Dozenaka herritarrek protesta egin dute Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko mugan, 2021etik itxita dagoen oinezkoen bidea ireki dezatela eskatzeko. Frantziako Tourraren karietara ordu batzuez ireki zuten astelehenean, baina lehengora itzulia da geroztik. Migranteei laguntza ekartzen dieten elkarteek, sindikatuek eta eragile politikoek deituta elkarretaratzea egin dute, eta Santiago zubira jo dute momentu baterako zirkulazioa moztuta.
«Bidasoaldean eskubide guztiak kentzen zaizkie migranteei. Zirkulazio askatasuna, modu seguruan bidaiatu ahal izateko eskubidea, harrera duina; eskualdea militarizatu dute, pasabideak oztopatu», salatu dute. «Etengabeko kanporaketak eta kontrol arrazistak» deitoratu dituzte.
Horrez gain, abokatu talde batek Pirinio Atlantikoetako prefetari dei egin dio mugetako pasabideak ireki ditzala eskatzeko. Haien arabera, Frantziako Tourrerako pasabideak ireki izanak frogatzen du administrazioak erabiltzen duen «mehatxu terroristaren» argumentua ez dela baliozkoa. Sinadura bilketa bat ere abiatu dute eskaera babesteko. Uztailaren 22an beste protesta bat eginen dute.
Gaur, berriz, beste mobilizazio bat egingo dute instituzioek deituta. Bertan izango dira Kotte Ezenarro Hendaiako alkatea, Jose Antonio Santano Irungoa eta Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio zuzendaria.
Bidea itxi, muga zabaltzeko
Irun eta Hendaia arteko oinezkoen bidea itxita dago 2021etik. Hura irekitzeko eskatu dute dozenaka herritarrek. Gaur, berriz, instituzioetako ordezkariak mobilizatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu