Lehengaien garestitzea. Mikrotxipak

XXI. mendeko lehengaia

Mikrotxipen erabilera ugaritu egin da industria gehienetan; Taiwanek eta Hego Koreak kontrolatzen dute merkatua ia esklusiboki.

jokin sagarzazu
2021eko urriaren 3a
00:00
Entzun

Mikrotxipen eskaria nabarmen handitzen ari zen COVID-19a baino lehen, 5G telefoniarekin eta adimen artifizialarekin lotutako teknologia berriek bultzatuta. Pandemiak aurretik zetorren joera bat bizkortu du, eta bete-betean harrapatu du autogintzaren sektorea. «Mikrotxipen industria sekulako abiaduran doa. Munduko ekoizle nagusiak azken belaunaldiko txipen fabrikazioa lehenesten ari dira orain, bereziki ordenagailuetan eta sakelakoetan erabiltzen direnak. Denera iristen ez direnez, hain sofistikatuak eta hain errentagarriak ez diren txipen produkzioa murrizten ari dira, autogintzan erabiltzen direnetako asko, adibidez», azaldu du Ignacio Martil Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko (UCM) Fisika katedradun eta mikrotxipetan adituak.

Gainera, autoaren industriak badu berezitasun bat, Martilen arabera: ez du mikrotxipen stockik erabiltzen. Ibilgailuak just in time ereduari jarraituz egiten dituzte; hau da, saldu ahala muntatzen dituzte. Eta egungo eskaintza arazoak direla eta, txip ekoizleek hamabi eta hemezortzi aste artean behar izaten dituzte horietako bakoitza egiteko. «Gogoratu behar da prozesu neketsua dela txip bat egitea: zaharretakoa izan ala azken belaunaldikoa izan, oso lan sofistikatua da, eta hilabeteak behar dira».

Merkatuan gertatzen ari dena ez dela berria dio fisikariak: munduko txipen eskari eta eskaintza krisiak ziklikoak izaten direla, eta horiek telefoniaren industrian izaten diren aldaketekin batera gertatu ohi direla. Adituak uste du orain 5Grekin eta adimen artifizialarekin lotutako teknologia berrien hazkundea «superziklo» bat elikatzen ari dela, eta horrek aurrekoek baino askoz gehiago iraun dezakeela. «Adibidez, auto elektrikoek txip gehiago eta berriagoak erabiltzen dituzte. Gainera, automobilaren sektorean espero da 2024an fabrikatuko dituzten ibilgailu guztien ia hiru laurdenek Interneterako konexioa izatea». Adituaren arabera, bi faktore horiek abangoardiako txipen eskaria handituko dute datozen hilabeteetan, eta egungo egoera okertu egingo da.

Eta aldaketa horietarako prestatuta al dago merkatua? Ezetz dio Martilek. Datu bat nabarmendu du: mundu osoan egiten diren txipen %10 bakarrik fabrikatzen dira Europan. Gaur egun, bitik bat Taiwanen eta Hego Korean egiten dituzte, eta haren ustez, garrantzitsuagoa dena: azken belaunaldikoen %90 hango bi konpainia nagusiek egiten dituzte: TSMCk eta Samsungek.

Eta Europan zer?

Martilek azaldu duenez, mikrotxipen industriako enpresak bi taldetan banatzen dira: fabrikazio plantak dituztenak eta ez dituztenak. 1990etik aurrera, Mendebaldeko fabrikatzaile asko diseinurako trantsizioa egiten hasi ziren, ekoizpena kanpora atereaz, Asiara bereziki. Hala ere, munduko ekoizle nagusia estatubatuarra da oraindik: Intel. Konpainia horrek, baina, abangoardiako txipen merkatua galdu du, «azken urteetan hartu dituen erabaki oker batzuen ondorioz».

«Eskaintza krisi handi bat bezalakorik ez dago azken hamarkadan botere teknologikoaren eta industrialaren, eta merkatuaren pilaketak erakusteko: Taiwan eta Hego Korea txipak fabrikatzeko potentzia bihurtu dira, beste batzuek utzitako espazioak okupatu dituztelako», adierazi du Martilek.

Europako kasua «oso berezia» dela dio fisikariak, azken belaunaldiko txip gehienak kontinentean diseinatzen baitira, gero Asian fabrikatzeko. Egungo krisia dela eta, Europako Batasunak esan du abangoardiako txipak fabrikatzeko lantegi handi bat sortzea aztertzen ari dela, TSMC, Samsung eta Intelen laguntzarekin. Martilek zalantza asko ditu horren inguruan, mikrotxipen industriaren berezitasunak kontuan hartuta. Fabrika bat martxan jartzeko «inbertsio erraldoiak» behar direla dio: tamaina ertaineko baterako, 8.500-10.500 milioi euroren inbertsioa eta, ondoren, gutxienez hiru urteko epea behar dela ekoizten hasteko. «Txipak egitea ez da arropa fabrikatzea bezalakoa: inbertsio eta ahalmen teknologiko handiak eskatzen ditu». Gainera, ohartarazi du mikrotxipak oso azkar zahartzen direla eta prezioen lehia handia dela Asiako ekoizleekin. «Auzi honek konponbide zaila dauka».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.