Berez, otsailean amaitzen zen 18 urterako sinatutako kontratua, baina ez dira helduko. Durangoko (Bizkaia) Plateruena Kafe Antzokiaren ateak ixtea erabaki zuten bazkideek atzo arratsaldean, eta ekonomikoa da arrazoia: «Erabakia egoera ekonomikoak behartua izan da. Azken urteetan Plateruenak izan dituen zailtasunei COVID-19ak ostalaritzari eta kultur arloari eragin dizkien baldintzak gehitu zaizkie, eta horrek ezinezko egin du orain arteko kudeaketa ereduaren bideragarritasunari eustea eta eraikinaren ustiapen epea luzatzeko aukera».
Durangoko Plateruena eraikitzeko eta azpiegiturak mantentzeko, 1.405.000 euro behar izan dira, guztira.
— IGØR (@ielortza) September 30, 2020
% 44 norbanako edo eragileek jarri dugu.
% 29 Plateruenaren jardunak.
% 20 Berbaro euskara elkarteak.
% 7 utziko dugu finantza erakundeei ordaindu barik.
1989an jaio zen Berbaro euskara elkartea, Durangon, eta haren bultzadaz heldu zen Plateruena 2004an. Euskara aisi gunean sustatzen saiatzeko taberna bat ireki zuten herrian lehenik, 1994an. Kontzertuak ere egiten zituzten bertan, hitzaldiak, antzerki saioak, erakusketak... Eta Bilboko Kafe Antzokiaren irekierak piztu zien antzoki bat zabaltzeko ideia. Landako gunea eraikitzen zebiltzan ordurako, eta proiektuak ostalaritza gune bat ere aurreikusten zuen. Hiltegi zaharraren eraikina berritzea erabaki, 900 bazkideko kooperatiba bat osatu, eta orduan hasi zen martxan Plateruena, 2004ko urriaren 28an.
Euskara erdigunean jartzea zen asmoa, eta horrekin batera, euskal kultura nazioarteko sortzaileekin partekatu ahal izateko moduko gune bat sortzea. Mila lagun inguru batu zituen irekierak, eta lehen mailako hamaika kontzerturen gune izan da geroztik.
Irekierarako bidea ez zen trabarik gabekoa izan, ordea. Eraikina udal jabetzakoa da egun ere, eta hemezortzi urterako lizitazioa lortu zuen proiektuak, hamar urte gehiago luzatzeko aukerarekin. Baina egokitu egin behar zen eraikina, eta milioi eta erdi euro behar izan zituzten horretarako. Eusko Jaurlaritzak 120.000 euroko laguntza bideratu zuen, eta udalak ez zuen inolako laguntzarik jarri, eta ia laguntza publikorik gabe egin behar izan zioten aurre zulo hari kooperatibako kideek. Berbaro taberna salduz lortu zuten diruaren herena, herritarren babesari esker beste heren bat, eta zorpetuta eskuratu zituzten azken 500.000 euroak. Eta neurri handi batean, azken heren horrek markatu du espazioaren historia.
Arazoak, lehendik
Proiektua bideragarri izan den urteetan ere, milioi erdi euroko zama hori izan du gainean luzaro Plateruenak. 2014an, esaterako, diru bilketa abiatu zuten herritarren artean, ordaintzeke zituzten 250.000 euroak lortzeko. Kito egitea lortu zuten, baina pandemiak eman dio azken kolpea, nabarmen zauritu dituelako guneak diru iturri nagusi izan dituen bi ekitaldi nagusiak. Batetik, Durangoko festak bertan behera gelditu dira, eta abenduan ere zaila dirudi Durangoko Azokan orain arteko jende jarioa irudikatzerik.
Garrantzitsua izan zen hamargarren urteurrena ere. Proiektua unean uneko beharretara hobeki egokitzeko prozesua jarri zuten martxan: Zilarberritzen deitu zuten. Gunearen kudeaketa parte hartzaileago bilakatu zuen iritzi bilketa bat egin zuten, eta komunikazio bideak ugaritu zituzten. Proiektua ekonomikoki bideragarria zela ere zehaztu zuten arduradunek prozesuaren amaieran, baina diru bilketa abiatu zuten hasierako obratik arrastatzen zuen 250.000 euroko zorrari aurre egiteko. Herriko mugimendu eta elkarteentzako lanerako espazioak eskaini ditu Plateruenak ordutik, eta kultur programa propioari ere eutsi dio.