Sarrionandia Euskal Herrian

ZURE ONDOAN KOBLAKA

1970eko hamarkadan jaiotako idazle ezagunak dira Kirmen Uribe, Harkaitz Cano, Irati Jimenez eta Eider Rodriguez. Irakurleak ere badiren aldetik, Joseba Sarrionandiaren literaturak sortu dizkien zirrarari eta erakarpenari buruzko zertzeladak eskaini dituzte.

BERRIA.
Gorka Arrese.
2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Laudatua, kantatua, antzeratua, euskal idazle irakurrienetakoa da Joseba Sarrionandia (Iurreta, Bizkaia, 1958) genero askotan: poesia, ipuina, eleberria, saiakera, itzulpena. Arreta berezia jartzen zaie beti bere liburuei, eta arrastoa uzten dute.

Pott bandako kidea zen 1978an. Anaitasuna eta Zeruko Argia aldizkarietan idazten zuen noizean behin. Izuen gordelekuetan barrena (1981, poesia), Narrazioak (1983, ipuinak) eta Ni ez naiz hemengoa (1985, saiakera) liburuak argitaratuta zeuzkanean eta presondegitik ihes egin zuenean, 27 urte besterik ez zuen. Garai hartan gaztetxo batzuk ziren Kirmen Uribe, Harkaitz Cano, Irati Jimenez eta Eider Rodriguez (15, 10 eta 8 urteko); 1970eko hamarraldian jaiotako idazle hauek gonbidatu ditu BERRIAk orain, Sarrionandiaren literaturaz solas egitera, distantzia apur batez eta belaunaldi ezberdin baten perspektibarekin.

«Eredugarria izan da gure belaunaldiarentzat. Asko kopiatu diogu, ongi eta gaizki, ulertuta eta ulertu gabe», aitortu du Canok. «Agian herrenak ere kopiatu dizkiogu batzuetan, diogun debozioarengatik. Euskaraz idazteak zer esan nahi duen eta euskal idazle baten zeregina zein den gutxik bezala ulertu duen norbait dela uste dut; zentzu horretan ere bada eredugarria».

Lehendabiziko irakurketak

Uribek institutu garaian irakurri zuen Izuen gordelekuetan barrena. «Anaia nagusiak ekarri zuen etxera, eta lapurtu egin nion, kamiseta bat lapurtzen den moduan. Geroztik nirekin eraman dut liburua, orain ere hemen daukat New Yorken». Eztanda poetiko bat izan zen beretzat, erreferentzia ugariko leihoak ireki zizkion. «Hortxe daude Gilgamexen klasikotasuna eta Vladimir Holanen abangoardia, denak batera». Garai bertsuan irakurri zituen Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak (1985) eta Narrazioak, baina Ni ez naiz hemengoa liburuak hunkitu zuen bereziki, kartzela barruan nola irakurtzen ote zuen hainbeste, eta iturri ezberdinetatik: «Jakin-min eta ezagutza handia azaltzen ditu».

Canok batxilergoa ikasten ziharduela, irakurtzeko eman zioten Narrazioak. «Estazioko begiradak, Ginebra erregina erbestean... Edgar Allan Poe eta Julio Cortazar irakurtzen nitueneko zirrara bera eragin zidaten, prosa poetiko hark erabat harrapatu ninduen. Gehiago nahi nuen».

Jimenezek ere batxilergoan irakasleak aginduta irakurri zuen. Narrazioak lehenik, Atabala eta euria (1986) gero. «Lilura berriak deskubritu nituen, ate bat zabaldu zen nire irudimenean, zirraragarria, eta zubi bat ikusi nuen, helduentzako eta haurrentzako literaturaren magiak uztartzen zituena». Miragarria iruditu zitzaion Galahaad, Fool eta Ginebra erregina Durangaldean topatzea, Isurtzako etxe zahar batean. Eta orduan bigarren ezustekoa: «Ginebra erreginak irratia isetzen du eta gero amatatu. Harrituta geratu nintzen: noiz gertatzen zen kontakizun zahar hura? Miratuta nengoen, nola dagoen kontatuta, bizkaieraren sustraietatik datorren euskara batean. Irrati hori gure literaturaren objektu totemikoa da niretzat. Beste mundu batzuetatik datorren seinale bat dakar. Seinale magiko eta unibertsal bat, geure-geurea eta boterez betea, bizirik gaudela esaten diguna».

