Iragazki bat doministikuentzat

Alergologoek berretsi dutenez, maskaren erabilerak nabarmen arindu ditu polenari alergia diotenen sintomak. Oraintxe behar lukete denek bete-betean, baina esan dute inoiz baino kasu gutxiago dituztela. Lehen ere gomendatzen zuten maskara erabiltzea, baina orain jabetu da jendea haren onurez.

Emakumezko bat maskara jantzita, bere buruari argazki bat ateratzen, Alemaniako Bonn hirian, lorez betetako parke batean. SASCHA STEINBACH / EFE.
enekoitz telleria sarriegi
2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Mukiak dariela, azkura betean eta doministiku ozenean behar lukete hainbat lagunek egun hauetan. Herritarren zati handi batek alergia dio Poaceae edo gramineo izeneko landare loredunen familiari. Eta horiexek izaten dira sintomak: errinitisa, azkura, doministikuak, eta, kasurik larrienetan, arnasteko arazoak ere bai. Ordea, espero ez zuten kontrarioa topatu dute gramineoek, eta espero ez zuten aliatua alergikoek: maskara. Lehen ere gomendatzen zuten alergologoek halakoak erabiltzea, baina pandemiak derrigortu egin du erabilera, eta onurak berehalakoak izan dira: sintomak arindu egin dira, eta kasuek behera egin dute.

«Gure patologiak asko-asko gutxitu dira. Maskara iragazki bat da, freno bat. Bakterioen kontra funtzionatzen duela bagenekien. Polenaren kontra ere bai, ordea. Polena, akaroak, oso txikiak dira, baina ez maskararen iragazkiarentzako bezain txikiak. Ezin dira hortik pasatu. Eta pandemia garaian maskaren erabilera orokortzeak asko lagundu du», azaldu du Susana Lizarza Donostia ospitaleko alergologoak.

Tamaina ezberdinetako polenak daude: hamar mikrakoetatik 200 mikra artekoetara. Gramineoen polenak 25 mikrako tamaina du, batez beste. Maskarak eraginkorrak dira? Datuek baietz diote. Izan ere, FFP2 motako maskarek 0,3 mikratik gorako partikulen %92 iragazteko gaitasuna dute. Maskara kirurgikoen eraginkortasuna ez da hainbesterainokoa—sudurraren parean eta alboetan gelditzen diren hutsuneetatik sar daitekeelako polena—, baina kirurgikoek ere ongi iragazten dituzte bi mikratik gorako partikulak, eta badira eraginkorrak.

Aritza Segurola Gurutzetako ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) alergologoa da. Maskara «barrera» bat dela nabarmendu du hark: «Joan den urteko udaberrian nabaritu genuen hobekuntza. Orduan itxialdiagatik izan zen, maskaren erabileragatik baino gehiago. Baina argi dago alergiekin zerikusia duten patologiek onera egin dutela ordutik, maskaren erabilera orokortu denetik».

Izan ere, lehendik ere gomendatzen zieten alergikoei maskarak erabiltzea. Segurolak gogora ekarri du hori: «Baina maskara erabiltzea estigma moduko bat zen lehen. Andaluzian, Jaenen eta horrelako lekuetan, polen kantitate itzela dagoen tokietan, lehen ere erabiltzen zituzten maskarak. Olibondoen polenarengatik zen hori. Baina hemen ez dira sekula halakoak izan polen kontzentrazioak. Euri gehiago egin izan du, kutsadura handiagoa dago, eta polena lurrera erortzen da».

Lizarzak nabarmendu du, gainera, alergien kontra ez ezik bestelako gaixotasunen kontra ere eraginkorra dela maskara: «Maskarak berak babestu ditu beste infekzio mota asko ere. Aurten oso katarro gutxi ikusi ditugu, esaterako, eta asmatikoak inoiz baino egonkorrago egon dira, gripea ere asko jaitsi da...».

Otsailean hasten da alergia sasoia, pinuak, akaziak eta landareak hozitzearekin. «Gure inguruan, horiek isurtzen dute arnasteko alergeno gehien», Segurolak dioenez. Paziente bakoitzak sentsibilitate maila bat du polenarekiko, batzuetan gramineoen polenarekin batera loratzen diren beste polen batzuek erasaten dietelako, adibidez. Baina, orokorrean, gramineoen informazioa erabiltzen da polenaren kantitatea neurtzeko. Askok nahi baino gehiago luzatzen da denboraldia, nahiz eta ez den urtero berbera izaten.

«Guk beti esaten dugu gure udaberria otsailean hasten dela. Orduan ikusten dugu gailur erraldoi bat polenarena, baina zuhaitzetako polenarena. Orduan hasten dira sintomak, udaberriaren aurretik, eta zuhaitzen bidez. Otsailean eta martxoan, egiten duen euriaren arabera, ez gara asko jabetzen», azaldu du Susana Lizarzak. Baina ohartarazi du azken hamarkadan eguraldia «aldatuz» joan dela: «Ez du horrenbeste euri egiten, eta otsailetik aurrera jada hasten dira alergikoak nabaritzen polena inguruan dagoela. Lehen esaten genuen gure betiko hezetasunak, gure betiko txapel horrek salbatzen gintuela, nolabait, baina, hori dena aldatu denez, ezin ditugu iragarpenak egin. Euria egiten badu, polenak ez du hegan egingo. Eguraldia eguzkitsua eta airetsua bada, polenak hegan egingo du, eta udaberria txarra izango da alergikoentzat».

Aurretik jakitea, zaila

Eguraldiak baldintzatzen du, beraz, polenaren joana eta alergikoen unean uneko oinazea. Aurreikuspenak egitea, beraz, ez da erraza izaten, nahiz eta urtero egiten diren kalkuluak eta neurtzen den polenaren kontzentrazioa. Aritza Segurolak egin du iragarpena: «Gure zonarako aurreikuspena da udaberri arina izango dela, neurritsua. Abenduan eta urtarrilean hotza egin zuen, loraldia ez da horrenbesterainokoa izan, eta horregatik diogu aurreikuspena dela polen gutxiago egongo dela, baina hori egun batetik bestera alda daiteke. Euriak baldintzatzen du asko. Hiru egunean behin euria egiten badu, ez da polen maila handirik egoten. Gramineoen polena da inguru hauetan garrantzitsuena, eta normalean maiatz amaieran jotzen du goia. Beste herrialde batzuekin konparatuta, oso maila txikiak izaten ditugu hemen».

ATX alergikoen elkartea

Alergia ezberdinak dituzten haurren familiek sortu zuten ATX elkartea, duela sei urte. Irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, 8.000 familia biltzen ditu, eta Europan alor horretan dagoen elkarterik garrantzitsuenetako bat da, Xabier Munioitz elkartearen presidente eta sortzaileak jakinarazi duenez: «Zortzi herrialde ezberdinetan gure protokoloekin lan egiten dute. Guk pasatu genuen odisea atzetik datozenek pasa ez dezaten sortu genuen [hiru haur alergikoren aita da bera].

Multialergia, dermatitis atopikoa eta asma dira elkarteko kideen patologiak biltzen dituen «triangelua». Maskaren erabilerak horiei guztiei eragiten diela dio Munioitzek: onerako zein txarrerako. Asmari dagokionez ohartarazi du geroz eta «antsietate» kasu gehiago jasotzen dituztela elkartean: «Maskararen erabilera okerren daramatenak asma duten nerabeak dira. Klasean ordu asko egiten dituzte maskara jantzita. Antsietatea sortu die maskararen erabilerak 14-16 urteko nerabeei. Itomen sentsazioa izaten dute». Eta azaleko arazoak ere bai: «Dermatitis kasuek gora egin dute. Ordu asko dira, eta ubelune moduko batzuk azaltzen zaizkie».

Baina maskaren erabilerak izan du onurarik, eta polenari alergia diotenek izan duten hobekuntza nabarmendu du Munioitzek ere: «Kexak eta kezkak nabarmen gutxitu dira aurten. Polena existituko ez balitz bezala izan da. Etxetik gutxiago atera da jendea, eta, atera dena maskara jantzita atera denez, ondorioak nabarmenak izan dira. Errinitis, sinusitis... kasuek nabarmen egin dute behera. Dena dela, eta garbi esanda: alergiena mundu bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.