Gehiengoaren babesa Ulman eta Oronan

Hermetikoak: horrelakoak izan ziren Orona eta Ulmaren batzarrak. Ia bazkide guztiek uko egin zioten hedabideekin hitz egiteari, eta Oronak debekatu egin zuen bere barrutian argazkiak eta bideoak egitea.

Oronako bazkideak, batzarrera iristen. JON URBE / FOKU.
Maddi Iztueta Olano - Iñaut Matauko Rada
2022ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Autobusak joan eta etorri ibili ziren atzo Illunben (Donostia) eta Galarretan (Hernani, Gipuzkoa), kooperatibistak Ulmaren eta Oronaren ezohiko batzarretara garraiatzeko. Euri zaparrada batek eman zien ongietorria, eta, iritsi bezain pronto, aterpe bila ibili ziren aterkirik ez zuten asko.

Ulma kooperatibako 2.800 bazkidek Illunbeko zezen plazan izan zuten hitzordua, Mondragon korporaziotik irten ala ez erabakitzeko. «Irtetearen alde gaude langile gehienak», aurreratu zuen bazkide batek, eta bete-betean asmatu. Izan ere, bazkideen %80,52k egin zuten irtetearen alde.

Bazkideak oldeka iritsi ziren bozketa gunera. Autobus eta auto ilara luzeek bete zuten Illunbe ingurua. Zigarreta bat, bi, enpresaren etorkizunak bide bat ala beste hartu aurreko istantean. Iritzia emateari muzin egin zioten askok, baina zenbait ausartu ziren bozketaren aurreko inpresioak kontatzera.

«Ez dakizkigun gauza asko daude: ziurgabetasun handia dago», zioen Ulmako langile batek. Beste batek itxaropentsu begiratzen zion etorkizunari: «Denbora gutxi daramat Ulman, eta ez dut historia errotik ezagutzen, baina irten egingo garela uste dut». Haren arabera, kooperatibaren «onerako» izango da erabakia.

«Tentsioa egon da»

Oronaren Galarretako batzarrean (Hernani, Gipuzkoa) bozketa amaitu bezain laster, bazkide batek adierazi zuen «tentsioa» egon zela, «bilera guztietan bezala», baina «ondo» joan zela. Beste langile batek esan zuen tentsio handirik ez zela egon, «eztabaida» baizik, eta gehitu zuen positiboa dela korporaziotik irtetea.

Biltzarra hasi baino ordu eta erdi lehenago hasi ziren bazkideak iristen, eta inguruko kafetegietan bildu ziren sartzeko ordua iritsi arte, euritik ihes egin nahian. Ia inork ez zuen batzarrari buruz hitz egin nahi, batek izan ezik. Korporazioa uztearen aurka zegoen, eta gehitu zuen Orona «azkarregi» egiten ari dela prozesua: «Ez zait gustatzen nola egiten ari den. Beste kooperatiba batzuekin lotutako kooperatiba bat da, eta hala jarraitu beharko luke». Oronakerabili dituen arrazoi batzuekin ez zegoen ados: «Gauza batzuekin ados nago, baina beste zerbait dagoela uste dut. Prozesuaren azkartasunak harritzen nau. Espiritu kooperatibista hori mantendu behar da», zioen.

Lau ordu inguru eman zituzten Oronako bazkideek biltzarrean. Kanpotik barruko hotsak entzuten ziren, eta, bozketaren emaitzak eman ostean, txalo zaparrada bat entzun zen Galarretan. Jendea, orokorrean, pozik eta irribarretsu atera zen eraikin nagusitik, eta auto eta autobusetan sartu ziren bide berriari ekitera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.