Koronabirusa. Zahar etxeak

«Datorkiguna ere ez da izango samurra»

Dozenaka lagun kutsatu eta hamabi egoiliar zendu dira Iruñeko Erruki Etxean. Proba masiboak berandutu izanak prebentzioa oztopatu duela gaitzetsi dute bertako iturriek.

Maite Asensio Lozano.
2020ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Euskal Herriko zahar etxerik handienetako bat da Iruñeko Erruki Etxea: 550 adineko bizi dira bertan, eta 87 urte dituzte batez beste. «Arrisku bolumen handia dugu hemen, baina baliabide asko ere bai, egoitza txikiekin alderatuta», aitortu du Mariano Pascal komunikazio arduradunak. «Aste latzak» igaro dituzte, «estres handikoak», baina berriki hasi dira kutsatutako eta gaixotutako egoiliar batzuen sendagiriak jasotzen. Birusa, ordea, ez da berehala desagertuko: «Orain, egunean egunekoa kudeatzen ari gara; ez dugu izan aurrera begiratzeko modurik, baina datorkiguna ere ez da samurra izango: txertorik gabeko gaitz bat daukagu, adinekoekin bereziki erasokorra dena, eta ez dakigu itzuliko den ala ez; nola konponduko dugu hori 70 urtetik gorakoei begira?».

Martxoaren 20an izan zuten lehen positiboaren berri. «Orduan proba batzuk egiten hasia zen gobernua, baina segituan eten zituen, pandemiaren goraldiarekin. Orain hasi gara analisi masiboekin, eta ikusi dugu egoiliarren %10-15 asintomatikoak direla. Hori hasieratik jakin izan bagenu, bakartze neurriak garaiz hartuko genituzkeen, eta askoz hobeto geundeke orain». Izan ere, 140 egoiliar izan dituzte infektatuta, eta 12 lagun hil dira. Langileen artean ere zabaldu da birusa: 300 beharginetatik 68 gaixotu dira.

Dena den, hasieratik hartu dituzte bakartze neurriak. «Gure logela gehienak bakarkakoak dira, ezkontideenak izan ezik. Hau ez da ospitale bat: egoiliarrentzat beren etxea da; beraz, ez da hain erraza mugitzea. Logistikoki ere oso zaila izan da logelak aldatzeko espazioak kudeatzea, garbiketa antolatzea eta halakoak». Apurka, lortu dute espazio batzuk libratzea, sintomarik gabekoak hotel batera bidaliz, eta familiei ere aukera emanez egoiliarrak behin-behinean etxera eramateko. «Horrek erraztu egin digu egoitzan bakartzeak malgutasun handiagoz egitea eta zonaka antolatzea».

Kutsatutako egoiliar batzuk zentroan artatu ahal izan dituzte: talde mediko propioa du egoitzak, baina indartu behar izan dute. «Erizaintzako ikasleei laguntzaile aritzen utzi diete; krisi handienean zailtzea egokitu zaie». Langileen trebakuntza ere moldatu behar izan dute: «Zahar etxeetako jarduna egoiliarrekiko kontaktu zuzenean oinarrituta dago, baina kultura ospitalarioagoa ezarri behar izan dugu».

Ingurukoen laguntzaz

Duela 300 urte sortu zen Erruki Etxea, Iruñeko Udalaren eskutik, baina, egun, fundazio pribatu bat da, eta orain ez du itundutako tokirik. Pascalen hitzetan, esperientziak eta errotzeak ere haien alde jokatu du, adibidez, babeserako materiala lortzeko: «Nafarroako egoitzek erosketa kolektibo bat egin genuen, baina, Bartzelonan atzeman, eta osasun sistemara bideratu zuten materiala. Zorionez, inguruko pertsona eta instituzio askoren laguntza jaso dugu hornitu ahal izateko».

Pascal sinetsita dago gertatutakoak «lezio asko» utziko dituela, baina uste du sektorea indartuta aterako dela: «Azken urteetan bilakaera handia izan da profesionalizazioan, ikuskaritzan eta halakoetan, eta horretan jarraituko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.