Koronabirusa

AUTONOMOENTZAKO LAGUNTZA NAGUSIAK

2020ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Euskal Herriko autonomoek administrazio desberdinetatik jaso ditzakete laguntzak.

ESPAINIAKO GOBERNUA

Prestazioa. Espainiako Gobernuak autonomoentzako ezarritako laguntza nagusia jarduera eteteagatiko prestazioa da. Negozioa itxi edota fakturazioan %75eko galerak izan dituzten autonomoek eska dezakete, alarma egoera amaitzen den hilabetea bukatu arteraino. Eskaera mutualitateen bitartez egin behar dute, edo zuzeneanSEPEn, mutualitaterik ez duten autonomoek.

Baldintza nagusiak honako hauek dira: zorrik ez izatea Gizarte Segurantzarekin —edo hilabetean ordaintzea—; alarma egoera jakinarazi zenean, martxoaren 14an, Gizarte Segurantzan egotea autonomoen erregimenean, nekazarienean edo itsasoko langileenean; negozioa itxita edo galerak izatea. Galerak aitortzeko, kontu liburuak edo eta zinpeko deklarazio bat aurkeztu behar dituzte, eta jardueraren araberako fakturazioen batez bestekoa erabiliko da laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko. Orokorrean, azken urteko kotizazio oinarriaren %70ekoa da laguntza, baina zenbateko handiagoa dute seme-alabak beren kargu dituztenek. Laguntza jasotzen duen bitartean, langile autonomoak ez du kotizatuko, eta epe hori kotizatutzat joko diote. Martxoaren bigarren erdiagatik ordaindutako kuotak itzuli egingo dizkiete laguntza jaso duten autonomoei.

Kuoten atzerapena. Maiatzetik uztailera bitartean ordaindu beharreko kuotetan sei hilabeteko atzerapena eska diezaiokete langile autonomoek Gizarte Segurantzari. Hori bai, martxoko eta apirileko kuotak dagozkien hilabeteetan ordaindu beharko dituzte.

Hipoteken ordainketak geroratzea. Etxebizitzen hipoteka maileguen ordainketak atzeratzeko aukera izango dute langile autonomoek, baita beren jarduerari lotutako higiezinen gaineko maileguenak ere. Baldintzak: fakturazioan %40tik gorako galera izatea, luzapena eskatutako aurreko familiaren sarrerak 1.645 euroren azpikoak izatea (IPREM bider hiru), baina haurrak eta ezinduak dituzten familietan kopuru hori handiagoa izan daiteke.

Beste batzuk. Autonomoentzako laguntzen zerrendan badaude mailegu publikoen ordainketen atzerapena, baldintza malguko kredituentzako ICO bermeak eta gasaren zein argindarraren kontratuak egoera berrira egokitzeko baimena ere. Jarduera eteteko baldintzak betetzen dituzten autonomoek argindarrari lotutako bonu soziala eskatu ahalko dute, %25eko beherapena lortzeko.

FRANTZIAKO GOBERNUA

Elkartasun laguntza. 1.500 eurora irits daitekeen ordainketa bakar bat da. Hori jaso dezakete martxoan jarduera erabat eten duten autonomoek, eta aurreko urteko hilabete berarekiko (martxoan edo apirilean) fakturazioa erdia baino gehiago galdu dutenek.

Laguntza artisauentzat eta merkatarientzat. 1.250 euro jasoko dituzte automatikoki urtearen hasieran Gizarte Segurantzan egon eta martxoaren 15ean jardueran ziren artisauek eta merkatariek.

Zergak eta kotizazioak. Ordainketa berregokitzeko moduak ere eskaini dizkiete. Gainera, autonomoek arrisku eta gaixoaldiei lotutako gaixo baimenak izango dituzte. Beste laguntza batzuk ere badaude; esaterako, mailegu ordainketen berregituraketa, eta uraren, gasaren eta argindarraren fakturak egokitu ahal izatea.

EUSKO JAURLARITZA

Lanbideren laguntza. Alokairua eta Gizarte Segurantzaren kotizazioaren ordainketetarako laguntzak. Gehienez, 3.000 euro.

Likideziarako kreditu bermatuak. Elkargiren bidez kudeatutako kredituak. Sei hilabeteko egitura gastuetarako eta likidezia beharretarako finantzaketa.

Zergak. Arabak eta Bizkaiak urte hasierako PFEZaren ordainketa zatikatuak bertan behera utzi dituzte. Hiru aldundiekbehin-ehinean eten egin dituzte hainbat tramite, eta zenbait ordainketa geroratu.

NAFARROAKO GOBERNUA

Ordainketa bat. Nafarroako Gobernuak 2.200 euroko ordainketa batekin lagunduko ditu jarduera eteteagatik prestazioa aitortu zaien autonomoei. Fakturazioa %30etik gora murriztu duten autonomoentzat ere beste ordainketa bat izango da, 700 eurokoa.

Zergak. 2020. urteko lehen bi hiruhilekoetako PFEZaren ordainketa bertan behera gelditu da autonomoentzat. Ogasunarekin zorrak ordaintzeko epeak luzatu dizkiete, zerga prozeduren tramiteak behin-behinean eten, eta BEZarenautolikidazioen aurkezpenak eta ordainketak atzeratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.