Rodriguez Ni ez naiz hemengoa liburuaz akordatzen da, 16 urterekin irakurria. «Ez nuen horrelakorik inoiz irakurri. Batetik, Kafka, Maiakovski edo Nietzsche; bestetik, Joxe Migel Barandiaran, Milia Lasturkoa edo Jon Mirande. Txinako edo Al-Andaluseko kondairak nahasten ziren euskaraz kolore izenek esan nahi dutenarekin. Biolentziaren inguruko gogoetak hizkuntzaren ingurukoen aldamenean emanak zetozen. Eta tartean, Sarrionandiaren eguneroko zatiak, kartzelari edo albistegiei lotuak. Inpaktu handia egin zidan». Liburu hura irakurri arte, Rodriguezentzat toki estanko batean zegoen euskal literatura, mundutik aparteko bitrina batean, aratza eta aspergarria. «Eta antzera sentitzen nuen euskara ere. Liburu hau, ordea, beste nonbaitetik idatzita zegoen: zikina, arriskutsua eta konplexua zen mundu batetik».

Inteligentzia eta xarma

Genero guztietan dela fina, hala iruditzen zaio Uriberi. «Idazle konpletoa da Sarri. Nolanahi ere, poesiarako eta pentsamendurako tasun handiagoak ikusten dizkiot, fikzio hutserako baino». Mugarritzat dauka Hnuy illa nyha majah yahoo (1995). «Erraztasun handia du irudi poetikoak sortzeko: 'nire ametsak ez dira habia abandonatuak besterik ene bihotzean', 'zerua itsaso zikin bat da'. Maisua da horretan». Begirada zorrotza eta inteligentzia bizia azaltzen ditu haren poesiak, Uriberen ustez. «Eta gero xarma dago, Nabokovek berebizikotzat zuen elementu lauso eta zail hori; xarmaren jabe da Sarri, eta badaki noiz eta nola erabili».

Poesiaz bezainbatean, Jimenezi gogora etorri zaio Igor Estankonak azaldutako ideia bat. «Igorrek zioen sasian zebilen herri baten kontzientzia eta gustu etikoa moldatu zituela Josebaren poesiak, eta nahi gabe ere haren poesia imitatu zutela askok. Gabriel Arestirekin gertatu zen, poesiaren korronte zabal batentzat ezinezko bilakatu zela arestieraz ez egitea, eta Sarrionandiarekin, sarrionandieraz ez egitea».

Medium izaera azpimarratu nahi du Canok. «Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak besapeko liburua izan zen niretzat, ez soilik liburuarengatik beragatik, baita Sarrionandiaren jarreragatik ere. Idazlearen eta itzultzailearen arteko mugak lausotzen ditu hor; avant la lettre, hipertestu bat zen hura». Ondoren Hitzen ondoeza liburua hartu du esku artean. «Berdin, dioenean, nork bere hiztegia sortzea dela geratzen zaigun azken plazeretako bat. Apokrifoekiko eta heteronimoekiko lilura Sarriri zor dizkiogu guk, Borgesi edo Pessoari baino gehiago».

Rodriguezi poeta aparta eta saiakeragile bikaina iruditzen zaio Sarrionandia.«Baina, hara!, nolakoak diren gauzak, bere liburu guztien artetik bakarra aukeratu behar izatekotan, Lagun izoztua (2001) eleberria aukeratuko nuke».

Jimenezentzat ere orrialde dotoreak daude Lagun izoztua nobelan; «izotzezko eremu mortuan barrena doazenean, adibidez, irakurlea horditzeko moduko edertasuna agertzen da». Dena den, ipuinak dira harentzat Sarrionandiaren «botere iturri nagusia». Ipuingintza modernoaren atea zabaldu zuela iruditzen zaio. «Fundazionala da narratiba laburraren arloan, eta ez dut uste hori aitortu zaionik. Gure literatura garaikidean, bera izan da ipuin kontalari magikoen genealogia inauguratu duena. Kontua da ez diogula ipuinari baliorik ematen, literatura heldugabea dugulako, eta oso antimodernoak garelako».

Estiloaren josturak

«Sarrionandia zorrotza da, ludikoa izateari utzi gabe; gordina izan daiteke, samurtasunari uko egin gabe», halaxe definitzen du Canok idazlearen tonua. Asko gustatzen zaio haren erudizio jostaria. «Gure autore jantzienetakoa izanagatik ere, aratzak dira bere testuak. Miniaturaren sena eta zentzu miresgarria dauzka, lehen koadroetan jokatu, dibertitu eta erabakitzeko gaitasuna». Izenburuei ere erreparatzen die Canok: «Liburuen tituluak irakurtzea nahikoa da bere literaturarekin maitemintzeko. Ia beti dago zeharkako irribarre bihurri bat».

Hizkeraren ederraz mintzo da Rodriguez: «Gogoan dut, aurreneko aldiz irakurri nituenean beilegi eta errime, eta haien testuinguruak. Hitzei eta esaldiei bueltaka aritu nintzen karameluak balira bezala, zer iradokitzen ari ziren asmatu nahian. Gero, adiera ezagutu nuenean, erabili egin nituen nire lehenengo idatzietan; horiek eta Iparraldeko beste zenbait esamolde ere bai. Alde batetik, zirrara sortzen zidan estiloak; bestetik, irekiera imitatu nahiko nuen, segur aski».

Bizkaieraren sustraietatik hartzen dituela lirikotasuna eta adierazkortasuna, eta Iparraldeko idazle klasikoetatik esaldien egitura eleganteak, ia arkitektonikoak, esan du Jimenezek. «Bi dohain horiei esker gai da edozein euskalkiren magia konbokatzeko eta bere ahotsa narrazio bakoitzaren ezaugarrietara moldatzeko. Iparraldeko zein hegoaldeko hitzak hartu ditzake, ezagutza oso zabala daukalako, eta mendebaldera zein ekialdera begiratu dezake behin ere ekibokatu gabe». Jimenezek uste du euskal idazleek gainbaloratu egiten dutela daukaten hizkuntzaren ezagutza eta azpibaloratu, aldiz, hizkuntzaren musikaltasunaren garrantzia. «Sarrionandiaren estiloaren dohain nagusia, estilo bikain guztiena bezala, belarria da. Eta hark belarri ahalguztiduna dauka, ez du hutsik egiten. Modu hain ederrean obratzen du zailtasun hori, ez baita ahalegina ikusi ere egiten. Bikaintasunaren froga da».

Sarrionandiak euskal tradizioa eta kanpokoa bereganatu nahi izan dituelakoan dago Uribe, ahots propioa lantzeko. «Bestearengan aurkitzen du norbera». Bi idazle mota bereizi ditu Uribek: «Idazle Rembrandta eta idazle Van Gogha. Lehena ahalegintzen da ofizioa ahalik eta hobekien gauzatzen; aurretik izandako guztien ezagutza dago haren lanean. Bigarrenak ofizioa bera berrasmatu nahi du, goitik behera eraldatu. Sarri bigarren talde horretakoa da, baina betiere tradizioa ezagutuz. Idazle onaren prestigioa eta herriaren maitasuna, bi-biak lortu ditu Sarrik, eta hori idazle oso gutxik erdiesten dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.