Azkenean, gidoian idatzita zegoena bete egin da: joan den martxoaren 8an Bea Etxebarria eta Iñaki Zapirain presoen alaba Iratik 3 urte bete zituen, eta Espainiako espetxe legediak agintzen duen bezala, gurasoak utzi egin behar izan zituen. Orain, Bilbon dago, senide eta lagunen maitasunak babestuta baina gurasoengandik urrun. Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformak lan handia egin du azken hilabeteetan, eta adostasun handiak bildu ditu eskakizun horren inguruan, baina oraingoz espetxe politikaren logika gailendu da bestelako irizpideen gainetik.
Aurrerantzean haur motxiladuna izango da Irati, hots, gurasoetako bat edo biak espetxean eduki eta horrek dakarren pisu astun hori garraiatu behar izaten duten haurretako bat. Sarek emandako datuen arabera, 88 ume eta nerabe daude egoera horretan. Ez da arazo txikia; soilik Bilboko Zazpikaleetan, Iratirekin ia dozena erdi bat dira haur motxiladunak.
Iraitz Apeztegia Arrondok ere (Hernani, Gipuzkoa, 2001) badu egoera horren berri. Bera jaio zenean espetxean zegoen aita, Karlos Apeztegia; alabak bi hilabete zituen aitak lehenengo aldiz ikusteko aukera izan zuenean, Malagako espetxean (Espainia). Eta 12 urte bete arte eraman behar izan zuen aldean motxila horren zama.
«Txikitatik aita kartzelan ezagutu dut, eta nire inguruan, ikastolan-eta, denek zekiten zein zen nire egoera», azaldu du. «Umetan beti ezagutu dut errealitate hori, asteburuetan aita ikustera joatea, baina nagusi izaten hasten zarenean, eskola kirola, dantza eta bestelako jarduerak daudela eta zu ezin zarela joan ikusten duzunean, gehiago kostatzen da. Nik ere eduki nuen adin tarte bat gehiago kostatzen zitzaidala, amari esaten ez nion arren. Gainera, aita Puerton zegoen (Espainia), eta hara joateak asteburu osoa galtzea zekarren; ostiralean atera eta igandean itzultzen ginen. Oso astuna zen».
2013ko maiatzean aske utzi zuten Apeztegia, 21 urte eta lau hilabete gatibu eman ondoren. Ezustekoa bost urte geroago iritsi zen, berriro atxilotu baitzuten: «Hori ez genuen inondik inora espero», esan du alabak. Orain kartzelan jarraitzen du.
Pandemiaren ondorioak
Pandemiaren kontrako neurriek gehiago zaildu dute egoera espetxeetan, eta ume eta nerabe askok hilabete luzeak eman dituzte gurasoak ikusi ezinik. Itxialdiak bere zentzurik gordinena hartzen du kartzelan, eta, bideo bidezko deiak eta bestelako bitartekoak egonda ere, preso askorentzat egoera gogorra da. Eta haien seme-alabentzat, zer esanik ez.
Iraitz Apeztegiak dioenez, iazko martxoaren 7an aurrez aurreko bisita izan zuen aitarekin, eta, handik astebetera, larrialdi egoera eta konfinamendua iritsi ziren: «Okerrena zen ez genekiela berriro noiz ikusi ahal izango genuen». Itxialdiak iraun zuen bitartean, Apeztegiaren sendiak telefonoz eta gutunen bidez eutsi zion harremanari.
Pandemiaren datuen apaltzeak ekarri zuen berriro bisitak normal egin ahal izatea, baina datuak okertu zirenean okertu zen espetxeetako egoera ere: «Joan den uztailaren 25ean besarkatu genuen aita azkenengo aldiz. Geroztik, egin izan dizkiogun bisita guztiak kristal bat tarteko izan dira».
Azkenean, Espainiako Espetxe Erakundeek iragarri zuten Apeztegia Euskal Herrira ekarri behar zutela. Bidaia hura ere, ordea, ez zen gorabeherarik gabekoa izan: abenduan Ocañako espetxetik Valdemorora eraman zuten (Espainia), baina Gabonetan lekualdatze guztiak eten zituzten, eta, gainera, espetxean positibo batzuk atzeman zituztenez, hamar egun konfinamenduan eman behar izan zituen. Urtarrilean Iruñeko espetxera aldatu zuten, eta han ere beste hamar egunez egon zen berrogeialdian.
Iraitz Apeztegia jada ez da umea, baina ez dauzka ahazteko umetan ezagutu zuen egoera bizi behar duten gaur egungo haur eta nerabeak: «Guk orain gehiago uler dezakegu egoera, baina umeak gurasoen babesa eduki behar du. Kanpainei esker lortu da haur motxiladunen egoera ikusaraztea; hala ere, pena da ikustea oraindik ere badaudela».
Motxilari pisua arindu nahian
Sarek emandako datuen arabera, 88 haurrek dute gaur egun gurasoren bat edo biak espetxean; pandemiak gogortu du berez oso erraza ez zen egoera, eta bisitak zaildu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu