Koronabirusa. Ikasturte hasiera Nafarroan

Nafarroan segurtasun tartearekin eta maskarekin hasi dute ezohiko ikasturtea

Nafarroako Gobernuak 47 milioi euroko inbertsioa egin du hezkuntzan. Espainia gurasoen baimenak berraztertzen ari da

Haur bat, atzo goizean, Iruñeko eskola batera sartzen. JESUS DIGES / EFE.
Maider Galardi
2020ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Ez besarkadarik, ezta gurasoen azken bultzadarik ere eskola aurrean. Maskara jantzita eta ahalik eta modurik antolatuenean egin zuten eskolarako sartzea milaka haurrek atzo goizean, Nafarroan. Koronabirusaren ondorioz, martxo erdialdean eten ziren aurrez aurreko saioak, eta, sei hilabeteren ostean, itzulera ez da arrunta izan. Sei urtetik gorako haurrek maskara jantzi behar dute derrigor —txikiagoek gelan ez, baina gune komunetan jantzita eraman behar dute—, baita irakasleek ere. Distantziak errespetatzea, zuzeneko kontakturik ez edukitzea... Ez da erronka txikia, baina hezkuntza zentroak jarri dira martxan, eta Nafarroako Gobernuak heziketa guneekin osatutako protokoloa abian da. Horretarako, 47 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du gobernuak.

Nafarroako Gobernuak aurreratu zuen hainbat baliabide emango zituela, egoera errazago kudeatzeko. Besteak beste, 666 irakasle, jantokietarako 200 bat langile gehiago eta garbitzaileen errefortzuak iragarri zituen. Gainera, lau egoera epidemiologiko diferenteren araberako planak ere osatu dituzte, eta jakinarazi dute ausazko PCR probak egingo dituztela datorren astean.

Ikasturteari ekiteko neurri zehatzak ere proposatu dituzte: Haur Hezkuntzako taldeetako kopurua gutxitu dute —hogei haur elkartu ahal izango dira—, baina ez dituzte beste ratioak aldatu. Gainera, urte osoan eskola jarraituak ematea hobetsi dute. Eskolak itxiz gero, baliabide teknologiko gehiago emango dituela iragarri zuen Maria Txibiteren gobernuak: 9.000 ordenagailu, mila kamera eta 500 tableta.

Langileak haserre

Hezkuntza arloko langileak, ordea, kexu dira. Burlatako Askatasuna institutua, esaterako, protesta egin dute, ikasgeletan ikasle asko pilatuta daudelako, eta ez dietelako ahalbidetuko «ispilu gelak» antolatzea, kutsatze arriskua ekiditeko. LABek, berriz, salatu du jantokietako langileentzako murrizketak ekarriko dituela lanaldi jarraituak.

Bestalde, Espainiako Inklusio ministro Jose Luis Escrivak iragarri du aztertzen ari direla eri egoteaz gain, etxean egon behar diren haurren gurasoei gaixotasun baimena ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.