Autogintza. Auto elektrikoak

Auto elektrikoen merkatu kuota %10era iritsi da Europako Batasunean

Iaz baino %53,4 gehiago saldu dira urteko lehen hiruhilekoan. EBk 2035ean debekatuko du errekuntza auto berrien salmenta

Iker Aranburu.
2022ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Abiada hartzea asko kostatu zaion arren, azkenean autoen elektrifikazioa urratsak egiten ari da. 2022. urteko lehen hiru hiruhilekoan Europako Batasunean matrikulatu diren autoen %10 erabat elektrikoak izan dira. Iazko epe beraren aldean auto horien salmenta %53,4 handitu da, ACEA Europako autogileen patronalaren azken datuen arabera.

Errumanian beste inon baino gehiago hazi da auto elektrikoen salmenta, iazkoa halako bost izan baita aurten, egia den arren oso maila apaletik hazi direla; orotara, 2.108 izan dira. Merkatu handien artean, Espainia nabarmendu da, %110 handitu baita iazko urte hasierarekin alderatuz gero. Frantzian, berriz, %42,7.

Kontinenteko auto merkatu nagusian, Alemanian, jada %13,4ko kuota dute auto elektrikoek, eta %16,4ra heldu da Herbehereetan. Frantzian, urteko lehen hiruhilekoan saldutako auto berrien %12 izan dira elektrikoak.

Kopuru horiek jaitsi egin ohi dira hegoaldera eta ekialdera eginez gero. Horrela, Italian %3,3ko kuota lortu zuten auto elektrikoek, eta Espainian, berriz, %4,4koa. Bi horietan oso nabarmena da hibridoen aldeko apustua. EBn, %25,1eko kuota izan dute hibridoek, baina kopuru hori %33,3ra iritsi da Italian, eta %28,4ra Espainian.

Europako Batasunetik kanpo badago ere, kasu berezi bat da Norvegiarena. Eskandinaviako herrialde horrek diru laguntza handiak ematen ditu auto elektrikoak erosteko, eta horiei esker aurten saldu diren autoen ia %83 izan dira elektrikoak, eta beste %7 hibrido entxufagarriak. Gasolina eta gasolioa darabiltenak %1 eskas bana dira.

Kopuru horietara iritsi gabe, auto elektrikoak aurten matrikulatutakoen %41,4 izan dira Islandian; %28,2 Suedian, eta %17,4 Danimarkan. Hau da, elektrifikazioa Eskandinavia aberatsean doa bizkorren, eta motelago hegoalde eta ekialde pobreagoan.

Diesela, %16,8 baizik ez

Auto mota horien hedapena erreketa motorra dutenen kaltetan gertatzen ari da. Oraindik orain gasolina erretzen duten autoak nagusi dira merkatuan —saldutako auto berrien %36 izan dira urtearen lehen hiruhilekoan—, baina haien kuota txikitzen ari da, beren salmentak %40 egin baitu behera.

Diesel motorren kuotak ere koska bat egin du behera, eta %16,8 baizik ez dira gaur egun.EBko merkatu nagusietan eroriko handiak izan ditu dieselak2022aren hasieran: -%44,1 Frantzian, -%39,2 Italian, -%30,8 Espainian eta -%20,2 Alemanian.

Hain zuzen ere, aste honetan jarri diote heriotza data errekuntza motorrari: 2035etik aurrera, debekatuta egongo da Europako Batasunean gasolioa edo gasolina erretzen duen auto berririk erostea.

Eztabaida luze baten ondoren, asteazken goizaldeko lehen orduetan finkatu zuen data hori Europar Kontseiluak. Alemania izan zen eskatzailea, kontinente osoan auto industria boteretsuena duen herrialdea. Europa erdialdeko eta hegoaldeko beste gobernu batzuek 2040ra atzeratu nahi zuten erabakia, beren herrialdeetan autoen elektrifikazioa motelago doala argudiatuta, baina Alemaniaren iritziak pisu handia izan zuen, azken finean hangoak baitira autogile gehientsuenak (Volskwagen, Mercedes, BMW...).

Edonola ere, errekuntza autoak saltzeko azken urtea 2035a izateak ez du esan nahi urte horretara arte iraungo dutenik merkatuan. Izan ere, data hurbildu ahala, kontsumitzaileek interes txikiagoa izango dute halako auto bat erosteko, espero izatekoa baita beren balioa asko gutxituko dela bigarren eskuko merkatuan. Autogileek errekuntza auto gutxiago eskainiko dituzte hemendik urte gutxira, behin beren ekoizpen katea auto elektrikoak egiteko birmoldatzen dutenean. Hortaz, litekeena da errekuntza autoen amaiera 2030ko hamarkadaren lehen urteetan gertatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.