Bilboko Aste Nagusia. Itsasne Nuñez. Txupinera

«Kargua aprobetxatu nahi dut auzoak aldarrikatzeko»

Agenda aurrez ezarria duen arren, Nuñezek izan du egunak antolatzeko malgutasunik. Era berean, karguari esker, lehendik ezagutzen ez zituen eta gustatu zaizkion ekitaldiak topatu ditu.

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Ahotsa urratuta duela, urak lagunduta egin behar izan du berba Itsasne Nuñez txupinerak (Bilbo, 1989). «Oihu asko egin dut eta edari hotzegia edan dut egun hauetan». Dagoeneko nekea sentitzen du, baina oraindik baditu indarrak igandera arte bere karguari eusteko.

Aurreko urteetako txupinerek zer aholku eman zizuten jaiak hasi aurretik?

Asko gozatzeko, horrelako beste aukerarik ez baitugu izango. Eta nik ere horixe esango diot datorren urtekoari.

Txupinerak eta pregoilariak baduzue agenda bat zehaztuta. Horretaz aparte, izan duzu jaiak gozatzeko aukerarik? Zeure agenda propioa betetzekorik?

Izan dut, bai. Ekitaldi batzuetan parte hartu nahi nuen. Jaiak hasi aurretik galdetu nuen ea posible litzatekeen agendan sartzea, eta baietz esan zidaten. Kontzertu batzuk entzun ditut. Pinpilinpauxaren trabesti poteoan izan nintzen, haiekin dantzatzen. Nahiko malguak izan dira. Badaude ezinbestean joan behar dugun ekitaldi batzuk, eta niretzat horietako batzuk berriak izan dira; ez nituen ezagutzen. Asko gustatu zaizkit, eta hurrengo urteetan nire agendan egongo dira.

Adibidez?

Larrain dantza, Plaza Barrian. Oso ondo pasatu genuen. Banekien egiten zela, baina ez nintzen sekula egon. Nik ez dut erabaki joatea, baina, joan ondoren, asko gustatu zait.

Zerbaitek hunkitu zaitu?

Bilbotarrek. Jendea errespetu osoz hurbiltzen zaigu. Argazkiakeskatzen dizkigute. Aitite bat hurbildu zitzaigun lehengo egun batean; ez dauka sakelakorik, eta autografoa eskatu zigun. Asko hunkitu gintuen.

Pregoilariak eta biok oso harreman ona duzuela dirudi.

Aste Nagusia bukatuko da, baina uste dut gure artean bizitza osorako adiskidetasuna geratuko dela.

Txarrik egon da?

Sare sozialetan irakurri ditugu pregoilariaren aukeraketari egindako kritika batzuk. Baina, zorionez, jende hori ez da guregana hurbiltzen. Etorri diren guztiak modu onean eta errespetuz etorri dira. Era berean, egunero izango dira istiluak, baina guk horiek ez ditugu ikusten.

Eraso sexistak, kasurako.

Bai, eta arrazistak. Kontua da horiek normalean iluntzean eta gauean gertatzen direla, eta ez ditugu ikusten. Baina hurrengo goizean, horien berri izaten dugunean, pena itzela hartzen dugu. Oraindik ere lanean jarraitu behar dugun seinale da, denontzako jaiak lortu ahal izateko.

Otxarkoagako Pa...ya! konpartsako kide zarelako hautatu zaituzte txupinera. Urtean zehar aparte dagoen auzoa erdigunera ekarri duzu oraingoan.

[Atzo] Goizean jaietako ekitaldi instituzionala izan da udaletxean. Agintariek eta politikariek auzoez hitz egin dute, auzotarrok egiten dugula posible Bilbo eta Aste Nagusia. Bai, noski, baina auzotarrik ez zegoen. Ni izan naiz haien ordezkari bakarra. Kargua aprobetxatu nahi izan dut Bilboko auzo periferikoak aldarrikatzeko: esan dut gu gabe ez dagoela Bilborik, eta jaiak guk ere egiten ditugula. Aitortza hori merezi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.