Aukera bat ume goiztiarrentzat

Jaurlaritzak aukera emango du behar baino lehen eta urtearen azken lau hilabeteetan jaiotako haurrak maila bat beherago matrikulatzeko. Egoera horretan izan den sendi batek ontzat jo du.

Haur bat ikastetxeko korridorean, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU.
Irati Urdalleta Lete.
Hernani
2023ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zenbait aldaketa iragarri ditu datorren ikasturteko matrikulaziorako, eta tartean bada bat haur goiztiarrei zuzenean eragingo diena. Hain zuzen ere, urteko azken lau hilabeteetan jaio eta muturreko prematuritatea duten kasuetan —haurdunaldiko 28. astea baino lehen jaiotakoak— eta prematuritate handikoetan—32. astea baino lehen jaiotakoak—, aukera izango dute adinagatik dagokien baino maila bat beherago matrikulatzeko.

Horixe izan zen Cristina Cabaleiro eta Axier Larrañagaren alaba bikien kasua. Oneka eta Laiene 2014ko otsailaren 10erako espero zituzten, baina 2013ko urriaren 31n jaio ziren, 25 aste eta hiru egunekin. 735 gramo batek; 750 besteak.

Cabaleirok ez ditu hitz asko behar garai hura deskribatzeko: «Oso-oso gogorra izan zen». Oxigenoa, hesteetako ebakuntza... Bata bestearen atzetik zerrendatu ditu Donostia ospitalean gainditu zituzten oztopoak. Azaldu duenez, Laieneren poltsa jaiotzerako hautsita zegoen, baina, behin jaiota, Onekari tokatu zitzaion «okerrago» pasatzea. Bihotzeko ebakuntza ere egin behar izan zioten, Gurutzetako ospitalera helikopteroz eramanda.

Laienek 98 egun pasatu zituen ospitaleratuta; Onekak, berriz, 136. Baina etxera itzuli zirenean ez ziren aparteko zaintzak amaitu. Onekak oxigenoa eta lotarako apneentzako monitorea behar zituen, eta Laienek ere apneentzako monitorea erabiltzen zuen. Gainera, hamar hilabeterekin, Onekari zunda nasogastrikoa jarri behar izan zioten jateko. Eta hori dena, bakartuta, ezin baitzuten etxean bisitarik ere jaso: «Urriaren 31n jaio ziren, eta Onekari nire amak San Joan egunean eman zion musu bat lehenengo aldiz [ekainaren 24an], kokotean, nik jakin gabe, ze ez genion uzten inori ukitzen, medikuek horrela esan baitziguten».

Etxeko zaintzekin nahikoa ez, eta hamar hilabeterekin hasi ziren terapietara joaten. Hala aritu ziren sei urte eta erdi bete zituzten arte: arreta goiztiarra, fisioterapeuta, psikopedagogoa, hitz egiten ikasteko saioak... «Halako batetik aurrera, jada ezin nuen gehiago: makinak ziren; bi haur; berdin zitzaidan goiza, arratsaldea edo gaua, ze bi orduan behin jaten zuten; hogeita piko botika ematen nizkion bati eta hamazazpi besteari —igual sei edo zortzi ziren, baina behin baino gehiagotan—. Eromena zen». Ideia bat egiteko: «Gehiago ordaintzen genuen terapia, hipoteka baino». Cabaleirok gehiago ezin zuela ikusita, haurrak Pausoka elkartera eramaten hasi ziren: «Pausokan hau guztia eta gehiago zegoen».

Eskolatzeko gorabeherak

Bitartean, umeei eskolan hasteko garaia heldu zitzaien. Haien eskolarako jauzia ez zen besteen modukoa izan. Azaldu duenez, 2 urte zituztenean hartu zituzten lekuak eraman nahi zituzten ikastetxean, baina erabaki zuten ez zituztela bidaliko. Neurologoak iradoki zien interesgarria izan zitekeela berez egokitzen zitzaien baino maila bat beherago matrikulatzea, eta hala egitea erabaki zuten. Cabaleiro ikertzen hasi zen, eta ikusi zuen Aragoiko (Espainia) antzeko kasu batean lortu egin zutela. «Esan nuen: 'Saiatu behar dut'». Pentsatu eta egin. Idatzi bat ondu zuen, eta, zenbait dokumentuarekin batera, Jaurlaritzan aurkeztu zuen.

Baina helburua ez zuen berehalakoan lortu. Esan du Berritzegune bateko arduradunarekin jarri zutela harremanetan, eta pare bat bilera egin zituzten: «Ikusi zuen arrazoituta dena, idatzi pila bat neuzkala...».Eta nabarmendu zion ez zegoela etsitzeko prest: «Esan nion: 'Arartekoa non den badakit, abokatu bulego batean lan egiten dut... Zuk ikusi'».Gero, ikastetxera ere joan ziren, eta, bi edo hiru bileraren ostean, lortu zuten nahi zutena.

Ez du hartu zuten erabakiaren damurik. Cabaleiroren hitzetan, alabetako bat «argia» da, baina fisikoki ahula eta gauzak barnean gordetzekoa: «Beste maila batean egongo balitz, ez litzateke ziur sentituko. Ondo dago». Beste alaba ere «ondo» ikusten du dagoen mailan: «Halako haurrek arreta defizitaren nahasmendua askotan edukitzen dute, memoria arazoak, oxigenoa falta zitzaion... Ez dakit. Nik susmoa dut: ezin da geldirik egon, zuhaitz guztietara igotzen ari da... Ez dakit zerbait edukiko duen. Hasi gara begiratzen».

Gainontzean, eskolan ez dute aparteko artarik jaso, eskatu arren: «Esaten nien Onekak ez zuela ondo ahoskatzen, ezta Laienek ere. Onekak, gainera, ezin zuen jan. Pausokara eramaten nituen, eta eskatzen nien eskolan jartzeko laguntza ahoskatzeko, Pausokan ordu guztiak jatera bideratzeko. Ez nuen lortu».

Orain, Eusko Jaurlaritzak zabaldu duen aukera «oso ondo» iruditzen zaio Cabaleirori: «Oso ondo dago behintzat aukera ematea. Gero, gurasoek hartu behar dute beren gain ardura, eta jakin behar dute zergatik hartzen duten erabakia, irakurri egin behar dute...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.