«Beharrezkoak diren ekarpenak» egiten segituko duela dio EPPK-k

Egoera «gordina» dela adierazi du, baina ez du «etsiko» eta «atzera» egingo. Agiria plazaratu du Preso Politikoen Nazioarteko Egunean

Orain presoak manifestazioa, joan den urtarrilaren 12an, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
enekoitz esnaola
2019ko apirilaren 17a
00:00
Entzun

Nahiz eta euskal presoen auzian egoera ez den sobera aldatu —batik bat Espainiako Estatuan—, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak azaldu du «beharrezko diren ekarpenak» egiten jarraituko duela. «Deliberatuak gaude gure helburuetara iristeko», esan du Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren harira plazaratu duen agirian —BERRIAk eskuratu du—. Euskal gizarteari zuzendu dio mezua. «Ekarpen handi eta txikiak» egingo ditu, «denak baitira beharrezko», nahiz eta aitortu duen aurrerantzean ere «zailtasunak» aurkituko dituela.

Datorren uztailean bi urte beteko dira EPPK-k barne eztabaida prozesua amaitu eta erabaki zuenetik espetxe legedia arruntari ekitea, ibilbide juridikoan «pauso bat aurrera eginez, kartzelak husteari begira». Esate baterako, kolektiboko kideek gradu progresioa eskatu dute, eta kartzelako lanei eta programei ere ekin zieten, betiere nahi dutenek. «EPPK-k jakin izan du aurrean dituen erronkei eta egin zaizkion galde guztiei eskuzabaltasunez erantzuten, gure herrira konponbidea eta askatasuna ekarri behar dituen prozesuaren hobe beharrez», dio gaur zabaldutako agirian, baina deitoratu du zailtasunak izan dituela «borroka horretan ere», eta «emaitzak tantaka datoz, nekez datoz».

Gizartearen «babesa»

Frantziako eta Espainiako gobernuek egindako mugimenduak euskal gizartearen presoen eskubideei emandako «babesaren ondorioz» gertatu direla iritzi dio EPPK-k. Madrili baino jarrera hobea ikusten dio Parisi: «Frantzian hurbilketaren inguruko mugimendu batzuk emanak ditu, eta iritsiko da balorazio zehatzagoak egiteko ordua. Espainia aldean jarrera immobilistagoak eta are inboluzionistak gailentzen ari dira; espetxeetan eta presoon inguruan egin dituzten urrats uzkurrak nahikoak ez izateaz gain, gurekin adostu gabeak izan dira». Gainera, haren esanetan, Madrilek «salbuespen irizpideak mantendu» eta «exijentziak behin eta berriz handitu» ditu.

EPPK-k ohartarazi du kartzeletako egoera «gordina» dela oraindik; izan ere, kolektiboko 260 kide inguru daude preso oraindik; adinekoak dira haietako batzuk; batez beste urte asko daramatzate espetxean; hainbat preso bakartuta dauzkate; hogei lagunek gaixotasun larriak dituzte... «Azken urteotan kolektiboa osatzen dugun kideen kopuruak behera egin arren, larritasunek gora egin dute».

Dena dela, hitz eman du ez dutela «etsiko» eta ez direla «atzera itzuliko».

EPPKren agiria

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.