feministak antolatu duen mahai inguruan. Emakumez bete da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu