Irailean sindikatuek grebarako deia egin zutenetik, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan da gehien eta ozenen mintzatu dena biharko eta abenduaren 19ko lanuzteen aurka. Haren ustez, «hauteskunde interesak» daude mobilizazio horien atzean, eta emandako argudioak «populistak» dira, ez dira «datu objektiboetan oinarritzen». Urkullurentzat, «erraza» da esatea zerbitzu jakin batzuk publiko egin behar direla eta «langile guztiak funtzionario bihurtu behar direla». «Baina ezinezkoa da. Nola jasango du gure ekonomiak hori guztia urte gutxiren buruan?».
Urkulluk hausnarketa hori egin du Noticias taldeko egunkarietan euskaraz argitaratutako iritzi artikulu batean, aurretik Vocento taldeko egunkarietan eta gaztelaniaz egin zuen moduan. Lehendakariak azpimarratu du Jaurlaritza «egunero» saiatzen dela zerbitzu publikoak eta langileen baldintzak hobetzen, baina ohartarazi du diru sarrerak mugatuak direla. «Ezin dira herritarren aurrezki guztiak erabili funtzionarioen soldatak pagatzeko bakarrik».
Sektore pribatuaren aldeko mezuan sakondu du, halaber, esanezenpresak, kooperatibak eta autonomoak «ezinbestekoa» direla zerga bilketan, eta horrek bermatzen duela zerbitzu publikoak izatea. «Aurrera egiteko ezinbestekoa da aurreztea, inbertitzea eta enpresa mundua babestea».
Antzera mintzatu ziren atzo Bingen Zupiria Jaurlaritzaren bozeramailea —Radio Euskadin— etaOlatz Garamendi Gobernantza Publikoko sailburua —Vocento taldean—. Sindikatuak, berriz, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUrekin bildu ziren. Alderdi guztiak deitu zituzten bilerara, baina soilik bi horiek erantzun zieten.
«Errealitatetik kanpo»
Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaile Miren Gorrotxategik ohar batean salatu zuen «oso arriskutsua» dela langile publikoak gainerakoekin «aurrez aurre jartzea». Gorrotxategiren ustez, Urkullu da errealitatea ikusi nahi ez duena eta hauteskundeetan pentsatzen ari dena. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak ere«errealitatetik kanpo» egotea eta «patronalaren diskurtso erreakzionarioa zabaltzea» leporatu zion Urkulluri, Herri Irratian eginiko elkarrizketa batean.
Urkullu: «Langile guztiak ezin dira funtzionario izan»
Lehendakariak azpimarratu du gobernuen baliabide ekonomikoak «mugatuak» direla eta sindikatuen eskaerak ezin dituztela bete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu