Siriako gerra. Turkiaren inbasioa Rojavan. Meryem Kobane. Komandante kurdua

«Atzo arte heroiak zirenak gaur ezin dira ikusezinak izan»

Turkiaren erasoaldia gelditzeko laguntza eskatu du YPJko kideak, baina uste du «kaleetan manifestazioak egitea» ez dela nahikoa. «Inportantea da botere lekuetara joatea».

2019ko urriaren 11
00:00
Entzun
YPJ emakumeen milizien Kobaneko komandante nagusia izan da Meryem Kobane. Haren agindupean, Estatu Islamikoaren setioari eutsi zioten lau hilabetez baino gehiagoz, eta, azkenean, jihadistak menderatu zituzten, 2015eko urtarrilean. «Gure herriak humanitate guztiarentzat borrokatu du Kobanen». Hitz horiekin hasi da Meryem Kobane komandantea BERRIAren galderei erantzuten: «Setioak iraun zuen hilabeteetan inspirazioa eman digu nazioarteko elkartasunak, batez ere mundu guztitik heldu zitzaigun emakumeen babesak. Orain, berriz, herri hau, kurduen herria, humanitate guztiarentzat ari da borrokan. XXI. mendeko historian orri beltz eta lotsagarri bat idaztea izango da kurduei babesik ez ematea».

Zein mezu eman nahi diozu nazioarteko komunitateari?

Gaur egun bi lekutan hartzen dira erabakiak: Nazio Batuen Erakundean, eta NATOn. Nazioarteak, eta batez ere emakumeek, hara joan eta han esan behar dute ozen Turkiaren erasoak gelditu egin behar duela. Atzo arte nazioarteko komunitatearentzat heroiak izan direnak gaur ezin dira ikusezinak izan. Horregatik, munduan ditugun adiskideei eskatzen diegu haien ahotsa entzunarazteko botere lekuetan.

Emakumeei egin diezu deia…

Bai. Gaur, Serekaniyen, eta muga guztian zehar, emakumeak daude lehen lerroan, gure herriaren duintasuna defenditzeko, gure hildakoen memoria defenditzeko, eta gure lorpenak defenditzeko. Askatasunaren aldeko borroka, batez ere, emakumeen askatasunaren aldeko borroka baita. Ez da nahikoa kaleetan manifestazioak egitea. Inportantea da botere lekuetara joatea, han hartzen baitira erabakiak, eta kontatzea zer gertatzen ari den Siriako iparraldean eta ekialdean. Emakumeek kontatu behar dute Turkia umeak hiltzen ari dela, emakumeak hiltzen ari dela, gazteak, zaharrak. Erdoganek eta Al-Baghdadik [Estatu Islamikoaren buruak] aurpegi bera dutelako.

Ez da kasualitatea izan turkiarren inbasioa Serekaniyen hastea, ezta?

Serekaniye oso leku garrantzitsua da kurduentzat. Hemen hasi zen Rojavako iraultza. Hemen loratu da nazio diferenteen arteko bizikidetza, hiria aske izan den urteotan. Beraz, ez da kasualitatea Turkiak hemen hastea inbasioa. Kurduak sarraskitzea baita haren helburua; eta eskualde honetan iraultzarekin sortutako Administrazio Autonomoaren pean bakean bizi ziren beste kulturak ere suntsitu nahi ditu. Iragarpen bat egingo dugu: Turkiak bere inbasioa Serekaniyen hasi du, eta Serekaniyen egingo du porrot.

Estatu Islamikoko kideak preso dauden kartzela batzuetan erasoak egin ditu Turkiak. Zein da Erdoganen asmoa?

Mundu osoaren interesekoa da gerra hau gelditzea. Erdoganen eta bere mertzenarioen —berdin dio zer izen duten— pentsamendu atzerakoiak indar hartuko du, eta orain ekiten ez duena izango da horren konplize. Txanpon beraren bi aurpegiak dira. Guk eutsi egingo diogu, erresistentzia gure askatasuna delako. Kurduek eutsi egingo diote, beti. Baina borroka hau ez da gurea bakarrik. Gerra hau ez baldin bada gelditzen, ondorioak katastrofikoak izango dira humanitatearentzat.

Erdoganek, kritikak gaitzetsi, eta Siriako kurduen aurkako erasoak gogortu ditu

Gerrak jaialdia eten du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.