'Egunkaria'-ren itxiera: 20 urte

«Urdina: urdina alde guztietan»

Apirilaren hasierarako ehun herri batzorde baino gehiago zeuden abian jarrita 'Egunkaria aurrera' leloarekin; itxierarengatik sortutako amorrua bideratzen lagundu zuten, eta elkartasun iturri oso oparoa izan ziren.

arantxa iraola
2023ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Kale gorrian utzi zituen Egunkaria-ren itxierak kazetako langileak. Egunero egitea lan garrantzitsua izan zen. Elkartasuna bilatzeko lanetan murgildu ziren beste langile asko; lan erabakigarria izan zen hori ere. Margari Eizagirre Egunkaria-n dokumentazio lanetan ari zen itxi zutenean. Kolpe latza izan zen harentzat ere. Lantaldeen banaketa otsailaren 20 hartan bertan egin zela oroitzen du: «Lanak segituan banatu genituen: lan sailak egin ziren». Herri hainbatetan berehala jarri ziren martxan bidegabekeriari erantzuteko egitasmoak, horretarako «herri batzordeak» ere eratu ziren, eta horiek koordinatzen aritu zen. Itxiera salatzeko Donostian egin zen manifestaziorako egin ziren Egunkaria aurrera lelodun elastikoak erruz zabaldu ziren, eta ondorengo aste eta hilabeteetan dena kolore horrek tindatuta oroitzen du Eizagirrek: «Urdina: urdina alde guztietan».

Euskal Herri osoan ibili ziren: «Apirilaren hasierarako ehundik gora herri batzorde zeuden antolatuta». Bidegabekeriak eragindako amorruari erantzute aldera, «naturalki» sortu zirela gogoratu du. Euskara elkarteak, euskaltegiak, Korrika batzordeak... Halakoetatik sortu ziren usu batzordeak, eta halakoetara jo zuten babes hori koordinatzeko ere: «Artxibo moduko bat egin genuen telefonoekin. Dei pila bat egiten genituen egunero. Eskuko telefono batzuk eman zizkiguten, eta egun osoa eskukotik deiak egiten jarduten genuen». Eta herriz herri ere ibili ziren: informazioa ematen,materiala helarazten. «Autoarekin Euskal Herri osoa korritu genuen egun haietan. Informazioa behar zutela, edo elastikoak, edo bonuak».

'Egunkaria aurrera', edonon

Herrietan Egunkaria aurrera lelodun ekitaldiak asko izan zirela gogoratu du. Jai girokoak izan ziren asko. «Denak ziren ekimen politak, oso kolektiboak. Eta gero jende ezagunaren presentzia ere polita izan zen. Bateko aktorea, beste bateko musikaria... Jendea asko inplikatu zen». Une berezi asko izan ziren. «Lan nekea izan zen, baina ederra, eta naturala. Jendeak eskatu egiten zuen: joateko». Sare sozialak eta elkarren berri izateko bide digitalak ez ziren gaur bezain ohikoak ere. «Gehiago elkartzeko beharra sentitzen genuen», oroitu du: «Eta oso hunkigarria zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.