Azken urteotan eztabaida iturri izan dira maiz euskal presoei egiten zaizkien harrera publikoak: ongietorri deiturikoak. Halakoek ETAren biktimei min egiten dietela gogorarazi ohi dute hainbat eragilek, horiek debekatzeko lege proiektu bat martxan du Madrilek, eta Arnaldo Otegik eta Arkaitz Rodriguezek astelehenean egindako Urriaren 18ko Adierazpenak ere biktima horien mina «ahal den neurrian arintzeko konpromisoa» jasotzen du.
Adierazpenak ez die egiten erreferentzia zuzenik ongietorriei, baina horiei buruz galdegin zioten biharamunean Rodriguezi Euskadi Irratian egin zuen elkarrizketan. Erantzun zuen «ezker abertzaleak hausnartua» zuela «bere garaian» horien inguruan, eta «aspaldi honetan bideratuak» zituela «irizpideak» halako ekitaldiek «ETAren biktimei ahalik eta kalte edo sufrimendu erantsi txikiena eragiteko». Datuak ere eman zituen: «Aurten 25 preso politiko atera dira kalera, zigorra osorik beteta, eta horietatik apenas bik izan dute oihartzun publiko eta mediatikoa». Gauza bera adierazi zuen atzo Radio Euskadin: erran zuen «ezkerreko independentismoak bere esku» dagoena eginen duela ETAren biktimen eskaerak asetzeko, eta gaineratu zuen euskal presoen harrera ekitaldiei dagokienez jarrera ez dela «ezberdina» izanen. Rufi Etxeberria Sortuko kideak igandean Diario Vasco-n egindako elkarrizketan ere hala adierazi zuen: «Ongietorriak ja ez dira egiten lehengo modura, noizbehinkako kasuren batean salbu».
Foro Sozial Iraunkorrak emandako datuek baieztatu egiten dute ezker abertzaleko ordezkariek erranikoa: 2020an, 28 euskal preso atera ziren kalera, eta horietatik zazpiri egin zizkieten ongietorri publikoak. Aurten, berriz, eta, Rodriguezek erran gisan, 25 presotatik biri baino ez diete egin harrera publiko bat. Azken bi urteotan, beraz, aske utzitako 53 euskal presoetatik bederatzik baino ez dute jaso herritarren txalo zaparradarik karrikan. Covite biktimen elkarteak ere hala adierazi zuen uztailean plazaraturiko ohar batean: «Etakideei egindako ongietorri kopurua nabarmen apaldu da».
2019tik datorren gogoeta
Foro Sozial Iraunkorrak ongietorriei buruzko gogoeta bat plazaratu zuen 2019ko uztailean, «zenbait eragilerekin» hitz egin ondotik. Izan ere, eztabaida bizia sortu zen uda hartan, Hernanin eta Oñatin (Gipuzkoa) egindako harrera ekitaldi batzuen ondorioz. Foro Sozialak adierazi zuen ekitaldi horiek «birbiktimizatu» egiten zituztela ETAren biktimak.
Orduan proposatu zuen Foro Sozialak ongietorriak «leku pribatuetan» egitea, eta, ordutik, pixkanaka gutituz joan dira leku publikoetan presoei egiten zaizkien harrerak. Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramaileak BERRIAri baieztatu dionez, ordutik ere lan isil bat egin dute, eta «emaitzak» izan ditu: «Pauso nabarmenak eman dira. Kontsentsuak detektatu ditugu, eta, azken bi urteotan, ongietorri gehienak —aurten ia-ia guztiak— gune pribatuetan izan dira». Biktimekiko eta presoen senideekiko «enpatia» eta «eskubideak» dituzte oinarri kontsentsu horiek, Hernanek azaldu duenez: «ETAren biktimek ez dute birbiktimizatuak izan behar, eta presoen senideek eskubidea dute euren senideei harrera egiteko, kondena osoa beteta eta urte gehienetan baldintza txarretan —lehen graduan, bakartuta, eta etxetik 800-1.000 kilometrora— egon ondoren». Presoen alorrean baino gehiago, uste du orain «kontakizunaren gudan» dagoela afera: gaia «espazio eraikitzaile» batera igarotzea nahiko luke.
Ongietorririk ez kasik
Azken bi urteotan, 53 euskal preso atera dira espetxetik, eta horietatik bederatziri baino ez dizkiete egin harrera publikoak. Aurten, berriz, 25 presotatik biri baino ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu