Elkar zorionduz, goratuz, eta elkarrekin bizi izandako makina bat une eta anekdota gogoratuz. Halaxe pasatu dituzte azken egunak Jokin Altunak eta Erik Jakak. Lagun minak izanik, espero zitekeen halakorik. Elkarrekin ere entrenatu ziren herenegun. Baina kito. Altunak berak BERRIAri iragarri zion bezala, mugarri izan da igandeko buruz buruko finalaren pilota aukeraketaren bezpera. Atzo azaldu zuenez, ez zuten hitz egin finalaz. Entrenatu besterik ez ziren egin. Finala jokatzen hasiak ziren.
[youtube]https://youtu.be/MXQZsRmWWsk[/youtube]
Eta atzo osatu zuten lehen egitekoa finalari begira: pilotak aukeratu zituzten, Bilboko Miribilla frontoian. Kantxara irten bezain laster utzi zituzten bazter batean lagun handi baten aurka jokatzeak eragindako sentimendu festa. Euren jokoa egiteko eta aurkariari min handien egiteko pilotak aukeratu behar zituzten. Azkar egin zuten, saskian zegoena gustuko izan zuten seinale. Jakak amaitu zuen aurrena lana. «Sorta oso ona zen. Denetarik zegoen, biziagoak, baxuagoak, eta segituan topatu ditut nahi nituen pilotak: frontisean oso biziak ez direnak, baina biziak direnak zorua ukitzean. Jokinenak ere gustatu zaizkit». 104,8 eta 105,1 gramoko pilotak aukeratu zituen. Altuna III.a ere «gustura» azaldu zen, bai hark aukeratutako pilotekin, baita Jakak hautatutakoekin ere. Pisu gutxiagokoen alde egin zuen: 104,6 eta 104,7 gramokoak.
Amezketakoak (Gipuzkoa) seigarren finala du, bigarrena buruz burukoan. Lizartzakoak (Gipuzkoa), ordea, lehen finala du. Alde handia dago. Horrek faborito egiten duen galdetuta, Altuna III.ak hark buruz buru jokatutako aurreneko finala ekarri zuen gogora, 2018an, Aimar Olaizolari irabazitakoa. «Nik lehen finala nuen buruz buru, eta Aimarrek hamargarrena. Eta txapelketa guztiak kontuan hartuta, nik bigarren finala nuen, eta berak 25.a. Eta irabazi egin. nuen. Estatistikek ez dute partidarik irabazten».
Badaki zeintzuk diren Jakaren indarguneak: «Asko ari da sakatzen; eskuinarekin biparetak egiten asmatzen ari da; eta airez, beti izan da indartsua. Oso txapelketa osoa egiten ari da». Argi du non egongo den gakoa: «Final honetan agintzen ez duenak ez du irabaziko. Garrantzitsua izango da agintzea: pilotari abiadura ematea eta partidaren erritmoa nik zehaztea».
Ilusioz gainezka
Halako partidatan eskarmenturik ez, baina ilusioa soberan du Jakak. «Oso pozik ari naiz bizitzen astea. Bi pilotari bakarrik irits daitezke finalera, eta zoriontsu naiz haietako bat naizelako. Igandea ailegatzeko gogoz nago. Ondo nago. Ea txapela Lizartzara eraman dezakedan».
Jakak ere funtsezkotzat jo zuen partidan agintzea: «Bere jokoa ondoen egiten duenak eta ekimena eramaten duenak asko izango du irabazia. Jokatzen ari garen erritmo bizia kontuan hartuta, defentsako lanean denbora asko eginez, oso zaila da irabaztea. Nik argi dut zer egin behar dudan Jokini min egiteko: nire armak erabili. Jokin ez da eskasa ezertan. Ezin dut oparirik egin, eta aukerarik txikiena aprobetxatzen saiatu behar naiz».
Hasi dira finala jokatzen
Jokin Altuna eta Erik Jaka gustura azaldu dira igandeko finalerako pilotekin. Biek funtsezkotzat jo dute lehian agintzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu