Hildako abereen galera diruz konpentsatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Aldundiak gaur emango du laguntzen eta kasuen berri. Baserritarrek beharrezkotzat jo dituzte laguntzak. Neurri batzuk beteta, abereek muga zeharkatu dezakete berriro

Behi batzuk Pagoetako parke naturalean, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU.
inaut matauko rada
2023ko urriaren 11
00:00
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundia abeltzainekin bildu zen atzo beste behin, gaixotasun hemorragiko hepizootikoak izandako eragina aztertzeko. Iñaki Goenaga Gipuzkoako ENBAko presidentearen arabera, aldundiak 890 kasu baino gehiago zenbatu ditu orain arte, lurraldeko 315 etxaldetan. Eritasunagatik hildakoak eta sakrifikatuak ere ohi baino gehiago dira. Hala, atzoko bileran aldundiak abeltzainei adierazi zien akabatutako ganadua diruz konpentsatzeko asmoa dutela.

 

Aldundiak gaur emango ditu diru laguntzei buruzko xehetasunak, baina baserritarrek uste dute beharrezkoa dela galerak konpentsatzea. Izan ere, Garikoitz Nazabal Gipuzkoako EHNEko presidentearentzat, sektore estrategikoa da abeltzaintza, eta uste du halako egoera zailetan ezinbestekoa dela laguntza: «Sektore honentzat, egoera kritiko bat da egungoa, eta horren neurriko laguntzak behar dira». Larzabalen arabera, atzoko bilera gaitzaren jarraipenean eta diru laguntza berrietan zentratu zen, eta EHNEk bere proposamena izan zuen hizpide.

Gaitzaren jarraipenari buruz, Goenagaren esanetan, aldundiak adierazi zuen eritasuna lasaitzen ari dela, agerraldi handiena pasatua baita. Hala ere, Goenagak oraindik ez du garbi hori, uste baitu «inork ez» duela garbi gaitza pixkanaka itzaliko den edo berriro indarra hartuko duen.

Goenagak eta Nazabalek adierazi dute gaitza ez dela berdin agertzen ari toki guztietan. Inguru batzuetan beste batzuetan baino gogorrago jo du, eta baserri batzuetan agerraldi ziklikoak ikusi dituzte, gaixotasuna joan eta itzuli baitabil.

Mugen afera

Joan den hilean, Frantziak mugak itxi zituen kabalentzat. Izan ere, gaitzaren bi kasu detektatu zituzten orduan Iparraldeko bi etxaldetan, eta debekatu egin zuten fokuetatik 150 kilometrorako baserrietako abereak mugitzea.

Espainiak ere murriztu egin zuen abereen mugimendua, baina herenegun berriro ireki zuen muga Frantziako abere gazteentzat. Hala ere, eritasunak eragindako eremu batetik abere bat mugitzeko, urriaren lehenetik beharrezkoa da test bat egitea.

Urteko garai batzuetan, ohikoa da abereak alde batetik bestera ibiltzea bazka bila, eta, ganadua Ipar Euskal Herrira itzuli aurretik, beharrezkoa da animaliak desinfektatzea kamioietan kargatu baino lehen. Hegoaldean, gaitzak erasandako leku batetik mugitzeko ere desinfektatu egin behar dira aurrez abereak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.